Boulder | Lehia
Boulder Liga emaitza bikainarekin amaitu da
Guztira, lau proba jokatu dira: 3 Gasteizen eta 1 Amurrion. Garaileak honakoak izan dira: Nahia Garcia de Eulate, Marta Camara, Beñat Amestoi, Laida Tejero, Iñigo Usategi, Zuriñe Arrue eta Javier Gonzalez.
Andoni ARABAOLAZA
Boulder Liga 2012 ekitaldia amaitu da dagoeneko. Hilaren 10ean izan zen; hain zuzen ere, Gasteizko Hegoaldeko egituretan jokatutako lehiarekin. Antolatzaileek beraiek aitortu digutenez, aurtengo edizioa ere arrakastatsua izan da: «Hamargarren hitzordua izan da, eta parte-hartzaile kopuruarekin oso pozik gaude; izan ere, Euskal Herriko txoko ugaritatik makina bat boulder zale bertaratu dira. Hori guztia gutxi izango balitz, jokatu diren lau probetan oso maila txukuna ikusi dugu. Argi asko dugu boulderra goraka doala. Bestalde, lehiakideek baieztatu digute ondo baino hobeto pasa dutela, eta hori guretzat ezinbestekoa da».
Bai, lasai asko azpimarra dezakegu Boulder Liga erabat sendotuta dagoela. Duela 10 urte lehen urratsa egin zuten, eta argi geratu da lehia formatu horrek zale ugari dituela. Zirkuitu kutsua duen ekimen bakarra da Euskal Herrian, eta, jakina, hori txalotzeko modukoa da. Beste ekitaldietan gertatu den legez, aurtengoak ere lau proba izan ditu: 3 Gasteizen eta 1 Amurrion.
Horri guztiari, bestalde, Boulder Ligak duen izaera herrikoia gehitu behar diogu. Aurtengo berrikuntza 16 urtez azpikoen kategoria izan da, eta, beste behin, herrikoien eta elitearen kategoriak ere presente izan dira. Elitea bai, baina herrikoi izaerarekin.
Azken proba
Aipatu dugun bezala, azken proba Hegoalden jokatu zen. Oso lehia eder eta estuak ikusi ziren. Hala ere, lehiakide batzuen urduritasuna nabaria izan zen, podiumeko tokiak jokoan baitzituzten. 16 urtez azpikoetan, Julen Berruecok irabazi zuen; lehen lehia zuen. Herrikoietan, berriz, Laida Tejerok eta Josu Artetxek . Eta elitean, Zuriñe Arrue (proba guztiak irabazi ditu) eta Javier Gonzalez nagusitu ziren.
Lau proba jokatu ondoren, Boulder Liga 2012 ekitaldiaren irabazleak nortzuk izango ziren jakiteko lehiakide bakoitzak jasotako puntuen batuketari ekin zioten.
16 urtez azpikoen kategorian, Nahia Garcia de Eulatek eta Marta Camarak lehen postuan berdindu dute. Mutiletan erregularrena Beñat Amestoi izan da.
Herrikoien mailan, berriz, Laida Tejero eta Iñigo Usategi izan dira indartsuenak. Eta elitean, amaitzeko, Zuriñe Arrue eta Javier Gonzalez izan dira onenak.
Amaierako txanda antolatzaileentzat da: «Aurtengo ekitaldiak eskalatzaileen topaketa herrikoiaz gozatzeko aukera ederra eman digu: bloke ederrak izan dira, ikuskizuna, emozioa, eskaladako materialaren zozketak... Inolako zalantzarik gabe, pozarren gaude. Eta, dagoeneko, datorren urteko ekitaldia prestatzen hasiak gara».
Boulder Ligak dagoeneko hamarkada bat bete du, eta, aurreko edizioak bezala, arrakastatsua izan da. Zirkuitu hau sendoduta dagoela baiezta daiteke.
Hiru kategoria izan ditu: 16 urtez azpikoa, herrikoia eta elitea. Parte-hartzea ere handia izan da, eta Euskal Herriko hainbat txokotatik hurbildu dira.