GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak | Binakako Txapelketa

Ibarrolak eta Harizmendik finalerdietan aritzeko txartela segurtatuta utzi dute

p051_f02.jpg

Jon LEUNDA

Bukatu da A multzoko ligaxka, eta ez da ezusterik izan. Ibarrolak eta Harizmendik finalerdiak jokatzeko txartela eskuratu dute, multzoko onenak izan baitira, jokatutako partida guztiak irabazita. Lanbertek eta Kurutxarik eta Waltarik eta Bonebeltxek final-laurdenak jokatuko dituzte. Agirrek eta Ezkurrak amaitu dute Txapelketa.

Lehen partidan Waltarik eta Bonebeltxek 40 eta 34 irabazi zieten Agirreri eta Lazkanori 64 minutuan pilotan aritu ostean, eta horrekin final-laurdenetarako txartela segurtatu zuten. Hala ere, Kubakoa ez dagoela ongi ikusi zen. Atzo ere freskotasuna falta izan zitzaion, eta amaieran irabazi baldin bazuten ere, aurten finalean izatea oso zaila izango duela ikusi zen, bai behintzat oraingo jokatzeko erarekin jarraitzen baldin badu. Neurketa goi mailakoa ez izan arren, oso orekatua izan zen.

Bigarrengoan markagailuan alde handia egon baldin bazen ere, lehenengoan baino askoz ere maila hobea izan zen. 74 minutuan pilotan aritu ostean, Ibarrolak eta Harizmendik 40 eta 26 irabazi zieten Lanberti eta Kurutxariri. Gakoa galtzaileek galdu zituzten pilotak izan ziren, gehiegi galdu baitzituzten, eta amaieran garaipenetik oso urruti geratu ziren.

Gaur, Azkainen amaituko da B multzoko ligaxka. 16.00etan hasiko da jaialdia, eta lehen partidan Alfaro eta Etxeto Larretxearen eta Jeannotsen aurka neurtuko dira. Hauek beren lanak amaitutakoan, Biellek eta Ozafrainek Etxeberriren eta Lanberten aurka neurtu beharko dituzte indarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo