GARA > Idatzia > Ekonomia

«Biharko gizarte eredua laborantzako hautuen araberakoa izango da»

p024_f01.jpg

Maritxu Lopepe
Kazetaria

«Biharko lurraren hazia» liburua atera berri du Maritxu Lopepe kazetariak, Gatuzain argitaletxearekin. Nekazaritza ekologiko edo biologikoan ari diren hamar laborariren elkarrizketek osatzen dute obraren mamia. Gaur egun laborantza biologikoan diren galdera eta eztabaidak aipatzen dira bertan.

Idoia ERASO | BAIONA

Maritxu Lopepe «Laborari» astekariko kazetaria da. 1996an hasi zen ofizioan, argitalpen horretan, eta 2001ean «Euskal Herriko Kazeta» egunkarian sorreran parte hartu zuen, bertan zazpi urtez lan eginez.

Nola hasi zen liburua osatzeko egitasmoa?

Gatuzain argitaletxeak eta Biharko Lurraren Elkarteak laborantza biologikoari buruzko zerbait egin nahi zuten, gaur egun laborantzan eta laborantza biologikoan diren galdera eta eztabaidak aipatzeko.

Hala ere, ez da liburua teknikoa; laborantza biologikoaren filosofia azaltzen du, eta laborantzaz gain, gizarte eredu bat ere aurkeztua da. Laborariei eta ez direnei zuzenduta dago, gogoetak aberatsak eta anitzak baitira. Horrela, denek atzemanen dute zerbait hartzeko gogoeta horietan.

Zein gizarte eredu eratortzen da lan eredu horretatik?

Egun ikusten dugu laborantzan sustatuak diren ereduetarik anitz aterabiderik gabeak direla eta ez diete ihardesten egungo galderei. Esaterako, janariaren kalitate mailan, industriala ez da erantzun bat. Ingurumenaren errespetuan ere ez da erantzun egokia; kontrakoa baizik, problemak pausatzen ditu. Ekonomikoki berdin da, laboraria gaur egun ez da bere ofizioaz bizitzen. Gure bazterrak nola bilakatzen diren; gure herriak, nekazaritza guneetan, laborariek osatzen dituzte. Laboraririk gabeko herriak zer izaten ahal dira bihar?

Leku batzuetan ekonomikoki ez da beste jarduera handirik egiten ahal laborantzaz bestalde; beraz, ez baduzu ematen ofizio horretan segitzeko enbeia hori, bihar ez da ekonomiarik izanen herri horietan. Biharko gizartea nola moldatzen dugun, laborantzan egiten diren hautuen araberakoa da.

2009an Europa mailan ezarri zen legediaren ondorioz, laborantza biologikoan bi eredu ezarri dira: industriala eta liburuan agertzen diren laborariek ordezkatzen dutena...

Azken urteetan biologikoaren munduan izaten ari den eztabaida biziena hori da. Biologikoa izanik ere, ez da baitezpada ona gizartearendako, eta hori konplikatua da kontsumitzaileari esplikatzea, zeren eta uste du biologikoa izanik garantia bat baduela. Baina ez da hala, hori baino konplikatuagoa da.

Biologikoan ere kopiatzen ari dira industrialaren praktika batzuk; erran nahi baita, frutagintzan, demagun, etxalde handi-handiak dira, kasik latifundioak, langile prekarioekin ari direnak. Usu, frutagintza produktibistan, langileak etorkinak dira, kasik esklabotzan direnak; eta biologikoan kopiatzen ari dira egitura hori. Ez da pestizidarik fruitu horietan, baina sozialki ez da eredu onargarria.

Nolakoa izan da laborantza biologikoaren historia azken urteotan Ipar Euskal Herrian?

Elkarrizketatuen artean, batzuek duela 40 urte hasi dituzte biologikoari buruzko gogoetak, eta beste batzuk duela bizpahiru urte hasi dira ofizio horretan.

Azken hamarkadan biziki aipatzen da, eta kasik modan da, baina hori baino luzeagoa du historia. Aspaldiko laborariek esplikatzen dute beren hautua egin zutelarik kasik martzianoak zirela. Euskal Herrian bezala beste toki guztietan berdin gertatzen zen garai hartan.

Pixka bat marginalak ziren, Gerla Handiaren ondoren produktibismoa eta janaria kantitate handian egitea ziren politikak; horren ondoan, pestizidari edo mekanizazio handiari uko egitea, ez zen arras normala izatea. Konbikzio azkarrengatik segitu dute bide horretan, baina ingurune hartan ez zen erraza. Azken urteotan ere, nahiz eta ingurunea hobea den, ez da erraza hautu hori egitea.

Elkarrizketa horietatik zer nabarmenduko zenuke?

Aspaldiko laborariek izan zituzten zailtasunak; eta gazteenetan, zein argi duten bide hori segitu behar dela. Argi ikusten dute janari ekoizleak direla eta lehenik pentsatu behar dutela beren etxaldean egiten dutena norbaitek janen duela, horrek dituen inplikazio guztiekin. Beren hautuak filosofia orokor batean kokatzen dituzte: gizarte eredu bat, natura, jendea, kabalaren errespetua, gizarte mailan ere elkartasuna eta horrelako balioak azkar dituzte. Mundu ttipi bat eta menturaz bihar ikusi nahiko genukeen mundua proposatzen dute.

 

industriala

«Janariaren kalitate mailan laborantza industriala ez da erantzun egokia, ingurumenaren errespetuan ere ez. Ekonomikoki berdin da, laboraria gaur egun ez da bere ofizioaz bizitzen ahal»

lan prekarioa

«Biologikoan laborantza produktibistaren praktika batzuk kopiatzen ari dira, langile prekarioekin esaterako. Ez da pestizidarik fruitu horietan, baina sozialki ez da eredu onargarria»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo