GARA > Idatzia > Kultura

Dominika Etxart kantari zuberotarra hil da, baina bere ahotsa ez da isildu

Dominika Etxart kantari zuberotarra ostiral gauean zendu zen 79 urterekin Oloroeko erietxean, gaixotasun luze baten ondorioz. Atzo Maulen izan zen hilbeila eta gaur ospatuko dute hileta-elizkizuna, 15.30ean Altzürükün. Niko Etxart musikagilearen aita, Parisen bizi izan zen erretreta hartu arte. Zuberoara itzuli zenean, herriz herri aritu zen kantatzen Nikorekin eta Robert Larrandabururekin. Era herrikoiaz moldaturiko kantez osatu zuten «Eperra» diskoa.

p054_f01.jpg

M. IANTZI - A. ARRUTI | DONOSTIA

Kalakari fina, indar eta memoria handiko pertsona, Xiberoako kantu tradizionalen ezagutzaile handienetakoa; hala gogoratzen dute kantukide eta lagunek Dominika Etxart musikagile zuberotarra. Mikel Markezek, adibidez, zera kontatu zigun: «Goizeko 8.20 inguruan e-mailean sartu naiz eta Niko Etxarten mezu bat neukan, goizeko laurak aldera idatzia. Eta esaten zidan aitak erabaki duela Josafaten zelaira kantatzera joatea. Nik erantzun diot esanaz, justu atzo -herenegun- egon nintzela ikusten elkarrekin kantatzen egon gineneko argazki bat, Dominika aita, Niko bera, Larrandaburu, alabaren senarra, eta laurok».

Errenteriarrak Dominikak zeukan memoria eta indarra azpimarratu zituen: «Memoria izugarria zeukan. Xiberoako kantu tradizionalaren ezagutzaile handienetariko bat zen. Kantu erdi galduak, inork gogoratzen ez zituenak... honek beti ateratzen zituen».

Eta bestetik, indarra agertokian. «Dominika eszenatokira ateratzen zenean bera zen izarra. Dudarik gabe. Eta Nikok aitarengandik hartu du daukan nortasun hori eta distira hori, aitarengatik dator indar hori, bai».

Elizako giltzazain, Parisen

Mixel Etxekoparrek Niko semea ezagutu zuen lehenago, eta geroago hasi zen aitarekin kantaldietan aritzen. «Oroitzen naiz behin, eliza batean eman genuen kantaldiaren ondotik latinez erran nuela: `meza esana da', eta berak arrapostua, latinez baita ere: `eskerrak jaunari'. Izan ere, berak ongi zekien, 38 urtez izana zen elizako giltzazaina Parisen! Ofizioaz mintzatzen hasi ginen orduan. Xiberotar asko aritu dira lan horretan, xiberotar batetik bestera pasatzen zen».

«Oso kalakari fina» zen Etxart eta Etxekopar gustura egoten zen berarekin. Altzürükün irakasle zela, bizpahiru aldiz gonbidatu zuten Dominika, beti lantzen dutelako bertan kantuzaletasuna. «`Zer kontatuko dut?', galdetzen zuen etorri aitzinetik, baina gero aski zen `egun on' erratea berak mila istorio kontatzeko».

Etxekoparrentzat «misterio» edo «mirari» bat da Etxart bezala kanpora joandako euskaldunak hain urrun bizi eta hain hurbil egotea, eta miresmenez begiratzen die. «Irudi du halako mundu txiki baina erreala sortu zutela han. Larunbatero kantu klaseak izaten zituzten eta Dominikaren eta familiaren etxea kantu kontserbatorioa zen. Kontserbatzeko soilik ez, sortzeko ere bai».

Parisetik Zuberoara bueltatu zenean, herriz herri hedatzen hasi zen bere kantuzaletasuna, seme Nikorekin eta Robert Larrandabururekin batera. 2004an «Eperra» beren lehen diskoa atera zuten Elkar argitaletxearekin. Zuberotar herri kanta zaharrak, bertako konpositore handiek sortu zituztenak (Ligeix, Etxahun, Attuli edota Latxikana) eta eurek konposatutakoak bildu zituzten bertan. «Bortü botza» izendatu zuten erabilitako teknika, hau da, Pirinioetako artzainen kantatzeko era naturala. Sofistikaziorik gabe, maitasuna, herrimina, hizkuntzarenganako sinesmena eta halako gai eternoak jorratu zituzten.

Orain, Josafaten zelaian kantatuko du Dominika Etxartek.

SEKULAKO MEMORIA

«Memoria izugarria zeukan. Xiberoako kantu tradizionalaren ezagutzaile handienetariko bat zen. Kantu erdi galduak, inork gogoratzen ez zituenak... berak beti ateratzen zituen», adierazi zuen Mikel Markezek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo