«Gure hiztegi magikoa» eta «Pirata Ximon», jolastuz irudimena pizteko
Maider IANTZI | DONOSTIA
Aizkorri argitaletxeak bost urtetik gorako haurrentzako hiru liburu aurkeztu zituen atzo, «Gure hiztegi magikoa», «Pirata Ximon» eta «Karramarro bat buruan». Lehendabizikoak Pello Añorgaren testuak eta Jokin Mitxelenaren marrazkiak ditu, eta izenburuak iradokitzen duen bezala, hitzekin magia egiteko eta jolasteko da. Añorgak kontatu zuenez, hitz magikoak biltzen hasi zen egun batean, orain dela hogei bat urte; ipuinak kontatzerakoan erabiltzen zituen, eta orain liburua osatu du horiekin, ahoz gora irakurtzeko eta partekatzeko liburua.
«Belarria erabili behar da; ez badugu erabiltzen, ez gara sartuko ipuinaren barruan», nabarmendu zuen egileak. Eta aitortu zuen bere obsesioa dela belarriari garrantzia ematea, bai liburuetan bai eguneroko bizitzan. Lehendabiziko irakurleek, bai eta gazteagoek ere, gozatu ederra hartzea espero du oiartzuarrak.
«Pirata Ximon», Josu Waliñok idatzia eta Eider Eibarrek ilustratua ere jolasarekin lotuta dago. Waliñok azaldu zuenez, haurrari irudimena erabiltzeko elementuak ematea izan da euren asmoa, istorioa gehiago garatzeko edo istorio paraleloak sortzeko. Piratek bezala, umeek irudimenarekin jolasteko ahalmena dute, eta hori bultzatu nahi dute, «istorioa beren eginez amets egiten jarraitu dezaten».
Azkenik, Karlos Santistebanek eta Leire Iparragirrek minbiziaren gaia lantzen dute «Karramarro bat buruan» istorioan.