«Salbuespenezko espetxe-neurriak» kentzeko eskatu dio Ugarteburuk PPri
Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko ordezkariak «aitzakiak uzteko» eta preso politikoei ezartzen dizkieten «salbuespenezko neurriak» bertan behera uzteko eskatu zion Madrilgo Gobernuari. Adierazpenak Urbinan egin zituen, Blanki Anteparari eginiko omenaldian.
GARA | URBINA
Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko ordezkariak «aitzakiak uzteko» eta «ohiko espetxe-araudia» betearaz dezatela eskatu zien atzo Mariano Rajoyren Gobernuari eta Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteari. Adierazpenok Urbinan egin zituen atzo, Blanki Anteparari eskainitako omenaldian. Bertatik, preso politikoekin eta beren familiekin «errusiar erruletan gehiago ez jolasteko» esan zion Madrilgo Exekutiboari, eta aplikatzen dituen «salbuespenezko neurriak» bertan behera uztera dei egin zion, euskal gizartearen gehiengoaren nahiari erantzunez.
Ugartebururen esanetan, ezker abertzaleak ez du Euskal Preso Politikoen Kolektiboa bakarrik utziko, eta Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzeak lehenengo urratsa izan behar duela esan zuen.
Ezker abertzaleko ordezkariak euskal presoen eskubideen aldeko borrokan erreferentea izan den Antepararen omenezko ekitaldian parte hartu zuen. Pasa den urtarrilean zendu zen emakume borrokalariaren hautsak Albertia mendian zabaldu zituzten, «oroitzapenez betetako inguru batean», Morlansen Guardia Zibilarekin izandako tiroketa batean hil zen Iñaki Ormaetxearen hautsak haizatu ziren toki berean, eta haren omenez landatutako haritzaren ondoan.
«Blankik ondo irabazitako baztertxoa du Albertian. Borrokan jausi ziren gudari guztiekin biziko da», nabarmendu zuten. Ama-semeak batzeko, haritzaren lurra hartu eta Blankiren errautsekin nahastuta zuhaitzaren inguruan zabaldu zuten.
Kartzelatik eta beste hainbat tokitatik heldutako mezuak irakurri eta zintzilikatu zituzten. «Izan zinenagatik gara, garenagatik izango dira! Gazteok ez dugu inoiz Urbinako plaza entregatuko» zioen mezu horietako batek, Euskal Herriko gazte independentisten izenean.
Albertiako ekitaldiaren ostean, jendez gainezka zegoen Urbinako plazan omenaldia eskaini zioten «preso guztien ama, haien senide guztien haurridea» izan zenari.
Dantzariek, bertsolariek eta txalapartariek parte hartu zuten, eta Jose Antonio Madariagak hartu zuen hitza, besteak beste. Senideei, tartean Josu Ormaetxea preso ohiari, lore eskaintza egin zioten eta bazkaria izan zen Legution.
Herriko sarreran, Guardia Zibilak kontrolak jarri zituela jakinarazi zuten parte-hartzaileek.
«Beti Josuren ondoan, Espainiako bazterrik urrunenean zein itsasoaz beste aldean. Preso guztiekin beti», esanez goraipatu zuten presoen eskubideen aldeko borrokan erreferente izan den Blanki Antepara.