GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kartzela atzean utzita, zazpi gazte Euskal Herrira itzuli ziren atzo

Zazpi euskal preso politiko gutxiago daude atzotik Estatu espainoleko espetxeetan. 2010. urtean gazte mugimenduaren kontra egindako sarekadetan atxilotu zituzten -barruan gelditu diren beste asko bezala-. Euskal Herrira heltzean harrera beroa izan zuten.

p012_f01_148x108.jpg

A. PRADILLA-M. DIAZ | MADRIL-IRUÑEA

2010. urteko udazkenean gazte mugimenduaren kontra egindako sarekadetan atxilotu zituzten zazpi euskal herritar espetxetik atera ziren atzo, euren senitartekoek Auzitegi Nazional espainolak ezarritako 30.000 bermea ordaindu eta gero.

Izaskun Goñi, Iban Esteban, Egoi Irisarri, Garazi Autor, Oihana Lopez eta Eneko Villegas -guztiak Iruñerrikoak- eta Julen Zuaznabar astigarragarra espetxetik atera ziren atzo.

Valladolideko espetxean zegoen Izaskun Goñi txantrearra izan zen aske gelditu zen lehena, arratsaldeko hirurak aldera. Kartzelatik atera eta berehala jaso zituen lehen besarkadak. Iruñera bueltatzeko bidea hasi orduko, ordea, Guardia Zibilak paraturiko kontrol batean geldiarazi zituzten.

Bidean zela GARArekin telefonoz aritu zen Goñi, eta kartzela atzean uzteagatik oso pozik zegoela nabarmendu zuen. Ez da ohikoa egun bakar batean hainbeste preso ateratzea, batez ere gehienak eskualde berekoak direnean. Baina kontuan izan behar da 2010eko urrian hogei gazteren aurkako sarekada egin zutela Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz, baita abenduan, berriz Grande-Marlaskaren aginduz, beste sei gazte eta bi abokatu atxilotu zituztela ere. Orduan salatu zutenez, bigarren sarekada lehenengoaren ondorioa izan zen, inkomunikazio aldian egindako galdeketetan oinarritu baitziren.

Orain, berriz, horietako batzuk fidantzapean kaleratu dituzte -beste batzuek oraindik kartzelan segitzen dute-. Gazteon aurkako planak nola erabiltzen dituzten agerian gelditu zela nabarmendu zuen Goñik.

Txantreara heldu zenerako, Goñik auzokoak zain zituen peña batean, Euskal Herrian zela-eta, harrera beroa egiteko.

Topasen zegoen Oihana Lopez izan zen ateratzen bigarrena (18.00 aldera), eta gaueko lehen orduetarako Burlatako Askas plazan zegoen herriko lagunen besarkada jasotzen.

Madrilgo inguruetan preso zituzten gazteak beranduago atera ziren, baina hauek ere senitarteko eta lagunen sostengua izan zuten espetxeko atea atzean utzi zutenean. Iruñeko Donibane auzotik, adibidez, astelehenean Garazi Autor eta Egoi Irisarri espetxetik atera behar zirela jakin zutenean, laster batean antolatu zuten autobusa Aranjuez eta Estremerako kartzeletara joateko. 20.00 aldera atera zen Autor eta 19.00etan Irisarri.

Donibanen bertan atzo Angel Berruetaren omenaldia egin zuten, eta ekitaldi berean nahastu ziren gertatutakoaren samina eta salaketa batetik, eta auzoko gazteak itzultzen zirelako ospakizuna, bestetik. Donibanera gaurko goizaldean helduko zirela zeukaten aurreikusia.

Eneko Villegasek ere Soto del Real kartzela utzi zuen, eta Atarrabiara goizaldean helduko zela espero zuten.

Atzo arratsalde eta gauean azkenean ospatu zuten aske zeudela, baina astelehen arratsaldean, astero bezala, euskal preso politikoen eskubideen alde PPk Iruñean duen egoitzaren aurrean egiten den elkarretaratzean ezohikoa zen giroa. Aske atera behar zirenen senideen poza nagusi bazen ere, ez zuten ahaztu ozen aldarrikatzea sarekada horietan eta beste batzuetan atxiloturikoak behingoz eta ahalik eta lasterren askatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo