GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

ELKARRIZKETA | Pablo AZKUE, alaplaya.com webguneko kidea

«Marrazoak agertu zirenean, surfak duen magia galdu zuen»

«Say goodbye» dio Poison Idearen abestiak, «esan agur». Abesti gordin horren hitzak eta urte askotako ibilbide eta lanari adio esateko testu zorrotza, horixe da Alaplaya.com webguneko azken esteka. Surflari askorentzat erreferente izan den webguneak, egun surf munduan sortu den agertokian antzezten jarraitzeko asmorik ez duela iragarri du. Pablo Azkuek webgunearen historia eta istorioen berri eman digu.

p048_f02_199x124.jpg

Haritz LARRAÑAGA | ZARAUTZ

Surf munduan eskarmentu handia du Pablo Azkue zarauztarrak. Oso gazte zela hasi zen surf egiten, txapelketetan ere emaitza onak bildutakoa da, baina batez ere Alaplaya.com webgunerako egin dituen argazki bikainengatik da ezaguna.

Noiz eta nola sortu zen webgunea egiteko ideia?
1999. urtean Diseinu karrera amaituta, ikastaro bat egin nuen eta Fernando nire maisuaren laguntzaz proiektua martxan jarri ahal izan nuen. Hasieran eguraldia eta hondartzak nituen ardatz, bi urtez jarraian, egunero goizeko zortzietan Orruara joan, eta handik hasita, Zarauzko hondartzako azken muturreraino argazkiak ateratzen nituen. 09.30erako argazkiak webean itsatsiak izaten ziren.

Orduan, hasieran ez zenituen surf albisteak ematen?
Hasieran, esan bezala, hondartzak eta eguraldia genituen ardatz, eta gero, pixkanaka, taldetxo bat osatzen hasi ginen, Iban, Xabier eta Ibonekin. Bakoitzaren lana oso ongi uztartzen genuen, batek eguraldi kontuak, besteak hondartzetako argazkiak...
2003. urtean webak indarra hartu zuen. Euskal Herri osoko hondartzen 360 graduko panoramikak egin genituen; mutur batetik bestera, 103 hondartzen irudiak hartu genituen.

Hasieran surfak ez zuen hainbesteko garrantzia?

Surfeko argazkiak gero eta gehiago erakusten genituen, eta horrela hasi ginen pixkanaka ezagunak egiten. Correo digitaleko saria ere irabazi genuen, baina argitaratzen genituen surf albisteak beste web orrietatik hartutakoak ziren, eta momentu batean ohartu ginen kanpoko albisteez gain guk geuk ere bagenituela albisteak inguruan, guk geuk ere, inguruan genuen potentziala ikusita, albisteak egin genitzakeela.

Surf aldizkari bat bezala?
Ez, guk hor hutsune bat ikusten genuen. Batetik, surflarioi surfak eskaini digun eta hitzez esplikatu ezin den sentimendu bitxi hori irudikatzeko gaitasun falta ikusten genuen, hor bazen bete beharreko hutsune bat. Bestalde, surf aldizkari bakoitzak marka izen jakinekin lotura zuzena izan ohi du, eta ondorioz, marka hori daramaten surflariak ageri dira aldizkarian, gainerako guztiak kanpoan utziz.

Beraz, aldizkarietan agertzen ez ziren surflariei zeuen txokoa eskaini nahi zenieten?

Bai. Nik zera pentsatzen nuen, ni argazkilaria izanda, jendearen argazkiak Interneten zintzilikatuz gero, babesle bila zebilen surflariari lagun niezaiokeela, eta gustura egiten nuen lana zen, baina huts egin nuen, zeren orain ondorioak ikusten ditut eta ez nuela asmatu uste dut.

Zergatik?
Begira, aireko bat egin duen norbaiti hondartzaren goialdetik argazki bat ateratzen badiot, argazki horrek zerbait erakusten du. Hondartzan beherago jaitsi, eta beste ikuspegi batetik argazkia ateraz gero, beste zerbait dirudi, eta itsas bazterrean etzan eta behetik gora argazkia ateraz gero berriz, aireko horrek sekulakoa dirudi. Argazki tranpa da, zeren momentu egokia modu egokian irudikatzen duzu, baina sekuentzia guztia ikusiz gero, agian ariketa gaizki burutua izan da.

Ez du errealitatea islatzen?
Hori da! Argazki hori ez da egia, surflari hori ez da hain ongi ibiltzen. Okerrena  da jendeak sinetsi egin zuela, hemen zegoena baino askoz maila handiagoa zegoela sinestera iritsi ginen, egiaz horrela ez zenean. Batzuk harrotu egin ziren, eta uretan giroa guztiz aldatzen hasi zen. Ez genuen asmatu. Surfa bultzatu nahi izan genuen, baina norabide okerrean bultzatu genuen. Emaitza ez zetorren bat inondik inora ere web orriaren hastapenetan genuen filosofiarekin.

Zein zentzutan?

Guk, hasieratik maila kolektiboari eman diogu garrantzia; nolabait esatearren, surflariok komunitate bat osatzen dugu, gu komunitate horretako partaide gara, zentzu horretan egin dugu lan eta horixe zen bultzatu nahi genuena. Milaka pertsonak idatzi izan digu, foroak oso biziak izan dira,  jende pila batek egin du lan, familia moduko bat gara. Inork ez du inoiz propietate zentzuan jokatu, inork ez du esan webgune hau neurea da.
Emaitza ordea, bestelakoa izan zen, norbanakoak garrantzi handiagoa hartu zuen, eta ondorioz, propietate zentzua gailendu zen; eredu kolektiboaren kalterako, noski, eta pribatuaren onerako.

Surf komunitate hori hautsi da?
Komunitatea desitxuratu egin da, egun askoz ere zabalagoa eta konplexuagoa da. Garai batean txapelketa guztietara joaten hasi ginen, izugarrizko mugimendua sortu zen, erreportajeak egin genituen. Azken batean, surfa gizarteratu genuen, ordura arte zuen irudia aldatu eta surfa kirol bihurtu zen.

Surfak berezko izaera galdu du?
Bai, kirol bat gehiago bilakatu da, zerbait oso mekanikoa, hotza, arimarik gabea, bere espiritua galdu du. Hein handi batean, guk egindako lanak izan zuen bultzada ikusita, tiburoiak agertu ziren, eskrupulurik gabeko enpresariak, eta nire ustez, horiek izan  dira surfa guztiz desitxuratu dutenak. Surfak zuen izaera librea pribatizatu dutenak.
Eskolak, txapelketak, markak, industria handi bat sortu da, eta horrek surfa ulertzeko eta bizitzeko modua aldatu du. Uretan jada ez dago lehen zegoen giroa.

Web orrian aldaketa hori nabaritu duzue?
Bai, albiste bakoitzak duen bisitari kopurua zenbatuz gero, garbi ikusten da, jendeak Kelly Slaterren azken emaitza edo taulan daraman marka izena du buruan; bost axola ondoko hondartzan dike bat eraikitzen ari diren edo itsasoa txerritoki bat eginda dagoen, edo korronteak aldatu diren...

Horregatik eman zenioten txapelketei garrantzi handiagoa?
Ez. Momentu batean giro polita izan zen. Ezagutzen genituen surflariak mundu mailan lehian ari ziren eta jendeari haiek animatzeko aukera luzatzen genion. ASPko kide batek behin zera aitortu zidan, txundituta zeudela Zarautzen gertatzen zenarekin,   mezu andana jasotzen baitzuten. Oso momentu berezia izan zen, baina esan bezala, industria sartu zen eta dena aldatu zen, surfa eta dirua sinonimo bilakatu ziren eta mundu guztiak nahi zuen bere zatitxoa.

Eta zuek?
Guk ez dugu inoiz web orria bizibide izan, ez dugu xentimorik irabazi. Jendeak aberastu egin garela esaten du, ulertzen ez gaituelako, baina ez da horrela, guk ez dugu halako asmorik izan. Aberastu nahi izan dutenak beste batzuk dira.
Guk bagenekien horrek giroa aldrebestuko zuela; eta horrela izan da, negozioa gailendu zenean denak arerio bilakatu ziren. “Nirekin edo nire aurka” goiburua nagusitu zen, eta gu ere tiburoientzat etsai bilakatu ginen. Dirua irabaziko bagenu ez genuke web orria itxiko, are  gutxiago krisi garai hauetan.

Orduan erabaki zenuten web orria ixtea?

Ez, aldaketa txiki bat egin genuen, foroa ixtea erabaki genuen, baina ordura arte izan genituen irizpideen arabera lan egiten jarraitu genuen. Txapelketak ere aipatzen genituen, baina beste balio batzuk susta ditzaketen albisteei garrantzia ematen hasi ginen. Eremu desberdinak ukitu genituen, teknologia, artea, ingurumena, azken batean surflari batentzat interesgarri izan daitekeen oro aurkezten genuen, guri ere interesgarri iruditzen zitzaigulako.

Argazkietan ere aldaketak izan ziren, ezta?

Bai, surflaria olatutik kendu eta olatuari garrantzia ematen hasi nintzen. Surflari gisa, nire ustez itsasoa eta olatua dira garrantzitsuak, haiek izan behar dute protagonistak. Hutsik dagoen olatu batek, ez du markarik, ez taularik, baina mila istorio irudika ditzake, ikusle bakoitzak bere istorioa asmatzen baitu.

Aurrera begira ze asmo duzu?
Aipatu bidean sakondu nahi dut. Nire ustez egungoak eta etorkizun hurbilean datozenak sentsazio garaiak dira. Berriz ere atzera egin eta sinpletasunak hartuko du garrantzia. Niri surfak eskaini didana ez daukat hitzekin adierazterik, sentipen berezia da, sentsazio horiek proiektatu nahi ditut.
 
Agurtzeko aukeratu duten abestiaren zati batek, euskarara itzuliz gero, honakoa dio: «Barnealdera jauzi bat da, olatuak azpialdean lehertzen direnean bezala. Orduan argia itzaltzen du, baina oraindik ezin ezkuta daiteke. Adio esateko deia luzatzen du, beste aldean ikusiko gaitu».

Zergatik agurra, orain? 
Gauza asko egin ditugu urte guzti hauetan. Eremu desberdinak jorratu ditugu. Esate baterako, maila didaktikoan ere gure ekarpena egiten saiatu gara, emandako aholku eta argibideak asko eskertu ditu jendeak.
Orokorrean ordea, jendea zati txiki batekin geratu da, hain justu, guk gutxien maite dugun eremuarekin, eta horrela ohartu gara egun sortu den surf giro horretan lekurik ez dugula. Ez dugu geure burua zurrunbilo horretan kokatzen.

 Beraz, ez da beti horrela izan?

Ez noski. Luzaroan giro bikaina izan dugu. Jende pila batek hartu du parte, modu desberdinetan. Elkar ezagutu ahal izan dugu, bai Internet bidez eta bai harreman zuzenean ere. Familia moduko bat osatzeko gai izan gara.
Momentu batean, ordea, guk inoiz pentsatu ere egingo ez genuen zerbait gertatu zen. Konturatu ere egin gabe jende askorengana iristen ari ginen, eta horrek zenbaiten begietara «boterea» esan nahi du. Eta hara, egia da, orain, ondo pentsatuta, indar handia genuela ikusten dut. Orduan agertu ziren «tiburoiak», eta noski, gu etsaiak ginen haientzat. Askok ez zuten jada gurekin lan egin nahi, eta beraien artean elkartu ziren industria indartsuago bat osatzeko.

 Eta horrek zer eragin izan du zuengan?
Berez, guregan baino gehiago giroan eragin duela uste dut. Orokorrean surfa ulertzeko moduan eragin du. «Marrazoak» agertu eta «izurdeak» joan dira. Enpresari zurrun horiek agertu zirenean, surflariei argazkiak ateratzeari utzi nion. Nik jakin izan banu, borondate onez egin nituen argazki haiek guztiek inoiz halako ondorioak ekarriko zituztela, ez nukeen inoiz argazki bat bera ere aterako.

Baina, agian, orain inoiz baino gehiago ez al da «izurdeen» alde egin behar?
Bai, hori egia da; baina, agian, web orria  momentu honetan ez da horretarako tresna egokia.

Hala eta guztiz ere, dudarik gabe, «izurdeak» askoz gehiago dira «marrazoak» baino. Surfa ogibide dutenak eta sos batzuengatik edozer egiteko gai direnak oso gutxi dira. Gehiengoak surfaz eta itsasoaz gozatu nahi du; beraz, berriz ere izurdeak gailenduko dira.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo