Atez atekoa ezartzeko parte hartze prozesuak martxan jarriko ditu Bilduk
Aurretik Oiartzun, Usurbil, Hernani eta Antzuolan egin bezala, atez ateko hondakinen bilketa burutzeko pausoa eman duten 34 udaletan herritarren parte hartzea bultzatuko dutela jakinarazi zuen atzo Bilduk. Era berean, PSEk eta EAJk izandako jarrera gogor salatu zuten.
Ana ABARIZKETA | DONOSTIA
Oposizioko taldeek atez ateko hondakinen bilketaren kontrako ekimenen berri ematen duten bitartean, 34 udalerrik hartutako erabakia berretsi eta parte-hartze prozesuak martxan jarriko dituztela iragarri zuen atzo Bilduk. «Inork ez dezala inongo zalantzarik izan Bilduk herritar guztien kezkak eta zalantzak argituzko dituela eta guztien iritzia kontuan hartuko duela». Prozesu hori aurretik Hernanin, Usurbilen, Antzuolan eta Oiartzunen egin bezala egingo dela jakinarazi zuten.
Parte-hartze prozesuen nondik norakoaz galdetuta, Usurbilgo kasua ekarri zuten gogora. Duela hiru urte, 5.000 biztanle ingururekin 500 lagun inguruko batzarrak egin zirela gogorarazi zuten. Batzar horietan sortutako eztabaida dinamiketatik, eta herritarrek hala erabakita, hondakinak jasotzeko zerbitzua egunez egitea erabaki zuten, hasiera batean asmoa gauez jasotzea bazen ere.
Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak eta Ainhoa Intxaurrandieta Sanmarko Mankomunitateko lehendakariak Donostian emandako prentsaurrekoan, azken asteetan hainbat eragilek izandako jarrerak ez duela «ez hanka eta ez bururik» salatu zuten, PSE eta EAJ aintzat hartuz.
Hala, Denis Itxasoren (PSE) hitzak ekarri zituzten gogora, azken asteetan errauste plantak alternatibarik ez duela adierazi baitu, eta hau eraiki ezean Gipuzkoa «kolapsatu» egingo dela. Hala ere, gaur egun herrialde honetan PSEko hondakinen arduraduna den horrek 2006an esan zuen «errausketaren planteamenduak porrot» egin zuela eta ez zuela inolako etorkizunik. Beraz, azken urte hauetan «horrelako aldaketa politikoa eragiteko» zer gertatu den galdetu zioten Itxasori. Haren taldekide Odon Elorza ere, urte haietan, EAJri gaika birziklatzearen eta erraustearen inguruan «aholkuak ematen» aritzen zela gaineratu zuten.
EAJ izan da, hala ere, Bilduko ordezkarien iritziz, «gehien zorabiatu den alderdia». Gogorarazi zutenez, «dozenaka» galdeketa eskaera egin izan dituzte herri mugimenduek, alderdi hori agintean izan den bitartean, eta horien aurrean ezezkoa erantzun izan duela beti. Gainera, «askotan» Ertzaintza ere bidali izan dute galdeketak eskatzen ari ziren herritarrei oldartzeko, gaineratu zutenez.
Horrekin batera, Zubietako errauste planta ez eraikitzeko eta hondakinen lege bat eskatzeko bildutako 35.000 sinadurei EAJk «kasurik ere ez» diela egin esan zuten. «Eta ez hori bakarrik, gogoratu behar da Usurbilek ezetz esan ziola errauskailuari galdeketa batean, baina EAJk gaur egun errauskailua bertan jarri behar dela jarraitzen du esaten. EAJk Usurbilen errespetatzen ez duena ez du errespetatuko ez Debagoienan, ez Zarautzen, ez inon».
EAJk eta PSEk herritarren interesen aurretik eraikuntzako sektoreen lobbyak babestu dituztela, eta hain justu, Denis Itxaso eta Markel Olanoren jarrera aldaketaren arrazoia horixe dela ondorioztatu zuten. Baina Bildukoek nabarmendu zutenez, Gipuzkoako jendartea jokabide honetaz «aspaldi jabetu zela» azken bi hauteskundeetan ikusi den bezala.
Euskal Herritik kanpo, Katalunia, Galizia eta Andaluzian esaterako, atez atekoaren aldeko jarrerak egunetik egunera «gero eta gehiago» direla aldarrikatu zuten. Amaitzeko, EAJri eta PSEri «interes partidistak alde batera utzi eta hondakinen arazoari irtenbideak bilatzen hasteko» mezua helarazi zieten, «eta horrela bada, seguru elkar ulertzen hasiko garela».
Beste alternatibak badaude
Bestalde, Larraitz Ugarte Gipuzkoako Diputazioko bozeramaileak atzo jakinarazi zuen Gipuzkoako hondakinak Bizkaira eramateko bi erakundeek duten hitzarmena ez luzatzea erabakiz gero, arazoa ez litzatekeela handia izango, izan ere, beste alternatiba batzuk badaudela esan zuen. Izan ere, Ugartek azaldu zuenez, Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbao «errepikakor samarra» izaten ari da, hitzarmenaren berritzea behin eta berriz baldintzatzen duenean errauste plantaren eraikuntzarekin.
Gogorarazi zutenez, jeltzaleek herri galdeketak eragotzi izan dituzte, AHTren gainekoak Anoetan, Elorrion, Alegian, Itsasondon eta Aramaion, edota Urumeako autobiari buruz, Urnietan, edota Lemoizko zentral nuklearrari buruz.
Egun PSEko hondakinen arduraduna den Denis Itxasok 2006an egindako elkarrizketa batean adierazi zuen errausketaren planteamenduak porrot egin zuela, eta alderdia ez zegoela errauste plantaren alde.