Deia | Rikardo Arregi 2012/3/14
M-11
Pasa den asteburuan martxoaren 11ko atentatuen urtemuga bizi izan dugu polemikaz inguraturik, urteroko ohiturari jarraitzeko: konspirazioaren teoriaren defendatzaile paranoikoei kosta egiten zaie oraindik ETA atentatu horietatik kanpo uztea eta, noizbehinka, aztarna berriak bilatzeari ekiten diote ETAri lekutxo bat egin ahal izateko, aurten tren bati tokatu zaio; gainera, Torres Dulce Espainiako Fiskal Nagusiaren laguntza izan dute (...).
Ohiturari jarraitzeko, atentatu horietako biktimen oroimenez egin diren ekitaldietan ere polemika sartu da, biktima gehien biltzen duen elkartearen presidentea, Pilar Manjón ezagauna, ez baita, batzuen ustez, biktima eredugarriena.
Dena ez da izan ohitura, baina, polemikak berrikuntzak izan ditu. Sindikatu batzuek egun horretan bertan deitu zituzten manifestazioek arazoari jite berria eman diote aurten, batzuen ustez, Pilar Manjón kritikatzen dutenen ustez, hain zuzen ere, sindikatuek ez baitute biktimekin begirunez jokatu, mespretxuz baizik.
Egia da biktimak deserosoak direla. Horretaz asko dakigu Euskal Herrian, badirudi biktimez hitz egitea, horrela, gehiago zehaztu gabe, ez zaigula asko kostatzen, baina biktima guztiez hitz egin hasten garenean hasten dira komeriak; biktimen sufrimendua eta sufrimendu horren erabilpena askotan nahastu da, askotan nahasten da oraindik, Biktimekiko elkartasuna ozen adierazten dutenei ez zaie gehiegi axola Pilar Manjón irain-tzea (erraz ahantzi zaie biktimak iraintzea delitu bat dela hemen) edo, modu zuzenean iraintzen ez badute ere, ez zaizkie batere axola Pilar Manjónek adierazten dituen kezka eta kexa gogorrak.
Datorren urtean errepikatuko ote da berriro ere aurtengoa? Nire ezkortasunak, tamalez, baietz xuxurlatzen dit.