GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Andinismoa Denboraldi amaiera

Patagoniako erpinetan kalitatezko mugimendua izan da

Patagoniako denboraldia amaitu da, eta Cerro Torrek protagonismoa hartu badu ere, beste erpinetan ere goi mailako jarduerak izan dira: errusiarrek Poincenoten «big wall» berria sinatu dute, argentinarrek zein estatubatuarrek pare bat zeharkaldi egin dituzte...

p048_f01_149x136.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Agian, oraindik, azken «ezusteko» bat egon daiteke, baina, lasai iragar daiteke, Patagoniako denboraldia amaitu egin dela. Eta, nola amaitu ere! Inolako zalantzarik gabe, aurtengo denboraldia bikaina baino bikainagoa izan da. Nahiz eta batere ohikoa ez den izan, Argentinako erpin horietara hurbildu diren alpinistek zorte handia izan dute eguraldiarekin. Eta, jakina, horrek guztiak azken emaitzan berebiziko garrantzia izan du.

Aurreko kroniketan batez ere Cerro Torren bizitakoa azpimarratu dugu; izan ere, oso jarduera garrantzitsuak egin dira. Baina haren alboan dauden beste erpin eta mendiguneetan ere mugimendu handia eta kalitatezkoa egon da. Horrela bada, Patagoniari buruzko azken lerrootan horietako batzuen berri emango dizuegu.

Eta hasteko, errusiar laukote batek Poincenot orratzean sinatutakoa aipatuko dugu. Sergey Dashkevich, Mikhail Davy, Eugeny Dmirtienko eta Arkady Sereginek 750 metroko marra berria sortu dute erpinaren hego-ekialdean. Errusiarrek Patagonian lortu duten lehen big wall-a dugu, eta «Russo» bidea deitu diote. Nahiz eta 750 metro berri izan, gehitu behar dugu laukote horrek beste 850 metro eskalatu zituela gailurrera heltzeko. Hain zuzen ere, «Sperone degli Italiani» bidetik igo ziren.

Jarduera hau egin ahal izateko, zortzi egun behar izan zituzten, eta kapsula estiloan burutu zuten eskalada. Lanak otsailaren 15ean bukatu zituzten, eta, protagonistek baieztatu dutenez, gogorra izan da oso: «Oso eguraldi txarra izan dugu, eta baldintza horiek ez digute batere lagundu, besteak beste, teknikoki oso eskalada zaila delako. 750 metrotik 600 oso-oso bertikalak dira. Ondoren bide klasiko batetik jarraitu genuen, 15 luze, guztira 6b-tik pasatzen ez zirenak. Gure proposamena honakoa da: era librean 6b, artifizialean A4 eta mistoan M4».

Bide berria, beraz, Poincenoten; asko eta asko ahoa bete hortz utzi dituena: «Harrigarria izan da errusiarrek egin dutena. Oso eguraldi makurrarekin egundoko marra sinatu dute; oso zaila, gainera. Uste dugu poloniarrak, esloveniarrak eta errusiarrak baino ez direla gai izaera horretako jarduerak egiteko hain eguraldi gaiztoarekin».

Zeharkaldi zuria

Bien bitartean, Max Odell eta Agustin eta Juan Manuel Raselli anaiak «fantasiaren» munduan ibili ziren. Urtarrilaren 18tik 25era «Perretxikoen zeharkaldia» izeneko eskalada sinatu zuten. Protagonistek beraiek hitz gutxitan honako ondorioa atera dute: «Zeharkaldia, berez, luzea da oso. Erotu batzuen jarduera izan dela esan genezake, baina guretzat eskalada lasaia izan da. Hor goian, erpinen artean, ibiltzea beti da fantasia».

Lehenik eta behin izenik gabeko erpin bat eskalatu zuten. Eta, ondoren, bata bestearen atzetik kateatzen joan ziren: Doblado, Ñato, hiru Adelak eta Cerro Torre mendebal aurpegitik. Beste era batera esanda, zazpi gailur zazpi egunetan.

Helburua lortuta, argentinarrek adierazi dute ez direla batere estresatuta ibili: «Zazpi eguneko zeharkaldia izan da, baina ez dugu gaizki pasatu. Nahiz eta Cerro Torren amaitzea gauza borobila den, geure asmoa izenik gabeko dorre hori eskalatzea zen. Oso lasai abiatu ginen; gozatzera irten ginen. Herritik alde egin, mendian ibili eta ondo pasatzea zen helburua. Eta erdietsi dugu».

Beste zeharkaldi bat

Scott Bennnett eta Cheyne Lempe estatubatuarrek ere zeharkaldi baten alde egin zuten. Berria; inoiz egin gabekoa. Mermoz orratzaren ipar-mendebaldeko ertza hartu eta Fitz Royn amaitu zuten. Guztira, 1.900 metroko eskalada: horietako 500, berriak, eta gainerako metroak, lehengo bide batzuetatik egin zituzten. Zailtasuna, berriz: 6c, A1. Goi mailako zeharkaldi horrek «The sitz start» du izena, estilo alpinoan sinatua da eta hiru bibak behar izan zituzten. Zeharkaldi hau egitea gutxi izango balitz bezala, sokada horrek Guillaumet orratzean marra berria sortu zuen: «Manos al cielo» (400 m, 7a).

Igo gabeko metroak

Beste marra berri batzuei dagokienez, aipatu behar da Luciano Fiorenza, Jonathan Jorzuk eta Diego Simari argentinarrek sormen-lan berria sinatu dutela Aguja de la Sillaren ipar-mendebaldeko aurpegian: «Destreza criolla» (500 m, 6b+).

Hilabete honetan bertan zabaldu dute aipatutako marra: «Oso bide ikusgarria da, eta era berean, dotorea. Hori bai, lehen luzeetako harkaitzaren kalitatea nahiko kaskarra izan da. Ondoren, egoera irauli egiten da, eta, azkenean, oso harkaitz perfektuan eskalatu genuen. Bestalde, zailtasun teknikoak ez dira handiak, baina, zalantzarik ez dugu zabaldu berri dugun bide hori oso serioa dela».

Gogora dezagun, bestalde, Fiorenzak berak, Sacha Gal suitzarrarekin batera, «Crux del sur» izeneko marra berria ere zabaldu duela. Kasu honetan Fitz Royko Goretta zutoinean: «Marra ikaragarria da, ipar pilarea igotzeko aukera ezin hobea. `Casarotto' bide historikotik hasten da, eta `Kerney-Knight' marratik pasatu ondoren, eroria duen diedro ikusgarri batetik jarraitzen du. Estilo arinean eskalatu genuen; bi egunetan, hain zuzen ere».

Eta Patagoniako kronika hau amaitzeko, erpin haietan behin eta berriz azaltzen diren bi estatubatuar aipatu behar ditugu: Mikey Schaefer eta Kate Rutherford. Bada, sokada honek Innominata orratzaren ipar aurpegian lau luzeko aldaera bat sortu du: «Tiempo para la playa» (450 m, 5.10, A1). Schaeferrek dagoeneko Fitz Roy mendigunean dauden zazpi gailurretatik seitan bide berria zabaldu du. Estatubatuarrak iragarri du datorren denboraldian itzultzeko asmoa duela.

lehena

Errusiar laukote batek Poincenot orratzean bide berria zabaldu du; hots, errusiarrek Patagoniako erpinetan sortu duten lehena.

zeharkaldiak

Argentinako hirukote batek «Perretxikoen zeharkaldia» sinatu du. Sokada estatubatuar batek, berriz, Mermoz orratza eta Fitz Roy lotu ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo