GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Iker Bizkarguenaga | Kazetaria

Nork behar du bergizarteratua izan?

Euskal Herrian irekitako aro berriaren harira, nondik jo ez dakitenak, hots, ezkerreko abertzaleek osatutako talde zabaletik aparte dauden eta Gobernu espainola kudeatzen ez duten alderdiak, «bergizarteratze» hitza asko erabiltzen ari dira. Presoen bergizarteratzea, hain zuzen, edo Jesus Lozak esango lukeen bezala, la reinserción de los presos. Presoak nola eta zein baldintzatan bergizarteratu ari dira aztertzen, betiere bakearen, bizikidetzaren eta presoen euren hobebeharrez. Izan ere, azkenaldian hitzontzien moduan errepikatzen ari diren bezala, presoak ez daude preso estatuek hala nahi dutelako, baizik eta beren erruz edo ETAk agintzen dielako.

Sarkasmoak alde batera utzi eta goazen harira. Bergizarteratzeaz ari ginen. Patxi Lopezek Parlamentuan aipatu zuen, eta berak izendatutako Loza mandatariak aste honetan bertan errepikatu du: preso daudenen bergizarteratzeaz adostasuna bilatzen ari dira. Baina bere hitzak irratian entzuten ari nintzen bitartean, Iruñerriko zazpi gazte presori auzokideek egindako harreraren irudiak ikusi nituen, eta nahi gabe atera zitzaidan galdera: zertaz ari dira?

Euskal preso politikoek ez dute bergizarteratzerik behar, behar dutena bakean eta libre utz ditzaten da. Irteten direnean, Euskal Herrirako bideak ematen dien denbora beharko dute «bergizarteratzeko». Eta hori badakite Lopezek, Lozak eta enparauek. Baita EAJk eta PPk ere.

Gertatzen dena da badakitela euskal gizarteak auzi honetan mugi daitezen eskatzen diela. Eta eman beharreko pausoak emateak, oraingoz, bertigo moduko bat eragiten dienez -eta errepresaliatuak bahitu legez erabili nahi dituztenez- halako kontuekin hasi dira, baten bat nahastuko dutelakoan. Ez pentsa, aurrean daukaten panorama ez da barneratzeko erraza. Imajina ezazue hurrengo urtea; ezkerreko abertzaleek Gasteizko Parlamenturako hauteskundeak irabazi eta euskal preso politikoak etxerako bidean. Nola saldu orduan beraien «errelatoa»?

Horregatik oraindik kartzeletako sarrailetan ez dute giltzarik sartu, eta herri honi tokatuko zaio ateak irekitzea. Hala egingo dugu, eta presoak berriro beren etxe eta kaleetara itzultzen direnean, eta Euskal Herriak behingoz bakea eta demokrazia ezagutzen dituenean, ahalegina egingo dugu, atsegin handiz, bergizarteratzeaz ari diren horiek guztiak bergizarteratzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo