Julen MURGOITIO
Ikusi-makusi, atzera etxera
Lehengoan aireportura joan nintzen, hegazkin bat hartzeko asmoz. Ez, ez zen izan abentura maite dudalako, abentura maite arren, gogoratu nahi ez dudan hiritzar batera joan beharra neukalako baizik. Eta hantxe nintzen, segurtasun-arkuaren azpitik pasatzen. Eta beste aldera pasatu ere, arkuaren txisturik gabe. Tira, harira!, hara non aurrez aurre barne-ministerioaren horma-irudi handi bat zegoen, eta bertan aurpegi sorta bat ere, bilatzeko aginduan edo. Bankuren batzuetako kontseilariak!, pentsatu nuen halako batean. Bai zera, hurbildu eta zer ikusi? ikusi-makusi. Hara! batzuk andreak ziren, mojak izan ere, sorurlia, sorsandia, sorberendia... izengoitia eta guztiz, sor-marka edo. Beste batzuk gizonezkoak, apaizak izan ere, onurlia, onsandia... Eta denak ospitaleetan ibilitakoak, amaetxeetan edo. Total, horretan nintzela entzun nuen nire hegazkinaren deia. Kolpea izan bazen ere, puntual ateratzeko zen, edo. Atez ate ibili nintzen, Gipuzkoa gogoan, nirera ailegatu arte. Portzierto, zergatik daude hain txizatoki gutxi aireportuetan?. Tira, harira! hantxe ziren telebista-kamerak batetik bestera, eskifaia-kideek eta bidaiariek xanpain-kopa eskuan gora topaka, urteak omen ziren ez zela deietan puntualtasunik. Aitzur ederra, bai, komandanteak harrapatua!. Pare bat ordu atzeratu behar izan zuten hegalaldia
Total, pistatik arin abiatu eta pistaren burura heldu aurretik, horra! baginen lurretik gorantz, airean edo. Txoria etorri zitzaidan gogora, lehengoan lehendakaria zihoan hegazkinaren kontra egin zuen gautxori hura. Gizajoa! hegazkina. Ausardia izan behar gero txoriak, nondik eta airetik ibiltzeko! Ama, ama, hamaika (telebista) ikusteko gara, txoria EITBkoa izan arren. Ikus-entzunezkoak aipatu ditudala, ederra gero Konferentzia Episkopalaren azken bideo-klipa. Hunkigarria. Zirraragarria. Zirrosigarria. Lastima ezin izan nuela estrarena egin, eliz mutil bihurri modura. Bidaiaria ez banintz segituan emango nuke izena deialdi horretan, abenturak abentura!. Argia eman zidan bideo-klipak, argitu egin ninduen Wattikanoak. Derrepentean aeroneskak esnatu ninduen, lurra hartzeko ginen eta. Pista-buruan lurra hartu eta handik bi ordura iritsi ginen aireportura. Atetik atera eta hara! horma-irudi bera!. Atzera egin eta hegazkinera bueltatu nintzen, atzera etxera. Pikutara hiritzarra!