GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Mikel Arginarena | Irakasle erretiratua

Bernardo Atxagari adiskide bezala

 

Kaixo Joseba, elkarren inguruan bizitzea egokitu zaigunean eta gero han edo hemen topo egin dugunean biontzat gauza atsegina izan duk elkar agurtzea. Hire lanak, gustora irakurri izanaz aparte, beti lagundu zidatek barne hausnarketa egiten. Baina hik badakik idazlearen lana ez dela osatzen irakurleak irakurtzen duen arte. Are gehiago, zirkulua hobeki ixten duk liburua irakurri eta hausnarketa horren fruitua, kritikoa bada hobe, idazleari helarazten bazaio. Eta horretara natorrek, Joseba.

Martxoaren 3ko «Correo»-n hirekin izandako solasaldi bat irakurtzeko aukera izan nian. Ez hindudan gustora ikusi, erantzun beharreko galdera haiek maizterrari zerbait kobratzera zetorren jauntxoak eginak ematen zitean, kazetari espainiar batek behin Induraini español ala vasco sentitzen zen galdetu zionean bezala. Ulertzen diat bai, kazetariaren galdera-tranpa horien aurrean bortxatua bezala sentitzea; ulertzen diat terrorismoak ezinegona sortzea eta sarritan nahi ez huen gauzez hitz egin behar izatea eta nabari duk zenbait galderatan atakatik erdizka erantzunez pasatu haizela.

Santuari kandela jartzen dionak ordainez mesedetxo bat ere eskatuko ziok. Agian eskatuko ziok euskal gatazka honen aurrean ekidistantea ez izatea. Zer da, ordea, ekidistantzia? Indarkeria behar bezalako suaz ez gaitzestea leporatzen zaizuela? «Correo»-n hori irakurrita denok ulertzen diagu zein indarkeriaz ari diren, mezularia mezuaren parte baita. Ez dik ausardia bera behar indarkeria bat eta bestea. Hemengo gotzainek ere bi indarkeriak gaitzesten omen zitiztean, baina ez zitean lengoaia bera erabiltzen. Ezagunak ez garenok errazago hitz egin zezakeagu, jakina, horrelako gaiez, baina mugak ere izan ohi dituk.

Herriaren kezka eta ezinegonak marra gorria pasatzen duenean, jendearen aurrean itzal handiagoa duten batzuk -intelektualak?- mundu guztiaren aurrean ozen hitz egiteko ardura hartu beharra tokatzen zaiek. Oso ezaguna duk, hik oso ongi jakingo duan bezala, frankismo garaian 339 apaizek idatzitako eskutitza garaiko gehiegikeria batzuen kontra. Gaurko gizartean gauzak bestela direlako edo arriskuak ere hor daudelako, inork ez dik bere gain hartu nahi erantzukizun hori.

Nire susmoa duk garai batean herriaren izenean ozen hitz egiten zuten haiek gaur, zoritxarrez, ez agian hala nahi dutelako, gauzak horrela daudelako baizik, boterea dutenei zilbor-hesteaz loturik bizi direla neurri batean, haien eskutik jasotzen baitute nomina ez bada, subentzioren bat behintzat. Irakaskuntza, medikuntza, kazetaritza diziplina zorrotz batez lotuta zeudek, espedienteak prest, Damoklesen ezpata bezala, esanekoa ez denaren gainera erortzeko. Abeslariek, idazleek, zinemagileek... arreta handiz ibili beste erremediorik ez zeukatek beren jarduna ez baita posible laguntza publikorik gabe. Gogoratuko duk Iparraldeko abeslari oso ezagun bati Tomas Uribeetxeberria Bizkaiko Kultura ahaldun petralak ze zigor jarri zion herri batean abesti bat euskal preso politikoei eskaini zielako.

Eskertuko nikek hau esaterakoan ez nahastea nire asmoa bere garaian Fernando Aranburu erdal idazleak esandakoarekin. Baina gaia ez duk inolaz ere garrantzi gutxikoa. Euskal idazleei Espainiatik indarkeriaren aurrean ekidistanteak izatea leporatu dizuete eta asko haserretu haiz, prest edonoren aurrean hori gezurra dela frogatzeko. Nik ere berdin uste diat. Hor zeudek irakurri nahi dituenarentzat zuek bi edo hiru alditan behintzat ETAri esandakoak. Ozen eta garbi, kalibre handiko lengoaia erabiliz.. Nola esan dezakete Espainian ekidistanteak zaretela? Euskal Herrian askok askitzat emango likek manifestu haien sinatzaileek estatu terrorismoaren aurrean (GAL, BVE..) erdia esanda ere. Zerbait esan al dute hainbeste urtetan eta oraindik gaur euskaldunoi aplikatu zaigun legedi bereziaz? Ekidistanteak izan al dira herri honetan ezkerrari eman zaio tratuarekin? Zerbait esan al dute Nafarroan abian dagoen euskal kulturizidioaz? Ze iritzi dute EAEn bertan euskaldunok jasaten dugun hizkuntz eskubide murrizketaz? Gaur egun, garai batean ikurrina debekatuta zegoen bezala zegok debekatuta Euskal Zazpi lurraldeak erakusten dituen mapa. Eguraldiaren berri eman behar dutenean ere ETB-k alde batera jartzen dik EAE eta beste kolore batean Kantabria, Errioxa eta Nafarroa?

Ez diat dudarik egiten oso mingarria gertatu izan zaikela ETAk norbait hil duen bakoitzean. Euskaldunok ez genian txanpainarekin ospatzen. «Euskadi Siux»eko lankide batzuek biolentzia ontzat ematen zutela. Zer pentsatzen zuten askok ETAkoren bat hiltzen zutenean? Sarritan entzun diat torturaren justifikazioa. Milioika jendek Espainian eta ez gutxik Euskal Herrian ontzat ematen ditek kartzeletako mendekua.

Joseba, hik dioken bezala, euskaldunon mundu hau oso konplexua duk, baina gurea duk, ez diagu besterik. Eta inor ez zegok heroi izatera derrigortuta, baina etikoa bada sufritzen dagoen edozeinengana hurbiltzea, guztietara hurbildu behar diagu, bestela ez baita etikoa eta gaur horretarako gauza ez bagara, has gaitezen urratsak egiten horretara heltzeko. Azken bolada honetan ikusten ari garenak: barkamen eskaria, egindako minaren aitorpena, garaileak eta garaituak, errelato bakarra... lan ederra egunero gainera datorkigun erauntsia isil-isilik aguantatu ordez, denok, baita idazleak ere, bidea egiten hasiko bagina.

Amaiera eman beharko zioat paper honi, baina zinez esango diat, hirekin hizketan egiten egon banintz bezala sentitu nauk. Eskertuko nikek nik esandakoetan inolako borondate txarrik ez dagoela sinistuko bahu. Diaten estima beti handia izan duk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo