FÓRMULA UNO | Australiako Sari Nagusia
Polita eta azkarra
Xabier ALZELAI | Probetako ingeniaria
Aurtengo autoen diseinuetan arreta jarri baduzue, guztiek sudurrean arrapala bat dutela erreparatuko zenuten. Koska honek printzipioz ez dauka funtziorik eta arautegi aldaketa baten ondorio zuzena da. Aldaketa horren azterketa beste baterako utziko dugu. Gaia da auto guztiek jarraitutasunik eza hori daramatela muturrean, eta ondorioz estetikan galtzen dutela aurreko urtekoekiko alderatuz. Guztiek daramate, batek izan ezik: McLaren. Norbaitek pentsa dezake auto zatar bat diseinatzea beraien printzipioen kontrakoa dela. Beraz, McLarenek topikoari eustea erabaki du: auto itsusiak ez dira inoiz garaile izan kirol honen historian. Alderdi pragmatikoago batetik begiratuta, diseinatzaileen lana ahalik eta auto azkarrena diseinatzea da, arautegia ezagututa eta eskuragarri dituzten baliabideekin. Teorian, emaitza polita edo itsusia den erabat sekundarioa da. Haize-kanaleko datuek autoen diseinu itsusia azkarragoa dela badiote, aurrera diseinu horrekin. Talde gehienek bide hori jarraitzea erabaki dute. McLarenen beste norabide bat jarraitzea erabaki dute. Horrek esan nahi du McLareneko ingeniariak itsuak direla, beste guztiek aurkitu duten zerbait ikusi ez dutelako? Argi eta garbi, ez. Are gehiago, kontrakoa esango nuke. Agian, beste guztiek ikusi ez duten zerbait aurkitu dute. Mutur baxuago bat izateak abantailak ditu dinamika alderditik begiratuz, eta agian konpromiso optimo bat bilatzeko gai izan dira autoaren dinamika eta aerodinamikaren artean.
Kontua da McLarena polita izateaz gain, ikaragarri azkarra dela, asteburuan zehar (eta denboraldi-aurrean) ikusi den bezala. Lasterketan Button eta Hamiltonen abiadurak ez ziren errealak, 8. bueltatik aurrera erregaia aurrezten aritu baitziren, kalkulu akats baten ondorioz. Buttonek txapeldunen gisara gidatu zuen: leun, egoera kontrolatuz, espero gabeko gertakizunekin ikaratu gabe, eta beharrezkoa denean presionatuz. Datozen bi probetara arte itxaron beharko dugu bakoitzaren posizioari buruz datu gehiago izateko, baina badirudi RedBull-ek iragan bi urteetan zehar izan duen abantaila boteretsu hori desagertu dela. RedBullak gorago egotea espero nuen, batez ere larunbatean. Dena den Vettelen bigarren postuari ez zaio meriturik kendu behar, lasterketa bikaina burutu du. Mercedes taldea da 2011rekin alderatuz jauzi handiena eman duena, denboraldi-aurrean Bartzelonan ikusi ahal izan zen bezala. Badirudi espero bezala degradazio maila altua izan dutela lasterketan. Edozein kasutan, normalean autoaren diseinua aldatu gabe konponbidea duen arazoa da. Gutxienez 10 auto segundo berean daude, eta lehen 6-7 taldeen arteko diferentziak nabarmenki murriztu dira: RedBull, McLaren, Mercedes, Ferrari, Sauber, Lotus eta Williams.
Aipatzekoak, Alonso, Maldonado, Kimi eta Perezen errendimendua. Asturiarrak lor zezakeen emaitzarik positiboena eskuratu du. Lasterketan bere benetako balioa erakutsi du berriro, 10 puntu poltsikoratuz. Alonsok autoaren gabetasunak parekatzeko eta kalteak minimizatzeko gaitasun paregabea du. Larunbatean egonkortasunaren mugak gehiegi bultzatu zituen eta gidatze akats bat egin zuen, Q3an sartzeko saiakeran. Edozein kasutan, Ferraria ez dago une honetan Q3ra erraztasunez pasatzeko egoeran. Autoak une oro garapen egoeran daude eta titulua lortzeko gakoa autoa lasterketatik lasterketara hobetzea da. Ferrarik besteek baino azkarrago hobetu beharko du, helburu hori lortu nahi badu. Txapelketako parte hartzaile boteretsuenetako bat da, eta talde gisa funtzionatzen badu, lasterketa gutxi barru Alonso garaipenerako borrokan ikusi ahal izango genuke. Badirudi Pirelli-en etekina maximizatzea lortu dutela, hau da, pneumatikoen lanerako leiho ideala ondo ezagutzen dutela. Orain leiho horren barruan sartzeko falta zaien downforce-a bilatu beharko dute. Zalantzarik gabe, aurtengo Ferraria orri zuri batetik hasitako diseinua da, filosofia propiodun auto bat, garapen bide berriak esploratu nahi dituena, inori kopiatu gabe (2011ko diseinu asko RedBullaren kopia saiakerak ziren). Nortasun berezi honen bila, litekeena da Ferrarik diseinua beharrezkoa baino gehiago konplikatu izana.
Azkenik HRT taldearen esfortzua azpimarratu nahi nuke, lasterketarako sailkatzea lortu ez zuten arren. Autoa guztiz berria da aurreko urtekoarekin alderatuz, taldekide asko ere bai. Eraldatze prozesu sakon batean barneratuta daude, eta prozesu horren ondorioak sufritzen ari dira une honetan. Diseinua aurreko urtekoa baino landuagoa eta finagoa da, paper gainean aurrerapauso nabarmen bat.
Denboraldi-aurrera berandu iritsi ziren eta autoaren gaztetasunarekin loturiko arazoak identifikatzeko aukera barik heldu dira Australiara. Motorearen hozketa arazoak eta sistema hidraulikoaren akatsak autoaren gaztetasunarekin loturiko arazo tipikoak dira. Falta zaien fidagarritasuna lehenbailehen lortzea espero dut, autoaren benetako abiadura erakutsi ahal izateko eta lehenbailehen azken postutik ihes egiteko.