Ixabel Etxeberria | Irakaslea
UMP-ri harrera
Biltzar publiko bat Urruñan. Alliot Marie da protagonista, ondorioz harrera egokia prestatzen zaio. Alliotek ez du oraindik aurkezten zenaren informazioa zabaldu, baina zer eginen du ba! Legebiltzarreko hauteskundeetan aurkezten ez bada, ez zaio ardura publikorik gelditzen. Ondorioz, pentsa daiteke berotze lanetan ari dela.
Ezin jakin oraindik zein izanen den ordezkoa. Poulou ez da segur aski aldi honetan hautatua izanen, hark bai kargu guztiak utzi dituela.
Hor inkognita dugu.
Hots, Alliot Urruñan, auzapeza atera da errezibitzeko eta autotik atera da bere irribarre handi horrekin. Harrera prest dugu, bi banderola eta jendea bi aldeetan.
Fite-fite sartu da, ez digu kasurik egin, ez gaitu entzun, «instituzioa», «presoak», ez dira bere hiztegian sartzen.
Mintzaldia hasi du, sartzen saiatu gara, ahal bezain urrun, baina ate batetik goiti ezin dugu jarraitu, polizia indartsu batzuk daude, blokatzen. Pusaka, pusaka, herriko hautetsi batzuk daude hori dena babesten, UMPkoak izanen dira; alta, errepikatzen digute herriko gehiengoko hautetsiak ez direla UMPkoak. Zer bitxi! Ezin gara biltzar publikoa iragaiten den salara sartu.
Herritarrak gara, baina ezin gara sartu! Ezin dugu Alliot interpelatu!
Hara, Brisson dator! Pasatu nahi du, ez dugu uzten. Gurekin hitz egitera behartua da. Kostatzen zaio, gorri-gorri jarri da AHTk hunkitzen duen laborari batek bere lurrak hartuko dizkiotela erran diolarik. Brisson AHTren aldekoa baita! Baina, Brissonek uste du borroka hori irabazi dugula, ez dagoela dirurik, AHT eskatuko den lekuetatik pasatuko dela eta hemen kontra gaudela. Irabazi omen dugu, Alliot kontra dela erran omen du. Brisson gurekiko elkarrizketa batean instalatu da.
Gazte batek galdetu dio ea baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea lortuko duen. Noski, beti Brissonen araberan. Oso optimista dugu. Aurtendanik historia eta matematika posible izanen omen dira. Instituzioa, noski, iritziz aldatu omen da eta pixkanaka martxan emanen da ere. Etxebizitza, noski, arazo handia da, ez da aski eraiki eta bigarren etxebizitzen arazoa dugu.
Zenbat arazo; denak ditu gogoan Brissonek, oso optimista da, debate handiak dira bere alderdian. Izugarrizko elkarrizketa, bera bertakoa baita, herri hau maite baitu, ulertzen gaitu eta konponbideak bilatzen ditu. Presoen egoerari buruz, hamar minutuz bederen hitz egitea lortu du, deusen errateko. Zeren, azken finean, zer egin du Brissonek, hitz asko erabili, erretorika handia, baina deusik ez errateko. Jendea lokartzeko. Elkarrizketa bukatu du eta Alliotengana joan da. Prentsan kontatuko du nola hitz egiten duen herritarrekin, ez dela eskapatzen, bere burua laudatuko du. Noski, Alliot baino ausartagoa izan da, beste aukerarik ez duelako izan!
Hauteskunde kanpainan gaude. Ekaina arte iraunen du eta kanpaina gogorrak izanen dira. UMPk indar berezia eginen du Euskal Herriko herritarren bozen lortzeko. Ohartu dira eragina galtzen ari zirela eta ondorioz Sarko etorri da, MAM motorrak berotzen dagoeneko hasi da. Abertzaleen bozak emendatzen ari dira. Frantses alderdien erasoak ez dira samurrak izanen.