Mitterrandek euskarazko hedabideen «diskriminazioa» zuzendu nahi du
Maite UBIRIA | BAIONA
Interneten bidez jarduten duten euskarazko hedabideek eginiko salaketaz mintzatu zen atzo Frederic Mitterrand Frantziako Kultura ministroa Baionara egindako bisitan. Leon Bonnat museoa eta Baiona-Akitania Hegoaldeko Eszena ikusi ondoren, Herriko Etxera hurbildu zen Baiona Historia eta Artearen Hiria izendatzen duen hitzarmena sinatzeko.
Bertan zelarik, Parisek hartu erabakiak sortu duen «arazoa» konpontzen eta, hain zuzen ere, diru-laguntzak emateko irizpideak aldatzen ahaleginduko dela hitzeman zuen. Frantziako prentsa agentziak eta argitalpenak kudeatzen dituen batzorde parekideak (CPPAP) okzitanieraz eta euskaraz jarduten duten sareko hiru hedabideei ez die onartu «informazio orokorra eta politikoa lantzen duten hedabide elektronikoen» izaera eta ondorioz diru laguntzaren heina murriztuko diete «La Setmana», «Ipar Euskal Herriko Hitza» eta Kazeta.info hedabideei.
Heldu den martxoaren 31n Baionan ez ezik, hizkuntza gutxituak dituzten beste herrialde batzuetan ere eginen den «Deiadar» manifestazio deialdiari buruz galdegin zioten kazetariek ministroari. Galdera baliatu zuen honek ez euskararen aldeko lege baten beharra xede duen manifestazio deialdiari buruz bere iritzia emateko, baizik eta euskarazko hedabideek Parisen irekia duten auzi batez mintzatzeko.
Hain zuzen ere, diru-laguntza publikoak jasotzerakoan hedabide horiek izan duten tratamenduarekin ez dela ados erran zuen. «Eskualde hizkuntzak Frantziako ondare gisa Konstituzioan sartu diren unetik babestu behar dira hizkuntza horiek eta ondorio guztiekin gainera. Ezagutzen dut hedabideek duten arazo hori eta pertsonalki diru laguntzak emateko irizpideak aldatzen ahaleginduko naiz; ez dakit lortuko dudan aldaketa hori, baina horren alde engaiatzen naiz», adierazi zuen. «Hedabide osoak» diren heinean, Mitterrand-en ustez, «beste edozein media bezala» hartu behar dira.