GARA > Idatzia > Kultura

Topaguneko tokiko hedabideek Tokikom enpresa eratu dute

GARA | DONOSTIA

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko bazkide diren 19 hedabidek eta Topaguneak berak Tokikom enpresa sortu dute. 2009an hasitako bideari jarraiki, enpresa berria tokiko hedabideen etorkizuna elkarlanean diseinatzeko tresna izango da. «Garai zailak dira hedabide guztiontzat, eta aurrera egitekotan ezinbestekoa da azkar mugitzea. Tokikom enpresa tokiko hedabideek egoera berriei erantzun azkarra emateko tresna gisa sortu da», azaldu zuten.

Hiru izango dira enpresa honen eginkizun nagusiak: Esparru komunak eraikitzea eta kudeatzea (publizitatea, ekoizpena, teknologia, trebakuntza, barne komunikazioa...); solaskidetza sendoa lortzea euskarazko hedabideen sektorearekin eta erakundeen aurrean; eta toki-hedabideen integrazio posiblearen diseinua proposatzea eta horren inguruan adostasuna eraikitzea. «Mugimendu honekin, tokiko hedabideek, barne kohesioa lantzeaz gain, Euskal Herri mailan zirriborratzen hasi den euskal hedabideen arteko elkarlana ere erraztu nahi dute, foro horretara ere ahots bateratua ekarriz», azaldu zuten. Oraingoz 19 hedabide dira, «baina ateak zabalik egongo dira gerora ere gerturatu nahi dutenentzat».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo