«Izan eta ez izan, aldi berean eta inoiz ez; horra hor gakoa»
Izenburua Juan Kruz Igerabideren «Parmeniada» poemako esaldi bat da. Poesia luze honetatik hasi eta Joxe Azurmendik hainbat herrialdetako hilobiak ikusi eta konparatzeko egindako bidaiara, filosofiaren eta poesiaren inguruko gogoetaz betea dago Jakin Irakurgaiak saileko azkeneko liburua, 43.a. Igerabide eta Azurmendiren testuez gain, Juan Ramon Makuso, Jose Inazio Lasa, Javier Aguirre, Felipe Juaristi eta Maider Etxanizen idatziak biltzen ditu.
Maider IANTZI | DONOSTIA
«Argitzen ez gaituen poesia, maitemintzen ez gaituen jakintza, zertako on?/ Poesia bere betean jakintza da,/ jakintza bere betean, poesia:/ edertasunetik egiarantz doa hura,/ egiatik edertasunera, hau». JosAnton Artzeren poemaren gai bera du Joxe Azurmendik argitaratutako eta kongresu batean jaiotako «Filosofia eta poesia» liburuak.
2010ean Ontologiako IX. Nazioarteko Kongresua egin zuten Donostian eta Bartzelonan, EHUk eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak antolatuta. Juan Ramon Makuso euskarazko atalaren arduradunak oroitarazi zuenez, artista, filosofo eta zientzialari handietakoak bildu ziren Donostian, aretoa bete egin zen, bereziki ikaslez, eta «gauza borobila» atera zen. Handik denbora batera, Azurmendik erran zion pena zela pentsamendu hori guztia hor gelditzea, eta prest zegoela Jakin sailean bildu eta argitaratzeko. Hala, lehendabiziko aldiz kaleratu dute, aktetatik kanpo, kongresuko gai bat euskaraz.
Azurmendiz eta Makusoz gain, Igerabidek, Jose Inazio Lasak, Javier Aguirre eta Felipe Juaristik hartu zuten parte mahai-inguru eta hitzaldietan, eta hortik kanpoko bi idazki erantsi dizkiote liburuari, Maider Etxanizen azterketa existentzialismoak euskal literatura modernoan egin duen ekarpenaz eta Azurmendiren hilobiz hilobiko bidaia poesia eta filosofia bila. «Ekarpen bat da euskal pentsamenduan, baita poesiagintzan ere», laburbildu zuen Makusok.
«Filosofia eta poesia aipatzen dizuten orduko, Heidegger eta Holderlin da edozeini burura lehenengo datorkiona, nik uste: filosofo alemanak, arrazoimen modernoaren krisian, poetarengan bilatzen du laguna edo itsumutila etorkizun ilunerantz bidean. Daseinaren [existentzia] munduan gaua baita; eta, itzalia jada metafisika, filosofian ilun dago berriro», halaxe hasten du Azurmendik bere idatzia. «Bestetik, Heidegger eta Holderlin aipatu orduko, edozeini burura datorkiona berriro Platon eta Homero da, doi-doi antitesia».
Borrokan
Filosofia eta poesia elkarrekin ari dira borrokan; Platon ordura arteko poesiaren kontra dabil, Homeroren aurka. Baina metafisika hiltzean, Jainkoa hiltzean, pentsamendu berri bat jaiotzen da: «Filosofiak poesiara itzuli behar du intuizioz lortzen ez duena poesiak eman diezaion».
Zegamako idazlearen bigarren lana, aldiz, bidaia bat da. «Ez dakit zuek halako zaletasunik duzuen, baina niri gustatzen zait hilobietan jendeak zer jartzen duen begiratzea eta konparatzea». Normandiakoak, Italiakoak, Alemaniakoak edo Euskal Herrikoak desberdinak dira, eta horietan barrena emaztearekin batera egin zuen buelta kontatzen du: Walter Benjamin Port Boun, Antonio Machado Colliouren, Paul Valery Seten...
Benjamin naziengandik ihesi iritsi zen Portboura, muga menditik isilka igarota, Portugalera eta AEBetara segitzeko asmoz. Gaua pasatzeko hotelean polizia espainola agertu zenean, ordea, naziei eskuetan utziko zuten beldurrez, bere buruaz beste egin zuen. Machadok alderantzizko bidea egin zuen; Iparraldera alde egin zuen frankistengandik ihesi. Bere hilobian loreak eta txanponak daude: pezetak, hogerlekoak... Eta bi orri zuri, harriekin zapalduta haizeak ez eramateko. «Caminante, son tus huellas/ el camino.../ se hace camino al andar», Joan Manuel Serratek ezagun egin zituen hitzak daude batean. Eta bertzean: «Al olmo viejo, hendido por el rayo...». Biak buruz ikasi arte irakurri zituen Zegamakoak gazte zela, eta orain, horiek oroitzean, «eternitate bat» pasa dela iruditzen zaio.
Donostian egindako nazioarteko kongresua «borobila» atera zen. Artista, filosofo eta zientzialari handietakoak bildu ziren eta aretoa bete egin zen. Pentsamendu hori guztia hor gelditzea pena zela pentsatu zuten.
Felipe Juaristi ezaguna da poeta izateagatik, baina gutxik dakite presokratikoen euskarazko itzulpena landu duela. Berarentzat, hagitz zaila da filosofia eta poesia bereiztea. Adibidez, Platonen testuak poesiaz eta metaforaz beteta daude. Nietzschek ere anitz lantzen zuen hitza, pentsamenduak adina garrantzia zuen. «Filosofiak mundua ideien bidez interpretatu behar du; poesiak, mundua esan, adierazi. Gero eta lotura handiagoa ikusiko dugu bien artean», adierazi zuen. Maider Etxanizek, aldiz, literaturak existentzialismoaren baitan duen garrantziaz eta existentzialismoa ulertzeko modu ezberdinez idatzi du. Euskal Herrian izan duen eragina aztertu du, bereziki Txillardegirengan eta Xabier Leterengan. «Existentzialista abertzalea naiz», erran zuen «Leturiaren egunkari ezkutua»-ren egileak. Bertako protagonista izan zen euskal literaturan lehendabiziko pertsonaia gatazkatsua. Unamunoren eragina izan zuen Txillardegik eta egile hau ere hautatu du Etxanizek lanerako. Preexistentzialista izan zen, garaia baino lehen hasi zelako existentzialismoaren gaiak eta tonua erabiltzen. M. I.