Mendiko eskia | Europako Mendiak
Mendiko eskiko lehien aitzindariaren hitzorduan maila ederra izan zen
Hilaren 11n jokatu zen eta ehunen bat taldek hartu zuten parte. Europako Mendietan antolatutako lehia hori ere Espainiako Txapelketarako zein Euskadiko Koparako baliagarria izan zen.
Andoni ARABAOLAZA
Gure ingurumarian jokatzen den mendiko eskiko lehien denboraldia amaitzear da. Ohi den legez, garai honetan, Andres de Regil Zeharkaldiak bere hitzordua antolatzen du; jakina, Europako Mendietan jokatzen dena. Aitzindaria dugu proba hau, eta aurtengo edizioa 37.a izan da. Bai, 37 hitzordu!
Hilaren 11n ehunen bat bikote edo talde zeuden irteera puntuan. Ohiko proba jokatzeaz gain, lehiakideek bazuten beste pizgarririk; izan ere, deialdi hori Espainiako Taldekako Txapelketarako eta Euskadiko Koparako baliagarria zen.
Jakina, hori guztia irakurrita, antolatzaileek espezialista indartsuenek parte hartzea espero zuten. Nazioarte mailan borrokatzen diren hainbat eta hainbat eskiatzaile ezin ziren bertaratu, baina lasai asko baiezta daiteke Andres de Regil Zeharkaldian maila oso txukuna izan zela.
Lehia jokatu aurretik, antolatzaileek jakin bazekiten eguraldia lagun izango zutela; bederen, eguraldi iragarpena oso baikorra zen: egonkorra eta eguzkitsua. Hala ere, azkenaldiotan eguraldiak epelera jo du, eta, horren ondorioz, elurra pixkaka-pixkaka urtzen joan da. Europako Mendietan ere egoera horixe izan da, eta, azkenean, antolatzaileek ibilbidean hainbat aldaketa egin behar izan zituzten.
Goizeko hamarretarako 15 minutu falta zirela, probari hasiera eman zioten. Aurretik 2.234 metroko desnibelari egin behar izan zioten aurre: Fuente De, La Pardiona, Torre Blanca, Hoyo sin Tierra izeneko parajeetan ibili eta berriro irteera puntura itzuli ziren. Canal de San Luis eta Collada Verdere aldats pikoetan, adibidez, lehiakideek kranpoiak jarri behar izan zituzten.
Lehia gogorra
Oro har, esan daiteke oso ibilbide zorrotzari egin behar izan ziotela aurre. Alabaina, ondo baino hobeto ikusi zen hainbat talderen maila oso ona zela eta probara sasoiko iritsi zirela. Nagusien mailan, Miguel Caballerok eta Kiko Navarrok osatutako taldea bikain aritu zen. Bikote horrek denboraldi osoan erakutsi du maila handia duela. Hasiera-hasieratik tropel buruan jarri ziren, eta baiezta daiteke aise irabazi zutela; bikoteak 2 ordu eta 13 minutuko denbora egin zuen. Jordi Palomares-Pau Costa taldea izan zen bigarrena, eta Oscar Roig-Nil Cardonarena, hirugarrena. Lehen euskal taldea Mikel Navarrok eta Iñigo Larizek osatutakoa izan zen. Nesketan, berriz, Marta Riba eta Fargues Gimenoren taldea nagusitu zen; bigarrenak, Maribel Martin-Pilar Quesada eta hirugarrenak, Amets Maiztegi-Nahia Quincoces.
Gazteen kategorian, nesketan, Marta Garcia eta Ares Izard izan ziren indartsuenak; eta mutiletan, Ander Garmendia eta Alvaro Sumozas. Kadeteetan, honakoak izan ziren irabazleak: Laura Balet-ek eta Laura Godinak osatutako taldea, eta Manuel Picon eta Antonio Alcalderena. Eta, azkenik, beteranoetan: Elisa Mayor-Carmen Zapata eta Luis Alcalde-Javier Suarez.
Andres de Regil Zeharkaldian ehunen bat taldek edo bikotek hartu zuten parte. Eguraldia lagun izan zuten, baina, elur eskasiaren ondorioz, ibilbideak hainbat aldaketa izan zituen