GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Faboritoek indartsu ekin diote Binakako Txapelketari

Agusti Waltari nabarmendu zen berriro ere lehen jardunaldiko partidetan.

p051_f01.jpg

Jon LEUNDA

Ez zen ezusterik izan Berezkoen Binakako Txapelketako lehen jardunaldian. A multzoko bi bikoek lortu zuten garaipena. Ibarrolak eta Harizmendik 26 eta 40 hartu zituzten mendean Agirre eta Ezkurra II.a, eta Waltarik eta Bonebeltxek 40 eta 24 menderatu zituzten Laurent Lanbert eta Kurutxari.

Herenegun gauean Senperen jokatu zen lehen neurketan, bi partida ezberdin izan ziren irudipenarekin atera ziren zaleak, lehen zatiak ez baitzuen bigarrenarekin zerikusirik izan. Ibarrolak eta Harizmendik 26 eta 40 hartu zituzten mendean Agirre eta Ezkurra. Lehen zatian galtzaileak nagusi izan ziren. Aurrean, Agirre oso ongi aritu zen, eta atzean, Ezkurra bikain. Beste aldean, Harizmendik lan ona egin zuen, baina Ibarrolak ezin zuen jokoan sartu.

Gauzak horrela, galtzaileak 19-16 jarri ziren aurretik, baina hortxe aldatu zen partida. Agirre jokotik desagertzen hasi zen, eta Ibarrola jokoan sartzen. Faboritoek 5-24ko partziala sartu zuten, eta txapelketako lehen puntua eskuratu zuten.

Bigarren partidak ez zuen lehenengoarekin zerikusirik izan. Waltarik eta Kurutxarik 40 eta 24 irabazi zieten Lanberti eta Kurutxariri. Aurretik pentsatzen zen moduan, Waltarik erabaki zuen norgehiagoka. Amerikarrak saketik hamabost kintze egin zituen, eta lehendabiziko jokaldian horrenbeste tanto egiten direnean, aurkariek ez dute ezertarako aukerarik izaten. Horrelaxe gertatu zen, jaun eta jabe izan baitziren garaileak. Bonebeltxek ere badaki aurrean Kubakoak kintzeak erraz egingo dizkiola, eta lasaitasun horrekin erraz jokatu zuen. Lanbertek eta Kurutxarik, berriz, ez zuten asmatu jokatzen, Waltariri gehiegi utzi baitzioten jokatzen.

Gaur B multzoko bigarren jardunaldia jokatuko da, eta Zuberoara, Garindainera, joan beharko dute pilotariek. 15.00etan hasiko da jaialdia, eta lehen partidan Alfaro eta Etxeto Bielleren eta Ozafrainen aurka neurtuko dira, eta jarraian, berriz, Larretxeak eta Jeannotsek Bielleren eta Ozafrainen aurka aritu beharko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo