Berezkoak
Olivier Larretxeak maila gorenean dagoela erakutsi du
Zuraideko aurrelaria izan da B multzoko lehen jardunaldiko pilotaririk onena.
Jon LEUNDA
A Multzoko lehen jardunaldian Waltari izan bezala, B multzokoan, Olivier Larretxea izan zen protagonista, atzo sekulako norgehiagoka egin baitzuen, eta bera izan zen atzoko zortzi pilotarien artean onena.
Zuraidekoak Jeanots du lagun, eta 40-24 hartu zituzten mendean Etxeberri eta Lanbert. Partida ziztuan abiatu zen, eta oso minutu gutxian irabazleak 10-0 aurretik ziren. Tarte horretan aurrelari lapurtarrak sei tanto egin zituen saketik, eta norgehiagoka oso bideratuta jarri zuen hasi bezain laster.
Hortik aurrera ere kontuak ez ziren gehiegi aldatu. Behin horrelako aldea lortutakoan, zaila izaten da galtzea, eta are gutxiago eskarmentua duten pilotariak tartean daudenean.
Etxeberrik eta Lanbertek izan zuten erreakzio txiki bat, baina ez zen nahikoa izan. Larretxeak eta Jeanotsek beti kontrolpean izan zuten partida eta amaieran oso garaipen erraza lortu zuten. Larretxeak saketik 14 tanto egin zituen, ia erdiak, baina hirugarren jokaldian ere askotan amaitu zituen tantoak, eta dudarik gabe bere lana erabakigarria izan zen. Etxeberrik hiru kintze besterik ez zituen lortu hasierako jokaldiarekin.
Aurretik jokatu zen neurketan ere ez zen ezusterik izan. Biellek eta Ozafrainek 21-40 irabazi zieten Alfarori eta Etxetori. Partida hau aurrekoa baino estuagoa izan zen, batez ere lehen zatian, baina erditik aurrera Bielle eta Ozafrain oso erraz aritu ziren, eta ongi merezitako garaipena erdietsi zuten.
Lehen zatian, ordea, gauzak estu joan ziren. Etxetok partida handia egin zuen, eta 16-16 berdinduta egon ziren. Hor, ordea, atzelari lapurtarra behera egiten hasi zen, eta horretaz ederki baliatu ziren aurkariak 5-24ko partziala sartu eta garaipena segurtatzeko. Biellek oso lan ona egin zuen atzokoan. Saketik hamaika kintze egin zituen. Atzean Ozafrainek duen eskarmentua eta maila agerian utzi zituen. Beste aldean, Alfarok bi tanto lortu zituen saketik, eta lauretan ahulena bera izan zen.
Datorren asteburuan jokatuko da ligaxkako bigarren jardunaldia. Larunbatean Maulen A multzoko bi norgehiagoka izango dira, eta astelehenean, berriz, Donibane Garazin jokatuko dira B multzoko bi partidak.