GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Derek Rabelo: Pipelineko urautsian ikusleen begiak ireki dituen surflari itsua

Surfa, gorputz atal askoren arteko koordinazioa eskatzen duen kirola da; beraz, kirol zaila da, baina are zailagoa da ahalmen fisiko edo psikikoak mugatuak dituen norbaitentzat. Hala ere, badira oztopo guztiei aurre eginaz surf egiteko gai diren pertsona miresgarriak.

p054_f01_97x112.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Itsasoa bezalako ingurune aldakor batean sartu, arraun egin, olatua aukeratu, berau hartu, zutik jarri, taula mugitu, erori, berriz ere urautsira barneratu... Egoera fisiko egokia eskatzen duen kirola da surfa.

Beraz, zentzu horretan, surfa apur bat gogorra dela esan daiteke, baina olatu baten gainean joateak ematen duen plazerak milaka pertsona liluratzen du eta zirrara berezi hori sentitzearren, batzuek, gaindiezinak diruditen oztopoei aurre egiteko gai direla erakutsi dute.

Ahalmen urriko surflariak direla esan ohi da, baina haien gaitasunak mugatuak izan arren, oztopoak gainditzeko duten indarra eta grina ikusita, bestelako ahalmen eta balioak dituztela esan daiteke; eta beraz, «ahalmen urria» kontzeptua okerra, edo gutxienez, oso erlatiboa dela frogatzen dute. Hona hemen inolaz ere ahalmen urrikoa dela esan ezin den pertsona bat.

Surflari itsua

Lehen aipatutako ekintza guztiak burutzeko egoera fisiko egoki bat beharrezkoa dela esan dugu; baina surf ongi egiteko ezinbesteko osagairik baldin bada, hori, olatuaren irakurketa egoki bat egitea da, eta beraz, ikusmenak berebiziko garrantzia dauka.

Derek Rabelok 19 urte ditu eta jaiotzez itsua da. Bere aita eta osaba surflariak dira, eta beraz, aspalditik ezagutzen ditu surfaren nondik norakoak, baina lehen olatua orain bi urte eta erdi hartu zuen.

Guarapariko hondartzan dagoen surf eskola batean izena eman, eta han egin zituen bere lehen urratsak. Irakasleak bere abilezia ikusita, surf egiteko dohain berezia zuela eta nahi izanez gero munduko leku garrantzitsuenean, alegia Pipelinen, surf egiteko gai zela esan zion. Guarapariko surflari honek ez zuen bitan pentsatu, diru pixka bat aurreztu eta Hawaiira abiatu zen.

Rabelok Pipelinen hartu eta Youtuben zintzilikatu dituen irudiek munduari buelta eman diote eta fama handia hartu du denbora gutxian. Irudi bitxiak dira, ikusgarriak, ikus ditzakeen edozein pertsonaren ikuspegitik; izan ere, protagonista itsua izanda, berau ikusita, ikusleak bere burua egoera bakoitzean kokatu behar baitu.

Rabelok, Pipelineko urautsian inor gutxiri olatuak hartzen uzten dioten bertako surflarien errespetua eta mirespena ere irabazi du, eta hori ere albiste izan da surflarien arteko foroetan. Pipelineko urautsian jaun eta jabe direnek, kanpotarrei han surf egiteagatik ukabilkadak eman eta hezurrak hausten aritzen direnek, antza, bihotz txiki bat ere badutela erakutsi dute.

Bideoan ikus daitekeen moduan, Rabelok berak bakarrik egiten du barruratzea. Apar bat gerturatzen dela sumatu orduko azpiratzea noiz eta nola egin zehatz asmatzen du eta horrekin bakarrik aparteko gaitasuna erakusten du. Baina, oraindik eta zailagoa da olatu bat hartu eta berau surfeatzea.

Ikusi gabe, surfean

Horretarako, Rabelok lagun baten laguntza izaten du. Uhina datorrenean abisua ematen dio eta norabide egokian kokatzen laguntzen du. Rabelok olatua sentitu orduko bere entzumen zorrotzak esaten dionaren arabera egiten ditu urratsak, beraz entzumenak gidatuta egiten du surf.

Bitxia da Rabelo surfean ikustea. Zutiketa esaterako, beti aurpegiz egiten du. Alegia, eskuin olatua bada, eskuin oina jartzen du atzean; eta ezkerra bada, berriz, ezker oina. Modu horretan, esku batekin taulari eutsi eta bestearekin olatuaren magala ukitzen du eta horrela lortzen du olatua hartzen ari den forma zein den asmatzea eta taulak zein norabide daraman jakitea.

Pipeline munduko olaturik famatu eta arriskutsuenetako bat da. Ez da edonork surf egiteko lekua. Rabelo itsasoratu zen egunean olatuak ez ziren handiak, metro eta erdi ingurukoak, baina halakoetan ere arriskutsua izan ohi da, sakonera gutxiko urak baitira. Rabelok arrezifearekin oin batean zauria egin zuen, baina horrek ez zion saiakeran jarraitzeko asmoa kendu.

Lau olatu hartu zituen lehen egunean, lehen hiruretan jauzi zen, baina laugarrenean olatua osorik egitea lortu zuen eta kontent zen.

«Nire surf egiteko teknika jainkoak emana da. Hawaiira etorri nintzen mirari baten bila eta bidean naiz». Rabelok aipatzen duen miraria, «surflarien Meka» deitzen dioten Pipelineko urautsian tubo bat egitean gauzatuko omen da. Milagroa edo miraria, gauza bat argia da, miresgarria, horixe da mutil honek jada egin duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo