GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Eraso zehatza estrategia zabalean

Espainiako Errege Akademiak (RAE) txosten bat prestatu eta azken hitza balu lez aurkeztu berri du. Zein xederekin, nori zuzendua ez dago batere garbi. Izan ere, azken urteotan hizkuntzaren erabileraren inguruan egindako lan eskerga -sexismoa hizkuntzan ekiditeko gidak- lurrera botatzeko saiakera dirudi.

Hasteko, Espainiako Errege Akademia gizonek osatzen dute gehienbat, eta txostena euren ikuspuntutik dago garatuta, alegia, hizkuntzan, eta oro har, inolako erasorik sentitzen ez duen gizateriaren erdiarenetik. Gazteleraz guztioi buruz aritzeko, esaterako, maskulinoa baliatzen da; esaten da, beraz, badira. Jakina baita esanak egiten duela izana, edo adierazpenik izan arte, behintzat, ikusezin dirauela. Beste erdiak kanpoan geratzeak, ez esateak, hortaz, ez izateak -ezkutu irauteak- ez die inolako ezinegonik eragiten akademikoei. Ondorioz, antza, txorakeria eta nahaspilan ibiltzeko gogo hutsa iruditzen zaie gabezia hori gainditu nahi dugunon ahalegina.

Bestetik, ez dakit zehazki zein adin-tartekoak izango diren akademiko horiek, baina lepoa jokatuko nuke ezin izango dugula esan gazteak direnik, agian ezta helduak ere, ziur asko zahartzaroan sartu berriak izango dira. Gauzak aldatzea, jendartea bilakatu eta aurrera egitea, zaharkituta sentitzea, ez dira sentimendu aise eramangarriak, egia da, eta horri guztiari betiko hizkuntzaren aldaketak gehituz gero, gehiegikeria ere irudi liezaioke askori. Baina aldatzen ez den jendartea, aldaketok dakarten errealitate berria izendatzen ikasten ez duena, betiko ohitura eta moldeetan iltzatuta geratzen dena, aurrera egin gabe, ezin da izan jendarte justuagoa, ezin mundu garaikidean parte hartu, barregarri eta lotsagarri geratu barik. Lotsagarria iruditzen zait, hain zuzen, RAEk eginikoa; hizkuntza sexistaren erabileraz ohartzeko eta saihesteko aukerak emateko giden kontra eginez, balioetsi beharrean gaitzetsiz, nor edo zer borrokatu nahi da benetan, zein da konpondu nahi den kaltea? Eta, batik bat, zein eta norentzat dakar onurarik? Irudipena daukat azken urteotan lorturiko giza aurrerapenak, eskubideak, alor desberdinetako lorpenak banan-banan ari direla atzera botatzeko erasoak jasaten. Irudipena daukat txosten honek ere antzeko xedea duela, Akademiak bere alor zehatzetik prestatua, estrategia zabalago baten baitan.

Hizkuntzak, lehenbizi, komunikatzeko tresna direla onartuta, komunikatzeko balio duten heinean komunikatzaileek bizi dutena transmititzeko gai izan behar dutela ulertuta, beraz, komunikatzaileon esku dagoela hizkuntza horiek eraldatu eta egokitzea, ez al da zilegi eta nahitaezko, sexismoaren hedadura guztiari heltzeko orduan, berdintasuna printzipio ezinbestekotzat jota, hizkuntzari ere erreparatzea, moldatzen eta «konpontzen» ikastea? Gidak erabileraz ari dira, guk geuk egiten dugunaz, pertsonok; Espainiako Errege Akademiak, berriz, gramatikari, «asmatutako esamoldeei» eta halakoei erreparatzen die, bestelakorik zentzurik eta lekurik ez duela esanda. Zein xederekin apur bat garbiago utzita, alegia, barne hartu ez eta baztertzen jarraitzeko jarrera atzerakoia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo