Azken agurra eman diote gertukoek Altzürükün Dominika Etxart kantariari
Ostiral gauean hil zen Dominika Etxart kantaria eta atzo eman zioten azken agurra Altzürüküko elizan. Niko Etxart abeslariaren aita agurtzeko euskal kulturako hainbat jende ezagun bertaratu zen.
GARA | DONOSTIA
Xiberoako kantu tradizionalen ezagutzaile handienetakoaren gisan gogoratu zuten gertukoenek Dominika Etxart eta bera agurtzera hurbildu ziren atzo Altzürüküko elizara. Etxart ostiral gauean zendu zen 79 urte zituela Oloroeko erietxean, gaixotasun luze baten ondorioz, eta Maulen hilbeila egin ondoren, atzo egin zituzten hileta elizkizunak.
Kalakari fina eta indar eta memoria handiko pertsona zela azpimarratu zuten ezagutzen zutenek. Niko Etxart musikagilearen aita Parisen bizi izan zen erretreta hartu arte. Zuberoara itzuli zenean, herriz herri aritu zen kantatzen Nikorekin eta Robert Larrandabururekin. Era herrikoiaz moldaturiko zuberotar herri kanta zaharrez osatu zuten «Eperra» (Elkar, 2004) diskoa. «Bortü botza» teknika erabili zuten, hau da, Pirinioetako artzainen kantatzeko era naturala.