GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Txirri, Mirri eta Txiribiton

Berrogei urte «Tortolika»-tik euskarazko irriak banatzen

Orain berrogei urte, hamazortzi urteren bueltan zebiltzan hiru mutil gaztek haurren aisialdiari so egin eta euskara mailan hutsune nabaria zegoela antzeman zuten. Bi aldiz pentsatu gabe, jantzi koloretsuak josi, aurpegiak margoz alaitu eta Donostiako Kresala elkarteko agertokira igo ziren. Urteurrena leku berean ospatu dute.

p057_f01.jpg

Amalur ARTOLA

Euskal Herriko pailazo ezagunenak nortzuk diren galdeginez geroz, horiek, zalantzarik gabe, Txirri, Mirri eta Txiribiton direla erantzungo du gehiengoak, eta batez ere, dagoeneko bizkar gainean hamarkada batzuk daramatzan edonork. Ukaezina da hirukoteak belaunaldi bat baino gehiago markatu duela, eta agertoki batera igo ziren lehen alditik berrogei urte igaro badira ere, oraindik «Pintto, Pintto», «Zapi zuria» edota «Paristik natorren» gisako abestiek arrakasta itzela dute etxeko txikienen artean; atzo, behintzat, inor ez zen ixilik geratu Xabier Otaegik (Txirri), Jose Inazio Piter Ansorenak (Mirri) eta Txema Vitoriak (Txiribiton) horiek abestu zituztenean. Ezta gurasoak ere, noski. Otaegik kontatu bezala, «askotan helduak haur bila aritzen dira, gu ikustera etorri ahal izateko!».

Donostiako Kresala elkarteko sotoan aurpegiak margotzen ari ziren artean, berrogei urtez atzera egin eta hasierako emanaldi hura ekarri dute gogora: «Garai hartan ez zegoen haurrentzat euskarazko aisialdirik -hasi da Ansorena- eta, hori ikusita, zerbait egin behar genuela erabaki genuen». Bi aldiz pentsatu gabe, jantziak prestatu eta Kresalak antolatutako jaialdian pailazo lanetan arituko zirela erabaki zuten. Kixki, Mixki eta Kaxkamelon ziren orduan, eta Vitoriaren partez Andoni Ezeiza zen hirukoa osatzen zuena.

Kresalatik telebistara

Lehen saio hark, nonbait, arreta erakarri eta Aieteko eskolatik deitu zieten saio bat eman zezaten. «Apurka, leku guztietatik hasi ziren guri deika -oroitu du Otaegik- eta hala eman genituen hamabi urte, telebistan hasi arte». Ordura arte, eurek egiten zuten guztia, hasi lekua alokatzetik eta garbiketa lanekin amaitu arte: «Behar genituen langileei ere geuk ordaindu behar izaten genien, 13.000 pezeta inguru inoiz... Emanaldiengatik ezer kobratzen ez genuela aintzat hartuta, dirutza itzela zen guretzat...».

Binilo, elastiko, saio eta barre ugariren ostean etorri zen, hamabi urte beranduago, telebistako lehen saioa. Eta, berarekin batera, sona eta une hunkigarri ugari. Bat hautatzea «benetan ezinezkoa» dela irizten dio hirukoteak, eta hartara, oroitzapenen zerrenda osatu dute: Ainhoa Artetarekin abestu zutenekoa, Joxe Miel Barandiaranen omenaldian parte hartu zutenekoa, Orkestra Sinfonikoarekin egindako emanaldiak... Eta horrela, «ustekabean» denbora joan, eta euren «Tortolika» hegazkin sonatuan bidaiatuz, berrogei urte bete dituzte.

«Ilusioz gainezka gaude -dio Otaegik-, pailazo batek jaso dezakeen opari politena haurren irribarrea delako, eta hori izan dugu urte guzti hauetan». Eta baita atzokoan ere: hasierako garai haietan bezala, formatu txikia hautatu eta agertokia, pianoa eta oinarrizko soinu efektuak besterik ez zituzten behar izan saioari ekiteko.

Bostak hamar gutxiagotan, ateak zabaltzeaz batera bete zen emanaldiari giro intimo eta gertukoa ematen zion Kresala elkarteko areto xumea. Aurrealdean haurrak -batzuk lauretatik zeuden elkarteko atean zain-, lurrean eserita, eta atzealdean gurasoak, aulkietan zein zutik. Txiki izateak ba omen ditu bere bertuteak, eta hala, ia ehun haurrek lortu zuten aretora sartzea. Galdetuz gero, gehienek Mirri maite dutela zioten, «bihurria» eta «zirikatzailea» delako. Txirri dute gustuko beste batzuek, «txintxoa» izateagatik. Eta bada Txiribiton «onena» dela esan zuenik ere, «klaxona duelako».

Piano hotsa hasteaz batera, Iban Garatek eta Ixiar Orejak aurkeztu zituzten gurean aurkezpenik behar ez duten pailazoak, eta ostean, askorentzat «bizitza guztiko abestiak» direnak eskaini zituzten: «Sagarra mantzana», «Pintto, Pintto» -ez zen izan hau abestu ez zuenik-, «Altza Felipe», «Zapi zuria»... Abestiz abesti, azken hilabeteotan garatu duten bideo lehiaketako emanaldiak ere eskaini zituzten, eta lehenengo saio hartan bezala, txokolate beroa dastatuz amaitu zuten urteurren festa.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo