LEKARRIZKETA | Aitor Martinez eta Elorri Arin, Jalgi Hadi garaipenera! ekimeneko eledunak
«Aro politiko berrian ere gazteok gure etorkizuna eraikiko dugu»
Herrietan hausnarketa prozesu bati ekin eta gero -www.jalgihadigaraipenera.com webguneak garrantzi handia izan du horretan-, Euskal Herri osoko gazteek mendi martxa antolatu dute apirilaren 6 eta 7rako, egungo aro politikoan ze paper bete behar duten aztertzeko.
Martxelo DIAZ | LESAKA
Saratik Lesakarako martxa egingo dute gazteek apirilean, Jalgi Hadi Garaipenera! ekimenaren eskutik. Elkarri herrietan egindako hausnarketen berri eman eta Euskal Herriko aro berrian gazteen papera zein izanen den aztertuko dute Aberri Egunean Iruñera joan aurretik.
Zer da Jalgi Hadi Garaipenera! ekimena eta zer helburu ditu?
AITOR MARTINEZ: Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrena dugu aurten eta nahiz eta badauden eragileak kontestu horretan lan egiten, gazteriak, modu batean edo bestean, hori landu behar zuela ere uste genuen. Gertakarien inguruko hausnarketa bat emanez formakuntza landu nahi genuen. Ikuspegi historizista batetik harago, gazteok gaur egun ere prozesuaren baitan eta abagune politiko honetan izan beharreko paperaren inguruan herriz herri eta gazteria subjektu politiko gisa ulertuz etorkizunean jokatu beharreko paperaz hausnarketa egin dugu.
ELORRI ARIN: Guzti hori lehen fase bat izango litzateke. Honekin batera, dinamika bat sortu nahi genuen gazteria mugiarazteko Nafarroako konkistaren mendeurrena kontestutzat hartuz. Egungo egoeran ere gazteriak protagonismoa hartu behar zuen. Horri lotuta garrantzitsua ikusten dugu dinamika bat sortzea gazteak hemen garela, presente garela adierazteko eta Euskal Herriko gazteria guztia batuz indar bat sortzeko indarra duela erakusteko.
Aro berri honetan zeintzuk izango lirateke euskal gazteriak dituen erronkak?
A.M.: Dinamika kokatzen genuenean burujabetzaren testuinguruan enfokatzen genuen. Bai lurraldetasun ikuspegitik, bai arlo sozioekonomikotik zein identitate edo kultura alorretik. Eta hausnarketa eta eztabaida sasoia zabaldu genuenetik gaur egungo panorama politiko eta sozioekonomikoaren zurrunbilo honetan, greba bat etorri da burujabetzaren kontestuan eta Ipar Euskal Herrian aliantza estrategikoaren indartze berri bat gertatu da burujabetzaren planoan. Eta guzti hau hilabete eta erdiko epean. Zera ikusten genuen, makropolitikatik harago, herrietan modu batean edo bestean gazteria zabal horrekin burujabetza nola ulertzen den hausnartu behar genuela. Beti ere kanpo faktoreei begira, baina baita barne faktoreei ere: ditugun barne mugak, inposatzen dizkigutenak, Euskal Herria bi estatuen artean zatituta egonik ere.
E.A.: Gazteriak etorkizuna idatziko duela ere ikusten genuen. Eta historian eta iraganean izan ditugun batailak ikusita, gu ere gerlariak izanen garela adierazi nahi dugu, gure historiaren zati garrantzitsua izateko. Gainera, egun dugun egoera oso garrantzitsutzat hartu behar dugu bai eredu sozial berri bat ezartzeko bai gure herria eraikitzeko. Eta horretarako hainbat alorretan gazteria aktibatua behar dugu.
Historikoki gazteak Euskal Herriko barne muga horiek apurtzen aitzindari izan dira edo akuilu lana egin dute askotan. Zuen ekimenean ere Euskal Herriko herrialde guztietako gazteak bildu zarete.
A.M.: Dinamika bera martxan jarri genuenean ezinbestekoa ikusten genuen zazpi lurraldeetako gazteek osatua izatea.
E.A.: Gazte eraikuntza bultzatu nahi dugu. Gu gara gure geroa eraikiko dugunak, baina nazio ikuspegitik eta elkarlanaren bidez. Egia da bakoitzak egoera desberdinak dituela eta asimilazio prozesu desberdinak jasaten dituela ere, baina nortasun bera dugu, gazteak gara, euskaldunak gara eta lana elkarrekin eginez nazio eraikuntza aurrera eraman eta herri hau askatasunera eraman nahi dugu.
A.M.: Gazteok aitzindari lan hori izan dugu, baina praktikotasunean, kalean. Eta testuinguru horretan kokatzen dugu martxa bera. Hau da, inolako beldur eta konplexurik gabe Bidasoaren iparraldean hasiko da martxa eta Nafarroa Garaian amaituko da. Fisikoki inportantea da muga horiek albo batera uztea eta arrotz sentitzen dugun muga hori haustea, ahalik eta gazte gehien bilduz; eta elkarrekin harremanak sortuz, ezagutuz. Euskal Herriko gazteak gara.
E.A.: Biltzen gaituen oinarria gure nortasuna da, euskaldunak garela, gure historia. Eta hortik abiatuta goazen gazteak elkartzera eta lan egitera.
Zuena ez da gazteek antolatuta bi estatuen arteko muga gainditzen duen lehen martxa. Zer du aurtengoak berri?
A.M.: Berrikuntza nagusia martxa bera dinamika batean kokatzea da, aurrelanketa bat izatea. Ahalik eta auzo eta herri gehienetan egin ditugu saio eta ekimenak. Herrietatik jasotako ekarpenetan oinarrituko da ekimena. Maila lokalean izan diren hausnarketa horiek komunean jarriko ditugu gazteok irakurketa komun bat egiteko historiari dagokionez, baina are gehiago egungo testuinguruari dagokionez. Aurrera begira, ekainaren 16an Nafarroa Bizirik-ek antolatu duen ekimenean gazte guzti horiek inplikatzea nahi dugu.
Nondik nora ibiliko da gazte martxa?
E.A.: Ostiralean hasiko da, apirilaren 6an, 16.00ak aldera Saran. Hasieran kale animazioa izanen da, kontzertu eta hitzaldiekin batera. Txoko desberdinetan banatuko da. Larunbatean egun osoko martxa izanen da. Saratik Berara joanen gara eta han bazkaria eginen da. Gero, Lesakara joanen gara eta hemen ekitaldi politikoa izanen da. Eta bukatzeko, kontzertua. Igandean Iruñeko Aberri Egun nazionalean izanen gara.