Giza eskubideak lantzearen aldeko apustua berretsi du Ikastolen Elkarteak
Giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzaren aldeko apustua berretsi du Ikastolen Elkarteak, Donostian eta Gasteizen izan berri diren XIX. Jardunaldi Pedagogikoetan. Horretarako, sei konpromiso zehatz hartu dituztela iragarri zuten ikastoletako ordezkariek.
GARA | Gasteiz
Ikastolen Elkarteak Donostian eta Gasteizen burutu berri dituen XIX. Jardunaldi Pedagogikoetan elkarbizitzaren ikaskuntzan jarraitzeko konpromisoa hartu du, «giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzaren aldeko aukera etengabe bultzatuz».
Ikastolen Elkarteak giza eskubideen aldeko apustua aspaldi egin zuela ekarri zuen gogora, 1997an «Bakegintza eta Hezkuntza» lelopean egin baitzituzten IV. Jardunaldi Pedagogikoak. «Arian Arian» izenburuko ikasmaterialak eta 2009ko «Ikastola eredua eta elkarbizitzarako hezkuntza» txostena ere kolektiboki onartu zituzten.
«Hala eta guztiz ere, egoera berriak apustu hori eguneratzea eskatzen du orain», nabarmendu zuten.
Ildo horretan harturiko konpromisoen artean euskal curriculumean elkarbizitzaren ikaskuntza sakontzea dago, «ikastola bakoitza ikasleak, hauen gurasoak eta profesionalak, bizitza osorako hezkuntzaren ikuspegitik norbera izaten eta elkarrekin bizitzen jakin dezagun».
Horrekin batera, ikasmaterial berrituetan elkarbizitzaren ikaskuntza areagotu eta hobetuko dute, giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen aldeko errespetua eta defentsa garatuz, «gizarte-eremu askotarikoan gertatzen diren edota gerta litezkeen indarkeriazko egoerei aurre hartzeko edota aurre egiteko balio praktikoa izan dezaten».
Prestakuntza planean elkarbizitzaren ikaskuntza laguntzeko jarduerak diseinatzea da Ikastolen Elkarteak hartu duen beste konpromisoetako bat. «Ikasmaterial horiek duten ezagutza eta xedea azken helmugetara irits daitezen, gurasoei eta profesionalei zuzendutako prestakuntza-plan doituak diseinatuko ditu Ikastolen Elkarteak», azaldu zuten.
Ikastolek elkarbizitzaren aldeko ekimen sozialetan esku hartzea da jardunaldiotan harturiko beste konpromisoetako bat. «Ikastola bakoitzak eta Ikastolen Elkarteak beren inguruko herritarrek eta gizarte, kultura eta ekonomia talde eta erakundeek, elkarbizitzaren alde, abian jartzen dituzten ekimenetan esku hartuko dute, beti ere ikastolen ikuspegia eta jokamoldea uztartuz», adierazi zuten.
«Laburbilduz, hezkuntza talde bezala, ikastola bakoitzaren autonomia zainduz, giza-eskubideen errespetua eta ikasle bakoitzaren kontzientzia kritikoa uztartzen dituen ildoa garatu beharra dugu, honen bidez, eskola komunitate osoarekin, inguruko gizartearekin eta gainerako ikasleekin elkarreraginean, ikasleek aipaturiko baloreak bereganatzearekin batera berariazko jarrerak eta portaerak azaltzeko konpetentzia adieraz dezaten», gaineratu zuen Ikastolen Elkarteak.
Giza eskubideak lantzeko sei konpromiso onartu zituen Ikastolen Elkarteak, Donostian eta Gasteizen burututako Jardunaldi Pedagokioetan.