GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Doktrinarik doktrina

Nahasmena da nagusi gaurko berben hiztegian. Edozein ele erabiltzen da edozer azaltzeko. Hiztegi gizajoa! Apalategian azala baino ez, hitz-ontzi hutsa. Hortaz, zabor gehiago dago ontzi horretan zakarrontzi askotan baino. Askatasuna, bakea, ponentzia, justizia... demokrazia, bai zera! non da horien grazia? Botagura ematen du gaurko hiztegi transgenikoak. Horra, urtetan kalerik kale, hormaz horma, amnistia eskatzen, eta noiz eta gutxien espero genuenean, hara! Amnistia agindu du beheko gobernu zentralak! Iruzurretan ibili direnentzako amnistia agindu ere, diru beltza kostu gutxiko aire-konpainien prezioan zuritu dezaten. Zerga-iruzur edo iruzur fiskaletan jardundakoentzat agindu ere. Lehendik ere zigorgabetuak zituzten paradisu fiskalak, orain iruzurgile fiskalak... hola segituz gero, Ministerio Fiskala bera ere laudatuko dute laster! Akabua! Hamaika ikusteko gara gero! Ene, ama! Doktrina berritua dute hau. Eta paradisua paradisu, eta iruzurgilea iruzurgile, Aita Santua Kuban, Aste Santuaren bezperan.

Globalizazioa nolakoa den! Gogoan daukat orain ez asko Gabonek niretzat zuten aparteko zirrara. Ez, ez naiz ari jaiotzaz eta Gabon-kantez, bai zera! gobernuen aurrekontuez ari naiz, huraxe baitzen aurkezteko garaia, Gabonak. Orain, ostera, Aste Santuak hartu du Gabonen segida, klima ekonomikoaren aldaketaz edo. Hortaz, aurrekontuak baino atzekontuak dira han behean aurkeztu berriak, atzeratuta datozelako eta kristo guztiak, apostoluak barne, jakin bazekitelako kontuen nondik norakoa. Total, bada, hori. Habemus kontuak. Aurreko kontua izan dena greba da, orokorra izateaz gain, orokortua ere izan dena. Bestelako bideak halabeharrez eskatzen duen geltoki bat, ia toki guztiak geldituta. Batzuetan jarduera gelditzea mugimendu seinalea baita.

Eta bada beti, lumaren bestaldean, istilu batzuen zuhaitzek itsututa, protestaren baso zabala estimatzeko gai ez dena. Edukiontziaren aurrean ontziari baino ez diote begiratzen, edukiaren kalterako. Hiztegi kontua berriro ere, azala eta mamia. Behatzaz ibaiari seinalatuta zubia besterik ez lukete ikusiko horiek. Hortaz, egun horretan pilotak ez zeuden frontoiko hormetan, ez zeuden ez dakit noren teilatuan, ez, egun horretan pilota ofizialak manifestari batzuen begietan zeuden, indarraren arrazoiaz-edo, berez zuria zena belzten. Amnistia pilotari horientzat ere, begirunez belzten dute eta, beltzak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo