OLATU HANDIAK Errekor berria
Tao Bermanek beste marka bat du kayakarekin
Orain artean kayak batekin hartutako olatu handienaren errekorra lortu du Taok.
H.L.A.
Tao Berman aditua da kayakarekin erreketan muturreko jaitsierak egiten. Ur-jauzi erraldoietan jauziak egiten eta ibaietako ur laster indartsuetan barrena ibiltzen espezialista da.
Errekor eta marka anitz hautsi ditu muturreko kirolari amerikar honek. Besteak beste, munduko hiru errekor lortu ditu, 30 metroko ur-jauzi bat jaisteagatik, jaitsiera batean abiadura handiena lortzeagatik eta jaitsiera bertikalean distantzia handiena egiteagatik.
Askotan (50 aldiz baino gehiago) lehena izan da erreka batean kayak batekin jaitsiera egiten eta mundu mailako tituluak ere lortu ditu. Bere azken errekorra, ordea, itsasoan lortu du.
AEBetan, Oregonen dagoen Nellscott Reef urautsi famatuan, 6 metroko olatu bat hartu du uretako moto baten laguntzaz eta modu horretan, kayak bidez hartutako olatu handienaren errekorra bete du.