Haizea BARCENILLA Arte komisarioa
Sindromea
Modernotasunaren itxura behar omen dugu. Kultura ekipamenduetan gero eta nahitaezkoagoa dirudi teknologia berriei men egitea: ukimenezko pantailak, irudi handi eta mugikorrak, soinu inguratzailea. Hori izan da behintzat San Telmo bisitatzerakoan, elizan ematen duten bideoa eta kokatuak dituzten baliabideak ikusterakoan pentsatu dudana. Munduari begira egoteko moderno eta irekia izan behar da; eta ikus-entzunezkoak irekieraren eta modernotasunaren sinonimotzat hartzen dira hortaz.
Akats potoloa, behin eta berriz errepikatzen den hau. San Telmon, ukimenezko pantailak dibertigarriak izan badira, baina edozertaz eta ezertaz hitz egiten digutelako, «munduko biztanle» izatearekin lotuta dauden gai oro izenez aipatu eta sakonean garatu gabe. Feminismoa. Terrorismoa. Arrazismoa. Emigrazioa. Atal bakoitzean lau datu, testuingurutik ateratakoak, eta bizi ditugun gertakizun sozial horien prozesuen eraketari buruzko inolako gogoeta gabeak. Hori bai, pantaila behatzekin handitu dezakezunez, eta izen horiek guztiak letra larriz agertzen direnez, modernoak gara.
Noizbait, agian, konturatuko gara ikus-entzunezkoak euskarria direla; eta benetan moderno egiten gaituena ez dela euskarria, mezua baizik, eta horrekin batera mezu hori kontatzeko erabiltzen ditugun gogoeta eta berrikuste sistemak: sakontasun eta konplexutasun mentala. Modernoago litzateke Gipuzkoako historia eta etnografia museologia proposamen alternatiboen bidez garatzea, hauen bisitaren bukaeran bideo eder pare bat jartzea baino. Baina berreraikuntzan itxurak nahiago izan ziren, eta itxurak geratu zaizkigu.