GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Kalean ere gu geu

Espero dut ostegun honetan kaleek gainezka egitea; espero dut dena itxita ikustea, langile guztiak, langabeak, gazteak, haurrak eta txakurrak ere kalean egotea. Espero dut greba egiten ez duenari kontzientziak etengabe ziztatzea, elkartasun eta erantzukizun sozial ezak gogor bakartzea, inguruan hobeto sentiaraziko duenik aurkitu ezinik. Espero dut Gobernuak merezi duen erantzuna jasotzea, eta edozer irensteko prest gauden jendartea ez garela erakustea.

Azkenaldian ikusten ari garenak, gehiengo absolutuaren alderdirik bortitzenak, «geu gara agintariak eta geure moldeko jendartea egingo dugu» filosofiaren emaitzak jasotzen hasteko suntsitu beharreko lehen jomugak, alegia, langileak -hauen barruan beti gehiago emakumeak- eta berdintasun guztiak -liberté, égalité, fraternité- ahalbidetzeko egitura eta bideak, horien kontrako erasoak eta hauek zuritzeko ahaleginak, Bigarren Mundu Guda dakarkit burura. Gerra hori sustatu zuten faxismoak, horiek indartsuak bihur zitezen orduko egoera soziala: pobrezia, frustrazioa, ahulezia, oinarrizko-oinarrizkoagatik kezkatu beharrak eraginda. Aldeak alde, egun bizitzen ari garena oso antzekoa da, eta argi ikusten ari gara mugimendurik kontserbadore eta zapaltzaileena gailentzen ari dela. Hauteskundeak horren erakusgarri izan ziren, estatu espainolean, behintzat, PPri emanda gehiengo absolutua, egin eta desegiteko boterea, aurrekoen zigorrerako, edo gehiago hondoratzeko beldurrak jota, edo gizakiok oroitzapen gaitasun urria dugulako, alderdi horrek berak aurrekoan ekarritakoak gogoan izateko, besteak beste, gezurra oinarri zuen gerra bat.

Boterea eman zieten eta egikaritzen ari dira, astirik galdu barik, erreakzionatzeko denborarik eman gabe; abortuaren erreforma, lan erreforma, orain Kode Penalaren artikulu baten erreforma, elkartu eta manifestatzeko eskubidea murrizte aldera, beso poliziala luzatu eta gogortzeko, argi izan dezagun, esaterako, ostegun honetan, nork duen agintea eta herritarrok izorratzeko makila. Protesta soziala desagerrarazi nahian dabilen gobernu batek, «autoritatearekiko erresistentziaren» ondoriozko zigorrak areagotuta, erresistentzia horren barruan bere armadun adarrak emandako kolpeak eta tratu txarrak ekiditeko saiakerak sartuta, argi dauka protesta horretan baduela mehatxurik, «basapiztiak» mantsotzeko beharra, beldurra sartuta bada ere, «basapiztiak» beren kabuz desagertuko direlakoan.

Ez gara XX. mendeko jendarte bera; ezin gara bizi orduko baldintzetan, orduan lez gobernatu nahi duten agintarien nahierara. Gauza asko lortu dira ordutik; emakumeok, bereziki, gizateriaren erdia izateak ekarri beharreko lekua eta ahotsa, gu geu izateko eta erabaki ahal izateko askatasuna. Jendartearen gehiengoaren kontrako eraso hauek are erasoago direlako guretzat, espero dut, halaber, arestian aipaturiko kaleetan, beste guztien ondoan, emakume andana ikustea, langile edo langabe, ikasle edo etxekoandre, baina emakumeon batasunaren erakusle. Gure adiskide eta lankideekin batera, beharrezko greba orokor honen eragile aktibo eta nahitaezko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo