GARA > Idatzia > Kultura

«Kolore, estilo eta ikuspuntu ezberdinez osatutako harribitxien kaxa da Araba»

p056_f01.jpg

Oihane Perea eta Izar Mendiguren

Arabako kuadrillen arteko bertso txapelketako bi talde finalistetako kideak

Larunbatean, Aramaion, hainbeste sentsazio eta sentimendu bizi izan ondotik, festaren eta lanaren irudia gelditu zaie Oihane Pereari eta Izar Mendigureni. Talde irabazleko, Aguraingo Sorginetxeko kidea da Perea; Mendiguren, aldiz, bigarren egin zuen Aiaraldeko Altubepekoak kuadrillakoa.

Maider IANTZI | ARAMAIO

Finalean bezala, irriz eta kontent zeuden Oihane Perea eta Izar Mendiguren elkarrizketa egin genienean, Arabako bertsolaritza ere udaberrian sartu dela-eta pozik, eta bixamona-rekin ere bai, Aramaioko zapore eta sentimendu gozoarekin.

Nola bizi izan duzue Arabako bigarren Kuadrilla arteko Txapelketa hau?

I. M: Kuadrillan. Bertsoa osasuntsua izan dadin eta ez dezan inor gaixotu, lagunarteko zerbait izan behar da. Epaileak konbentzitzeko epaitegiak daude. Non kantatzen da lagunartean baino gusturago ba?

O. P: Txapelketa hau oso esperientzia aberasgarria da bertsolari izan nahi dutenentzat eta ja pixka bat bertsolariago direnentzat. Eta bien eskutik zerbait ederra sortzeko aukera. Piramidea borobil bihurtzen duen txapelketa da, eta elkar elikatzen dugu bertsozaleok, bertsolariok, gai-jartzaileok, epaileok... Beti esaten da banakakoan ideal bezala hori, baina kasu honetan errealitatea da, oso txapelketa horizontala da eta denak maila berean gaude, bai bertso jarriak egiten dituztenak bai entzuten dutenak bai kantatzen dugunak, eta ez zara bereziki protagonista sentitzen, baizik eta zerbaiten parte. Eta hori bertsolaritza batzuetan oso modu bakartian bizitzera behartuta gaudenontzat oso aberasgarria dela uste dut.

Arabako bertsolaritza hazten, zabaltzen eta hobetzen ari dela ikusten duzue?

I. M: Dudarik gabe. Duela zazpi urte hiruzpalau neska genbiltzan Araban kantari; aurten hamabost izan gara. Lorea hazi eta zabaltzen ari da hezkuntzan zein aisialdian eta fruituak agerian daude.

O. P: Duela hiru urte txapelketa polita atera zen, baina banakako lehiara jauzi egiteko hemezortzi bertsolari behar, eta justu hemezortzi genituen, ez gehiagorik. Hausnarketa egin zen elkartean zer edo zer egin behar zela astintzeko eta bertso eskoletan jendea motibatzeko saltoa ematera. Eta agian saltoa babesik edo sarerik gabe egin beharrean, egitura bat prestatu behar zela pentsatu zen, politago edo goxoago egiteko salto hori, edo behintzat gradualago. Eta uste dut hala izan zela, duela bi urte txapelketa egin zenean, hemezortzi bertsolaritik berrogeira egin genuelako salto, eta horiek gero banakako txapelketarako hazia izan zirelako. Oraingo txapelketa honek sasia astintzeko egin genuen ahalegin hori indartzen du, bertsolari bihurtzen ari diren horien ahalegina.

Finalean bertsolari beteranoetakoak izan zineten. Bertsokideak «zaintzen» aritu zineten?

I. M: Aurrera egiteko elkarren artean zaindu beharra dago. Nik taldean hiru ikasle izan ditut -Julen, Ainhoa eta Iñaki- eta oholtzan daudenean asko gozatu eta sufritu dut. Gogorra bezain gozoa da ikasleak kantatzen ikustea. Hanka-sartzea ez dela munduaren amaiera irakatsi behar zaie. Nola? Irribarre edo keinu batekin babestuz.

O. P: Orain dela bi urte sortu genuen gazteen bertso eskola zoragarri bat Lautadan, oso gazte jatorrak eta martxosoak daude. Parte sentitzen naiz, baina irakasle bezala hasi nintzen eta hori sumatzen da.

Bertsolari bezala nola sentitzen zarete? Zein momentutan?

I. M: Irriz eta irrikaz, bizi. Emakumeok, gazteok, ikasleok, langileok... asko dugu esan eta emateko. Bertsoa niretzat gozatzeko beste bide bat baino ez da, ohikoak ez ditudan egoera edo ikuspuntuetan kokatu eta pertsonalki hazteko balio dit. Bertsotan ez bada ere ariketa hori denok egin beharko genuke.

O. P: Ba ederto, egia esan. Normalki hain modu indibidualean bizi izan dut orain arte prozesua, agortu ere egiten zarela, baina talde baten parte izateak berpiztu egiten dizu zure funtzioa, zeregina eta bidea. Bide propioa aurkitzea baino, zerbaiten parte bezala. Nik behintzat nahiago dut horrela ulertu. Banakako bideak baditu helburu batzuk eta gora eta gora eta gora segitu dezakezu, baina igual ingurura begiratzea ere ondo dago. Nik baditut banakako txapelak eta gustura nago horiekin. Taldekako txapel hau desberdina da, beste balio bat dauka. Ez daukat nik, gainera! (dio irrika) Badaukagu espazio fisikoa non jarri eta Lautadako bertso eskolak dauka txapela.

Zerbait erantsi nahi duzue?

I. M: Aniztasunak egiten du Arabako bertsolaritza hain eder. Ez du nortasun bakarra, nekez aurkituko dituzue antzeko harriak botako dituzten hiru bertsolari. Kolore, estilo eta ikuspuntu ezberdinez osatutako harribitxien kaxa bat da Araba, inoiz ez duzu jakingo saio batetik zer aterako den. Sorpresa horiek egiten gaituzte berezi.

O. P: Txapelketan Araba osoko taldeek parte hartu dutela gaineratuko nuke. Orain dela 30 urte bertso eskolak sortzen hasi zirenean pentsaezina zen daukagun aberastasuna, bai lurraldearen ordezkaritzan bai jendearen adin, estilo edo izateko moduan. Lorategi aberatsa daukagu eta, batez ere, oso modu herrikoian egin dugu hazkuntza hau. Araban bertsolaritzaren bidez ez gara ari euskara zabaltzen soilik, herria eraikitzen ere ari gara, herria eta kultura. Zerbait desberdina egiten ari gara, gure bide propioa bilatuta. Desberdinak gara, zazpigarren alaba gara eta harro gaude; beraz, gure bide propioa aurkitzea oso ederra da.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo