GARA > Idatzia > Kultura

ELKARRIZKETA | Naroa Iturri, Hamaika Telebistako edukien arduraduna

«Jendeak Hamaika piztu eta zera esatea nahi dugu: `Hau desberdina da!'»


Aldaketa garaiak dira komunikabideentzat eta Hamaika Telebista horren adibide ezin hobea da. Egoitza berria dute Donostian, webgune berritua, sakelako telefonorako aplikazioa... eta nobedade gehiago etorriko dira oraindik. Zuatzu Parkean bertze ikus-entzunezko batzuekin partekatzen duten Pia eraikinean harrapatu dugu Naroa Iturri, eta edukien berritasunen inguruan galdetu diogu.

p058_f02.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Donostiako Udalaren eta Sustapenaren artean ikus-entzunezkoentzat sortutako eraikina da Pia. Platoak eta hainbat baliabide dituzte bertan Hamaika Telebistakoek bertze enpresekin partekatzeko. Baliabide handiagoak dituzte eta edukia ere garatu egin nahi dute.

Gaur egun teknologia aitzinera nola doan ikusita eta etorkizuna Internetera begirako telebista dela kontuan hartuta, hiru formatutarako edukiak pentsatuko dituztela azaldu digu Naroa Iturri edukien arduradunak: telebistarako luzeagoak, Interneterako pieza laburragoak eta sakelako telefonoetarako informazio azkarra, berehalakoa, zuzena eta gertukoagoa.

Hibridazioa da hori, ezta?

Bai. Sortuko ditugun edukiak hiru formatu horietara egokituko dira eta, askotan, batek bestea elikatuko du: telebistan emandako zerbait adierazgarria bada, beste alor horietan txertatuko dugu, eta alderantziz, Interneteko edo telefonoko pieza bat luzatu egingo dugu telebistarako. Telebista, Internet eta telefono bidez ikusteko komunikabidea izango da Hamaika.

Horrela, gainera, ikus-entzulea eduki-sortzaile edo kazetari ere izanen da.

Hasieratik izan dugu argi gurea telebista parte-hartzailea dela eta hala izan behar duela. Hainbat jende egon da gurekin hasieratik saioak proposatzen eta egiten, proiektuan parte hartu nahi zuelako edo proiektu bat zeukalako. Hori telebistan. Eta orain, Interneten, gure webguneko Ikusleen Txokora bideoak, argazkiak eta nahi dituzten gauza guztiak bidal ditzakete. Badakigu herri askotan egiten dela hainbat ekimen eta ongi etorria izango da bidalitakoa. Iritziak izan daitezke, eduki aukerak, proposamenak...

Adibidez, datorren martxoaren 29ko greba orokorrarekin bat egingo dugu eta era aktiboan parte hartuko dugu Euskal Herriko txoko ugaritan egonez. Herritarrei deia egin nahi diegu gurekin bat egiteko egun horretan eta gauzak bidaltzeko.

Zortzi saio ekoizten dituzue, hori da zuen baliorik handienetakoa, ezta?

Hiru urteotan saio ugari egin ditugu; batzuk bidean erori dira, besteak eraldatu edo mantendu, komunikabideetan normala den bezala. Orain zortzi saio ditugu parrillan eta berriak pentsatzen ari gara irailera, kurtso berrira, begira. Edukiak anitzak dira eta kanpainako leloak dioen bezala, nazioa eskura jarri nahi dugu. Programazioa bera baino ildo bat azpimarratu nahiko genuke: ireki, aske eta iritzi sortzaile izatea da gure xedea. Badakigu ezin garela komunikabide handiekin lehiatu, baina gure umiltasunean, gure txikitasunean, jendeak Hamaika telebista piztu eta zera esatea nahi dugu: «Hau desberdina da!». Kilometroak direla, Ibilaldia edo manifestazio bat, aniztasuna islatu nahi dugu...

... eta hurbiltasuna.

Jendeak ikusi behar du berea dela telebista. Bere auzoko bizilagunari gertatzen zaiona ikusteko aukera izan dezakeela bertan.

Baina ez zarete tokiko telebista.

Garrantzitsua da hurbila izatea, baina horrek ez du esan nahi ez zaigula inporta kanpoan gertatzen dena. Euskal Herriko albisteak jorratu nahi ditugu, bertatik bertara azaltzen saiatu. Nazio maila hartzea da asmoa, Euskal Herriak zentzu bat izatea gurean.

Orain arte egin duzuen bidean, zein erranen zenuke dela zuen bereizgarria edo zuen ahotsa?

Hiru urtetan poliki-poliki sortu dugu euskarazko telebista alternatibo bat, eta bidean gaude. Telebista anitza da, irekia, nazioa eskura jartzen duena.

Urtarrilaren 7ko presoen aldeko manifestazioa izan zen Internetez eman zenuten lehendabiziko zuzenekoa.

Bai. Erronka handia izan zen, eta erantzuna, itzela. Hainbat jarraitzaile izan genituen bai hemen bai munduan: Europan, Venezuelan, Mexikon... Lehendabiziko aldi horretan inon ematen ez den eduki bat eman genuen, eta horretan jarraitzeko asmoa dugu, jendeak ikusi eta entzun ezin dezakeenari ahotsa jarriko diogu.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo