GARA > Idatzia > Euskal Herria

zigor etxeburua | gipuzkoako aldundiko euskara zuzendaria

«Erroldarekin jendea euskaraz bizi dadin animatu nahi dugu»

Ingeniaritza ikasketak ia amaitzear utzi zituen Zigor Etxeburuak (Donostia, 1970). Ibilbidea euskararen arloan garatu du, hala nola AEKn, irakasle lanean zazpi urtez aritu baita bertan. Kazetari lana ere egin du, eta azken hamar urteak Kontseiluan eman ditu, ekainean Aldundiaren erronkari baiezkoa eman zion arte.

p019_f01.jpg

Oihane LARRETXEA |

Apalategiak liburuz beteta ditu. Horrek, eta barruko egurrezko egitura ederrak erosoa egiten dute bulegoa. Gipuzkoa plazara begira dagoen leihoari bizkarra emanez egiten du altzar honek euskararen diagnosia. Hizkuntza unean uneko batailak irabazten ari den arren, oraindik ere sendatu beharreko zauriak dituela ohartarazten du. Hala ere, mateari ematen dion trago eta trago artean, euskaldunak zoriontzen ditu, euskaraz bizitzeko zereginean etsitzen ez dutelako.

Euskara Zuzendaritzatik, alegia, Aldunditik, zer da euskararen alde egin daitekeena?

Eredugarria izan behar du, erakutsi behar dugu gai hau lehentasunezkoa dela. Horretarako, Aldundiak bere burua euskaldundu behar du, euskaraz lan egin behar du, eta gainera, behartuta dago herritarrei zerbitzua euskaraz ematen. Uste dut egoera anormalean dagoen hizkuntzaren berreskurapen prozesuan liderra izan behar duela.

Bestetik, sustapen lana egin behar du, horien artean, beste administrazioetatik egiten ez dena osatzen saiatu, baina bere neurrian, ez daukagulako ahalmen osoa hori egiteko. Alegia, Jaurlaritzak egiten ez duena osatzen saiatzen gara, edo Nafarroako kasuan, nafar euskaldunei bertako Gobernuak ematen ez diena ematen saiatzen gara.

Kritika gogorrak jaso arren?

Noski. Euskaldunak elkarri lagundu behar diogu. Hori egitea nahitaezkoa da, hau da, geure ahalmenen barruan, elkarrekin solidarioak izatea.

Abian jarriko duzuen ekimenetako bat da, hain zuzen ere, astelehenean aurkeztuko duzuen euskal hiztunen errolda. Zertan datza?

Euskarak ez ditu hizkuntza arrunt batek behar dituen tresna guztiak. Horregatik, sortu egin behar ditugu, eta testuinguru horretan kokatzen da errolda hau. Guk hizkuntza politika egiteko burujabetasuna behar dugu, askatasuna.

Erroldarekin egin nahi duguna da euskaldunak animatu euskaraz bizi daitezen. Aldundiarekin harremanak euskaraz izateko aukera ahalbidetuko dugu, beraz. Horretarako, aurretik galdetu egin behar diegu zein hizkuntzatan nahi duten beraiengana zuzentzea. Behin horiek identifikatutakoan, zerrenda osatuko dugu aurrerantzean hala nahi dutenekin euskaraz mintzatzeko. Tresna berri hau abiarazteko errenta kanpaina baliatuko dugu.

Euskara Zuzendaritzaren Plan Estrategikoa ere lantzen ari da Aldundia.

Berritzea tokatzen zen, baina lan tekniko huts bat egin beharrean, egokia ikusi genuen parte-hartze prozesu bat bideratzea. Bertan, euskalgintzako eta gizarte eragileetako ordezkariei iritzia eskatu diegu Aldundiak hizkuntza politikan egin beharko lukeen lanaren inguruan.

Zein da euskararen osasuna Gipuzkoan? Eta euskaltzaleena?

Proportzioan, Gipuzkoa lurralderik euskaldunena da, biztanleen erdia baino gehiago, %53 inguru, euskalduna delako, eta biztanleriaren beste %20 inguruk euskaraz ulertzen baitu. Gainera, egunero erakusten du euskaraz bizitzeko nahia. Erabilera mailari dagokionez, maila handiena bertan dago, lanean, familian edo lagunartean erabiltzen duelako. Bere hizkuntzari oso fidela zaio gipuzkoarra.

Arlo ugaritan asko egin dugu aurrera, hezkuntzan kasu. A eredua gaur egun bazterreko eredua dela esan dezakegu, eta beste lurraldeetan ere beste hainbeste gertatzen da. Alor sozioekonomikoari dagokionez, gaur egun «Bai euskarari» ziurtagiria duten entitateen herena gipuzkoarra da; guztira 510 dira.

Euskararekin konprometitua da, duda izpirik gabe, eta hori balio erantsi bat da. Honek dena eginda dagoen irudia eman dezake, baina ez da hala. Egoera anormalean dago hizkuntza, horren adierazle da biztanleriaren %70 ez dela euskaraz bizi.

Euskararekiko fideltasunaren harira, gaztelania al da harreman leial hori eteten duen maitalea? EHEk salatu du «7 euskaldun + erdaldun 1 = 8 erdaldun» formula betetzen dela.

«Kolonizatuaren mentalitatea» esaten zion Joxe Manuel Odriozolak. Badaukagu halako uste oker bat, diplomazia eta formak zaintzearen ustea, alegia. Sasi errespetuaren izenean, geure duintasuna galtzen dugu, euskaldun kopurua handiagoa izan arren, geurea uzten dugulako, arrotza dena gailentzeko.

Ez dugu euskaraz bizitzeko barne gogo hori nahikoa indartuta oraindik. Zentzu horretan gehiago egin behar dugu, eta norbanakoari dagokio hori, baina pertsonak ez dira burbuiletan bizi, gizartean baizik. Egunero aritu behar dugu euskarari traba egiten dion horma hori mailu txiki batekin kolpatzen bidea egiteko. Nekagarria da, horregatik jendeak etsitze puntu bat sentitu dezake.

Zergatik jasotzen ditu halako erasoak euskarak?

Inguruan ditugun Estatu frantsesak eta espainolak ikuspegi zentralista dute, dominatzailea, eta hondeatzaileen lan berbera egiten dute: lurreko muinoak kentzen dituzte, lore guztiak zanpatuz. Zelai batean bitxiloreak, kardaberak eta hirustak egon daitezke, baina haiek ez dute nahi, zelaian belarra bakarrik nahi dute. Guk geure lorea aldarrikatzen dugu, naturari on egiten dion lorea delako.

Zer iritzi duzu lehengo astean euskarak Madrilen jaso zuen omenaldiaz?

Omenaldia ziur asko batzuek asmo onenarekin antolatuko zuten, ez dut hori zalantzan jartzen, baina tokia bitxia da, zerbait esateagatik. Madrilen egitea, alegia, «Euskaldunon Egunkari»-ko sortzaileak edo Elkarreko arduradunak preso eduki zituzten tokitik gertu egitea... ekitaldian egon ziren gehienak ixilik egon ziren garai hartan, eta orain euskarari omenaldi bat egitea niretzat iraingarria da. Gauzak diren bezala.

Gonbidapena jaso genuen, baina argi ikusi genuen guk han ez genuela ezer egiteko, ez behintzat Espainiako gobernuak euskarari normaltasunez garatzen uzten ez dion bitartean.

Txillardegik zioen euskararik gabeko Euskal Herria ezinezkoa zela.

Noski, izenetik bertatik dator. Euskaldunak euskaradunak gara, ez badugu euskararik izenik ere ez daukagu eta Euskal Herria euskararen herria da. Izenak izatea dakar, atsotitzak dioen moduan. Txillardegik berak ere esan zuen Estatua behar dugula. Horrekin ez da ziurra hizkuntzari eustea, baina hori gabe ziurra da eutsiko ez diogula.

 

adierazgarria

«Euskaldunak euskararik gabe ez gara deus. Europan, munduan, identifikatzen gaituen bereizgarririk nabarmenena da, ez bada bakarra»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo