BERRIA | Ivan Santamaria 2012/3/30
Orokorra, oso
Mezua ongi ulertu dute euskal langileek: lan erreformak bide arriskutsua ireki du, eta kolokan jarri ditu urte luzez borrokatu diren eskubide eta lorpenak. (...)
Oraingoan, orokorra izan da, oso. Ziur asko ez da alor sozioekonomikoan antzeko herri mobilizaziorik izan 1999 urteko maiatzaren 21etik. Orduan 35 orduko lan astearen aldeko ofentsiban ari ziren sindikatu guztiak. Lanuzte eraikitzailea izan zen hura, gizarte lorpen baten akuilu izateko asmoarekin egindakoa. Tamalez, azken urteotan bata bestearen atzetik erortzen diren erreforma eta murrizketei nola edo hala kontra egitea baino ez zaie geratu sindikatuei.
Greba indartu du sindikatu guztiek egun berean deitu izanak. Horri buruz ere zalantza gutxi egon daitezke. Gehiengo sindikala gai da mobilizazio indartsu eta esanguratsuak egiteko. (...)
Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak zioen norbaitek atzoko «lezioa ikasi» beharko duela langileen mobilizazioak antolatzen direnerako, sindikatu abertzaleei kargu hartzeko asmoz-edo. Baina atzoko irudiak ez du ezer aldatu, ez du inolako zerikusirik batasun sindikalarekin. Sindikalgintzak bitan banatuta jarraitzen du, eta, gaur gaurkoz, lanuzte bat bere kasa ateratzeko gai dela frogatu duen bakarra gehiengo sindikala da. Ikusi bestela CCOOren eta UGTren 2010eko irailaren 29ko grebak Hego Euskal Herrian izan zuen erantzuna.
Bide batez, sindikalgintza propio, antolatu eta aldarrikatzailea izateari esker izan zuen grebak beste inon baino arrakasta gehiago Hego Euskal Herrian. Lezioak ikasi behar badira, hori ere aintzat hartu beharko dute EAEko eta Nafarroako CCOOk eta UGTk, Madrildik etorriko diren hurrengo erronkei aurre egin beharko zaienean.
Euskal ikuspuntu batetik, azken erreformek gabezi politiko itzelak utzi dituzte agerian. Orain dela 33 urte Gernikako Estatutua negoziatu eta martxan jarri zenean lan harremanak umezurtz geratu ziren. Teorian behintzat, gaitasun eta burujabetza fiskal zabalak eta botere ekonomiko esanguratsua ematen die Araba, Bizkai eta Gipuzkoari Kontzertuak, eta Nafarroari itun ekonomikoak. Aldiz, lan harremanetan garrantzi funtsezkoa duten giltza guztiak Madrilen esku geratu ziren, eta hala jarraitzen du izaten.
Arma bakarra izan du euskal sindikalgintzak legez aitortu ez zaiona borrokatzeko: negoziazio kolektiboa. Raxoiren azken kolpeak larri utzi duen tresna.