GARA > Idatzia > Euskal Herria

Trintxerpetik Donostiara, xenofobia eta arrazakeriaren kontrako alarma jo dute

GARA | DONOSTIA

Ehunka lagunen babesean ekin zion atzo Arrazakeria eta Xenofobiaren kontrako XV. Martxak, Trintxerpetik Donostiarako ibilbideari. Donostiako Askatasunaren hiribidearen inguruan dagoen Nazioarteko Erlojutegian egunero jotzen duen alarmak ere bat egin zuen aurten arrazakeria eta xenofobiaren aurkako aldarrikapenekin.

Ibilbidean parte hartu zuten pare bat ehunka lagunek ere beren alarmak jo zituzten etorkinen aurka erabiltzen diren zurrumurruak, aurreiritziak eta estereotipoak sinbolikoki islatzeko asmoz. Ekimen honetan Usandizagako ikasleek ere parte hartu zuten, hirugarren urtez, martxa ezagutzera emateko komunikazio kanpaina jorratzen ibili direnak.

«Antizurrumurru Martxa. Etorkinen aurkako aurreiritzi eta estereotipoen kontra» lelopean, antolatzaile eta kolaboratzaileek -56 erakunderen sostengua zuen martxak- agerian jarri nahi izan zuten gizarteko arazoen erantzukizuna etorkinei leporatzeko joera duela bertako «aurreiritziz betetako populazioaren parte handi batek» eta arazo larria dela hori, bereziki krisialdi egoeran, «etorkinak krisiaren petxero bilakatuz».

Horrexegatik, eta SOS Arrazakeriako kide den Agustin Unzurrunzagak adierazi zuenez, «lan prekarioa, soldata txikiak, enpleguaren segurtasun eza, ezkutuko ekonomia, alokairua edo hipoteka ordaindu ahal izateko arazoak, eskubide eta gizarte laguntzetan eginiko murrizketak Gipuzkoan, Euskadin eta Estatuan milaka lagunek pairatzen dituzten arazoak dira, bertakoek zein etorkinek».

Hala ere, jendartean, bertakoen artean, hainbat aurreiritzi errotzen joan dira. Esaterako, eta Donostiako Bulebarrean irakurritako manifestuaren arabera, «gizartearen egoera errealaren pertzepzioa itxuraldatzen dute eta ezaugarri negatiboak leporatzen dizkie». Hala nola, etorkinak gizarteratzen ez direlako ustea zabaltzen da, nahiz eta froga praktiko orok eta errealitatearen azterketa serio batek hori horrela ez dela erakusten duten.

Unzurrunzagak azpimarratu zuenez, «immigrazioa hemen dago eta gizarteko parte» da. «Gizartearen egituraren beste zati bat da. Etorkin askok bizilekua bertan izateari esker nazionalitatea lortu dute, eta beste askok, Gipuzkoan bizi diren %70, behin betiko egoitza baimenak edo Europar Batasuneko herritar baten senide txartelak dituzte, eta beraz, gure artean daudenak eta etorkizunean etorriko direnak kontuan izanik, gizartea birpentsatu, sortu eta zuzendu beharra dago».

Norabide horretan aurreiritzi eta estereotipo «iraingarri eta ezkorrek» lekurik ez dutela gaineratu zuen SOS Arrazakeriak taldeko kideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo