GARA > Idatzia > Kultura

Sektorearen diagnosia publiko egin dute euskal hedabideek

Iaz hasitako bideari jarraiki, herri ekimenez sortutako euskarazko hedabideek agerraldi bateratua egin zuten, atzo, Andoainen. Bertan, sektorearen diagnosia eta erronka komunak identifikatzen dituen dokumentua sinatu eta jendaurrean aurkeztu zuten.
p049_f01_149x097.jpg

GARA | ANDOAIN

Atzo, Andoainen emandako prentsaurrekoan, euskal hedabideek euskararen garapenean zein horren erabilera areagotzeko duten garrantzia nabarmendu nahi izan zuten. Bestalde, gogora ekarri zuten sektorearen pisu ekonomikoa, diru kutxa publikora 7 milioi eurotik gorako ekarpena egiten dutelarik.

Euskal hedabideek euskararen garapenean eta hiztun komunitatean duten funtzio garrantzitsua nabarmendu zuen Topaguneko Jasone Mendizabalek, eta laguntzarik ezean, hedabideak kinka larrian daudela ohartarazi zuen, horren erakusle aipatuz, azken urteotan itxi diren hedabideak: Ttipi-Ttapa Telebista, «Geu Gasteiz», «Txaparro», Esan-Erran Irratia eta «Nabarra», besteak beste.

Azpimarratu nahi izan zuten, halere, euskal hedabideak inguruko beste hizkuntza handietakoak baino hobeto egiten ari direla aurre krisiari: «Azken finean, ohituta gaude krisi betean aritzera, eta ondo baino hobeto dakigu belar motzean ibiltzea zer den», adierazi zuten Mendizabalekin batera azaldu ziren Berria taldeko Joan Mari Larrartek eta «Argia» aldizkariko zuzendari Xabier Letonak.

Sektore ekonomiko gisa ere pisua duen taldea dela nabarmendu dute: 450.000 lagunek jarraitzen dituzte hedabideok, 100 komunikabide baino gehiago dira, eta guztira 600 langiletik gora ari dira hauetan lanean. Guztira 27 milioi euroko aurrekontua darabilte urtean, eta gizarte segurantzaren eta zergen bidez ogasunari emandako diru zenbatekoa 7 milioi eurotik gorakoa delarik.

Bost dira aurrera begira sektoreak dituen erronka nagusiak: negozio eredua eta lan baldintzei begira inbertsio berriak egiteko beharra; ekoizten dituzten produktuen kalitatea eta kudeaketa hobetzea; berrikuntza eta ikerketa indartzea; garai zailei aurre egiteko elkarlana bultzatzea; eta, erakunde publikoen laguntza-politiketan eragitea.

Herri ekimeneko euskal hedabideen ustez, bada erronka horiei sendotasunez heltzeko garaia, baita, irtenbideak lortzeko bidean, irudimena eta elkarlana abian ipintzekoa ere.

Beraien esanetan, atzoko ekitaldia «bide baten amaiera baino, bide luze baten hasiera da». Sinatutako agiria herri ekimeneko euskal hedabideen etorkizuna bermatuko duen elkarlanaren aurreneko urratsa da, «sektore antolatu gisa funtzionatzen hasi ahal izateko lehen harria».

Bestalde, sektorea eguneratzeko beharrezkoa duten gogoeta erabiltzaileekin, eragileekin eta erakunde publikoekin batera egin nahi dute. Baliotsua delakoan, erakundeei aurkeztuko diete sinatutako agiria.

ATXIKIMENDUA

Euskal Herri osoko mota guztietako 49 hedabidek agertu dute dokumentuarekiko atxikimendua; besteak beste, «Argia», «Aizu», «Jakin», «Gaur8», Info7, Hamaika TB, Nontzeberri eta Kanaldudek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo