GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | BARDOAK 2012 FINALA

Zapiak lepoan, bertsolari bardo guztiak garaile nafarroan

Festa giroan ospatu zen atzo Leitzan lehenengo Nafarroako taldekako bertso txapelketa. Rimak Exkaxko lesakarrak nagusitu ziren, Etxarriko Bilixkorriko eta Oronoz-Malerrekako Erauntsirekin osatutako saioan. Ez zen galtzailerik izan, guztiak Bardoen zapia lepoan, ospatu baitzuten bertsoaren eta euskararen jaia.

p008_f01_210x136.jpg

Ane ARRUTI

Orain arteko finalen antz gutxi izan zuen atzo Leitzan izandako Bardoak 2012 txapelketaren azken jaiak. 500 bertsozale inguruk bete zuten pilotalekua eta dantza, txaloak, algarak eta musika ez ziren falta izan bertsolariekin batera. Antolatzaileek azpimarratu bezala, auzolanean egindako txapelketa izan da aurtengoa eta hori agerian gelditu zen atzo. Izan ere, ehun partehartzailetik gora izan ditu lehenengo edizio honek, horietatik 51 bertsolariak izan dira, hamazazpi taldetan banatuta. Finalean ere presente egon ziren denak, epaile lanetan gainerako hamalau taldetako ordezkari bana aritu baitzen eta publikoko hainbatek ere izan zuen bere puntuak emateko aukera. Aurkezle lanetan ere, hiru talde finalistetako kide bana aritu ziren. Jaia bai, baina azkenean irabazle bat aukeratu egin behar, eta Rimak Exkako lesakarrek eraman zuten txapela, lepoko zapiarekin batera.

Hasiera-hasieratik nagusitu zen jai giroa, bai entzule artean, baita taula gainean ere. Txapelketatan ohikoak ez diren agurrak ekarri zituzten prestatuta hiru taldeek, maraka, koloretako atorrak, sonbreroak eta pelukak tarteko. Susto ederra emanez hasi ziren Rimak Exkako lesakarrak. Kantuan hasi eta berehala isilik gelditu zen Eneko Fernandez, eta ezin zuela jarraitu esanaz taulatik jaitsi. Estitxu eta Iñigok, ordea, bisera eta txupak jantzi eta «Sarri Sarri»ren bertsioa eginez, dantzan jarri zuten pilotalekua «Kakalarri, kakalarri» kantatuz. Grease, «Volver» tangoa eta «Para bailar la bamba» ere ahotan izan zituzten umore ederrean.

Etxarriko Bilixkorriko taldeak berriz, hizki zurizko kamiseta beltzak soinean zituztela, aldarrikapenez jositako agurra abestu zuen Anje Duhalderen «Amnistiaren dema» doinuan: «Gaixo daudenak eta gaixo ez daudenak, etxean eta aske nahi ditugu denak» kantatu zuten eta kamisetekin «Amnistia» hitza osatuz bukatu zuten. Erauntsi taldeak euri erauntsia ekarri zuen, «Raining man» kantu ezaguna dantzatuz lehenengo eta marakekin «ea iristen zareten bertso erauntsiarekin bustitzera» proposatuz.

Behin agurrak bukatuta, ariketa ezberdinei ekin zieten. Estitxu Fernandez eta Joseba Beltza zortziko handian aritu ziren, hainbeste alditan Madrilera bisitan joan eta gero, oraingo honetan asteburu-pasan. «Goazen etxera bueltatu nahi dut ez dut inongo dudarik/ eta berriro etorko gara bera kalean delarik», esan zion Estitxuk. Beltzak erantzun, «Prado, Cibeles eta besteak nahiz eta egon ikusten/ nere begiek edertasunaz gozatzen ez diate uzten».

Zortziko txikian aritu ziren ondoren, Eneko Lazkoz eta Amaia Elizagoien. Petrikilo batengana bidali zuen Amaiak Eneko, eta hau lehen baino okerrago atera zen handik. Zigarroa utzi nahian zebilela aitortu zuen etxarriarrak, «atetik sartu nintzen zuzen-zuzenean/ ta hark zigarroa piztu sartu nintzenean». Lagunaren erantzuna: «Beti triste zaude ta zu kexuka beti/ ea Lucky batekin jartzen zaren lucky».

Iñigo Olaetxea eta Iker Gorosterrazu seiko motzean tokatu ziren, eta objektu banari kantatu behar izan zioten taldeko ordezkari banak gero. Lehenengoa, uztarria, Eneko Fernandezek ezagutzen ez zuena eta erosteko asmorik ere ez duena. Bigarrena, hozkailu eramangarria, Alain Iriarte deklaratu zitzaiona: «Zenbat irrifar eta algara guk sartzen ditugun bertan/ anai bat bezela bihurtzen da bertsotako finaletan». Hirugarrenari, 300 kiloko harriari, Alaznek kantatu zion, «Ta harria altxakot nere bertsoa nik kantatu eta bela/ Euskal Herrian jakin dezaten oso gogorrak garela», baita altxatu ere!

Habanera ezberdina

Bigarren blokeari puntu erantzunarekin ekin zioten bertsolariek. Ederki moldatu zen Gorosterrazu. «Hiru taldetan zuek zarete gazteenak», izan zuen bigarrena: «Finalean jarrita guk itxaropenak/ alde batera utzi horregatik penak/ gazteak dira eta sarritan onenak».

Hurrengo ariketa, Bardoen aurreko saioetan egin bezala, ezberdina eta berritzailea izan zen txapelketa baterako. Kantuan hasteko gaia eta oin bat eman zitzaien bertsolariei eta, kantatu ahala, puntuaren erdian ematen zitzaien hurrengo punturako oina. Eneko Fernandez tabernariari hamar bat aldiz eskatu zioten kantu bera. «Lanean hainbertze ordu hori haserrea nuena/ aurpegi txarra jartzea nahiz eta ez den zuzena/ ez diodala jarriko hor bukatu behar da dena/ euren radiokasetea ekartzea dute onena», bukatu zuen. Joseba Beltzak, berriz, ama zoriontzea ahaztu zuen bere urtebetetzean eta Amaia Elizagoien magoari haur batek trukua harrapatu zion.

Bakarkako lanean jarraitu zuten ondoren ere, gaia emanda bina bertso egin behar izan zituzten. Honakoa izan zen Eneko Lazkozen gaia: inoiz ez zara izan zure sentimenduak azaleratze zalea, baina gaur konturatu gabe azaleratu dituzu. «Ta orain mila arrazoi ditut nik maitasunaren alde/ jende guztia begira dugu dirudigu bi nerabe/ nik esan diot emaidan muxu/ ta aurrerantzean zuk nahi baduzu/ biok elkarrekin gaude/ batere lotsarik gabe», bukatu zuen bigarrena.

Banaka egin beharreko beste ariketa bat hitz bati kantatzea izan zen. Iñigo Olaetxeari «pekatua» tokatu zitzaion. «Bertsolaritzak akatsetan du arazoa kokatua/ amak goizean ongi kantatu halaxe dit eskatua/ beteko al dut goizean egin dugun halako tratua/ poto egitea dut txapelketak parte-hartzaileon pekatua/ baina ederki joana zaigu orain arte kantatua».

Iparragirre doinuan binaka ofizio ederra osatu zuten Eneko Lazkoz eta Amaia Elizagoienek. Telebistako «Mihiluze» programara joanak ziren biak eta potokumetako errima guztiak erratu zituen Amaiak. «Lehen errima txarra/ bigarrena kaxkarra/ ta hirugarrena ustela/ berriro ez duzu hain harro esango bertsolaria zarela», bota zion Enekok. «Puntu soilikan hamar/ egin nahi nuke negar/ baina entzuidazu joe/ aurrekoetan etzara aitu zu Eneko askoz hobe», esan zion Amaiak.

Bukatzeko, baserriko lanen ezagutza erakutsi zuten kopletan Estitxuk eta Alaznek. Gurasoak oporretara joanak, baserriko azienda eta baratzaren kargu utzi baitzituzten bi ahizpak. «gurasoak joan dira egun ihesi/ opor onen beharra haiek merezi/ nik mariak landatu zuk behiak jetzi», esan zion gazteenak. «Gure ahizpa gazteak badu kemena/ baina egin beharko duzu zuk orain dena/ zerbaitetarako naiz ahizpa zaharrena», erantzuna.

Lanak bukatuta, omenaldi hunkigarria eskaini zioten Manuel Lasarte bertsolari zendu berriari. Herriko lau gaztetxok bertsoa eskaini zioten eta ondoren pilotaleku osoak kantatu zituen bere hainbat bertso sorta eskusoinuaren laguntzaz.

Sariak banatuta, jaiak triki-poteoarekin jarraitu zuen Leitzako kaleetan barrena, eta herri-afari ederrarekin eman zioten bukaera egun biribilari.

Talde finalistak

rimak exkaxkoEneko FERNANDEZEstitxu FERNANDEZIñigo OLAETXEA

BILIXKORRIKoAlain IRIARTEEneko LAZKOZJoseba BELTZA

ERAUNTSiAlazne UNTXALOAmaia ELIZAGOIENIker GOROSTERRAZU

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo