Alkate eta zinegotziek Udalbiltza birsortzeko hazia erein dute Irunen
Euskal Herrian ireki den agertoki berria aintzat hartuz, eta udaletatik abiatuz, euskal nazioaren eraikuntza eta egituratzearen aldeko urratsak egitea ezinbestekotzat jotzen dutelako, sei herrialdeetako alkate eta zinegotziek Udalbiltza proiektuari jarraipena emateko konpromisoa hartu zuten atzo, Irunen. Abertzaleen Batasuna, NaBai, Aralar, EA, Alternatiba eta independenteen eskutik heldu ziren dokumentuari egindako lehen atxikimenduak.
Oihane LARRETXEA |
Hamahiru urte luze igaro dira 1999ko irailaren 18an Bilbon Euskal Herriko pentsamolde eta alderdi desberdinetako ia 2.000 hautetsik Udalbiltza sortu zutenetik, eta urtebete, Auzitegi Nazionalak «Udalbiltza auzian» auzipetu zituenak absolbitzea erabaki zuenetik. Erabaki hark, zortzi urteko «amesgaiztoari» amaiera jarri zion, auzipetuek orduan adierazi zutenez.
Atzo, hazi berbera erein eta honek fruitu berriak emateko asmoz, Udalbiltza birsortzeko konpromisoa adierazi zuten 26 alkatek eta zinegotzik Irunen, Ficoban egindako agerraldian. Hala, dagoeneko abian jarria den proiektuak lehen atxikimenduak jaso zituen atzo, Abertzaleen Batasuna, NaBai, Aralar, EA, Alternatiba eta independenteen eskutik.
Euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz irakurri zuten testua Altsasuko zinegotzi Asun Fernandez de Garaialdek, Zuberoako Liginagako alkate Ruben Gomesek eta Gernikako alkate Jose Maria Gorroñok, hurrenez hurren. Ordezkaritza, ordea, oso zabala izan zen, horien alboan baitzeuden Zuberoatik etorritako Izurako eta Donamartiriko ordezkariak; Lapurditik, Senpere eta Donibane Lohizunetik bertaratu ziren; Nafarroatik, berriz, Lesaka, Altsasu, Arantza, Atarrabia, Irurtzun eta Leitzatik; Gipuzkoatik, Donostia, Ordizia, Aretxabaleta, Bergara, Elgoibar, Irun eta Zumaiatik; Gernika, Getxo, Mungia eta Gamiz Fika Bizkaitik; eta azkenik, Gasteiz, Arabatik.
Atxikimendua emateko epea
Hastapenetako proiektu hark irudikatu zituen helburuei eusteko arrazoietako bat Euskal Herrian ireki den egoera politikoa da; izan ere, agertoki horretan apustu hau egitea «inoiz baino beharrezkoagoa» delakoan daude. «Udaletatik abiatuz, euskal nazioaren eraikuntza eta egituratzearen aldeko urratsak egitea ezinbestekoa dela ikusten dugu; gure etorkizuna euskal herritar gisa bizi nahi dugulako. Eta bide horretan egin behar du ekarpena Udalbiltzak», adierazi zuten.
Eurak herritarrek aukeratu zituztela gogorarazi zuten halaber, eta «zilegitasun» hori baliatuta, Euskal Herriko udal hautetsi eta udalerrien biltzarra berrantolatzeko bidean, konpromisoak hartzeko dei zabala egin zuten.
Beraz, lehen sinadurak atzo jaso ziren arren, ekimenari babesa emateko epea irekita gelditu da. Hemendik aurrera, eta ziur asko udara bitartean zabalik egongo den deialdian; hala, nahi duen udal orok beste hainbeste egiteko aukera izango du horiekin guztiekin pixkanaka berreraikuntzaranzko norabidea hartzeko.
Amaitzeko, hurrengo igan- dean euskal herritarren nazio eguna ospatzeko deia zabaldu zuten udaletako ordezkariek, deituta dauden ekitaldietan parte hartzera animatuz. Bide batez, balkoi eta leihoetan ikurrina jartzeko eskakizuna egin zioten jendarteari.
Lehen sinadurekin dokumentuari babesa agertzeko epea zabaldu zuten atzo. Testua udalerrietara igorriko dute orain, eta ziur asko udara bitartean atxikimenduak bilduko dituzte. Horren ondoren, proiektuak zehazteke dauden urratsak egingo ditu.
Aurrenekoz sortu zenean Udalbiltzak bost ardatz zituela gogorarazi zuten eta, atzo, bost zutoin horiek zutik mantentzeko asmoa dutela berretsi zuten.
Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzea da lehena, eta marko horretan, egituraketa politikoaren eraikuntzan laguntzea, sei lurraldeak uztartuz, hori da bigarrena. Hirugarrena, nazio eraikuntza bultzatzea, prozesu dinamiko eta demokratiko gisa ulertuta.
Laugarren zutoinak udalerrien arteko harremanak eraiki nahi ditu, hizkuntza edota kultura aintzat hartuz, eta bosgarrenak, berriz, Euskal Herria nazio berezkoa eta desberdindua dela adieraztea du xede. O.L.