GARA > Idatzia > Kultura

Haizea BARCENILLA Arte komisarioa

Greba

Greba egitea konplexua da arte kritikari eta artistentzat. Egia da soldatapeko langileek ez bezala, ez dugula aurpegi txarrik edo hitz bortitzik esaten digun nagusirik jasan behar izaten, eta presioa eginez lanera joango diren lankiderik ere ez ondoan. Guztiz kontrakoa: gehienetan bakarrik eta geuretzat egiten dugu lan, eta orokorrean, geure buruak esplotatzen ditugu.

Orduak pasatzen ditugu gaizki edo ezer ez ordaindutako proiektuak prestatzen, aurrera aterako ote diren jakin gabe, bidezkoak ikusten ditugun hitzarmen kolektibo eta gutxieneko soldatak ahaztuz. Artistek edo kritikariok greba egiten dugunean, lan guztia aurreko eta ondoko egunetara mugitzen dugu, berriz ere behar baino gehiago lan eginez, greba egunean eskuak jaistearen keinu sinbolikoa egiteko. Eta inor ez da konturatzen, geure lanak momentu zehatz murritz batzuetan baitu izaera publikoa (hitz hauetan, esaterako).

Hala ere, bihar greba egingo dut: ez dut ezer ekoitziko, ez ezer erosiko. Ez dut garraio publikorik hartuko, ezta kaferik ere, eta nire jarrera sinbolikoa izanagatik, aurreko eta ondoko egunotan egingo baitut ostegunari zegokiona, beharrezkoa dela uste dut.

Beharrezkoa, gaur egun jada kulturan dihardugunok ez dugulako geure lanaren balorazio profesional nahikoa jasotzen, eta lan erreformarekin inoiz langile bezala izan genezakeen aukera bakarra kentzen digutelako; beharrezkoa, batez ere, erreforma hau azken urteetan aurrera doan mentalitate neoliberal sutsuaren adierazle argia delako. Eta orain gelditzen ez badugu, ez delako geldituko.

Beraz, inork nabarituko ez badu ere, bihar greba egingo dut.