KRONIKA | Manifestazioa baionan
Euskaraz bizitzeko grinaren oihua ozen zabaldu du 6. Deiadarrak
Belaunaldi guztietako jendea baina, batez ere, guraso, gazte eta haur andanak, argi eta garbi utzi zuten atzo, Baionako karriketan, euskaraz bizitzeko eskubidea ez ezik, borondatea ere badutela. ofizialtasuna eta lege babesa exijitzeko Kontseiluaren eta Euskal Konfederazioaren Deiadar mobilizazioa orain artean egin den jendetsuena izan zen.
Arantxa Manterola
Ibilbide luzea eta eguraldi epela kontuan izanik, merezimendu handiz aritu ziren, ia ordu eta erdiz, Deiadar mobilizazioaren buruan joan ziren joaldunak. Meritua ere, jakina, bertan parte hartu zuten 7.000 lagunena eta horien artean, beren ikastoletako pankarta koloretsuei helduta martxa osoa gogotsu egin zuten haur eta gaztetxoena.
Euskalgintzako eragileen multzoa zen lehena. «Gure hizkuntzak, eskubide bat, lege bat» aldarri eginez, pankarta handia eskuetan, Seaskako, AEKko, Euskaltzaindiko zenbait ordezkari ikus zitezkeen.
Atzetik, hautetsienak «Hautetsiek ere ofizialtasunaren alde» zioen. Bertan, estu-estu, joera politiko askotariko auzapez, kontseilari nagusi eta Akitaniako kontseilariak, inoiz euskararen defentsan ikusi ez den aniztasun politikoa islatzen. Multzo horretan zihoazen ere Gipuzkoa ko Diputazioko Euskara zuzendaria, Aralar, EA, AB, PNB, Europe Ecologie-Berdeak, NPA, MoDemeko PCFko kideak eta legegintzako hauteskundeetarako EHBaiko hautagai guztiak. Ondotik, sindikatuetako (LAB, CFDT, Solidaires...) eta Ipar Euskal Herriko gizarte-mugimenduetako partaide ezagunak horien atzean.
Baxoa euskaraz egin ahal izateko eskakizuna adoretsu zeramaten kolegio eta lizeoko ikasleek aparteko multzoan eta Hiru Saretakoek (Seaska, Biga Bai, Euskal Haziak) «Elgarrekin euskararentzat» leloa ondo baino hobeto irudikatzen zuten.
Abesti eta batukadaren danbor hotsez lagunduriko taldeak ere baziren tartean, esaterako, maskarada egiten ari bailiran jantzitako hogei bat gazte edota, elastiko berdea soinean, Bizi!ko kideek osatutakoak, errebindikazioa giro alegeran emanez.
Pasarte xelebrerik ere izan zen, manifestazioa San Andres plazara iristerakoan, poliziaz jantzita ezkondu aurreko agur-festa ospatzen ari zen ezkongaia benetako poliziaren ondoan bidea irekitzen hasi zenekoa, kasu.
Eskakizun seriosak
Xaho gunera itzulita, gauzak seriosago jarri ziren amaierako hitzartzeari dagokion bezala. Bi bertsolari gazteren bertsoen ostean, Pantxika Maitiak (EK) eta Paul Bilbaok (Kontseilua) eskerrak eman zizkieten bildutakoei emandako sostenguagatik.
Azken urteetan egin diren urrats txikiak -2008an hizkuntzak ondaretzat aitortzea Konstituzioan zein diputatu eta senatari batzuen saiakerak lege bat proposatzeko- gorabehera, «egun euskara bezalako hizkuntzek Estatu frantsesean oraindik ezagupen ofizialik ez» dutela nabarmendu zuten «eta hori, beste edozein hizkuntza komunitatek bezalaxe, euskaldunok ere hizkuntza eskubideak izan baditugula jakin arren».
Alta, eskubide horiek errespetatze aldera, «lege babesa nahitaezkoa» dela baieztatu zuten: «Lege babes horrek euskaldunok pairatzen ditugun diskriminazioen bukaera ekarri behar du», esan zuten bereizkeria horren hainbat lekuko aipatuz: Seaskako lizeoko ikasleek ikasketak osoki euskaraz egin ostean, baxoa azterketa frantsesez egin beharra edota, berrikitan, euskal hedabide batzuk euskaraz egiteagatik diru laguntza banaketan jasandako diskriminazioa.
Atzoko Deiadarrean Parisi egin aldarrikapenekin batera (ofizialtasuna, Hizkuntza Gutxituen Euroagiria berrestea, legea), botere publikoen erantzukizuna aipatzea ere ez zuten ahaztu eta «bakoitzak bere egituretan zer nolako neurriak har ditzakeen hausnartzera dei egin zuten.
EK eta Kontseiluko bozeramaileak amaieran egindako gomendioa ez da, zinez, hutsean geratuko atzo bildu zirenen aldetik bederen, argi utzi baitzuten euskararen geroa ziurtatzeko ahaleginean, ez atzo ez bihar, ez direla lokartuko.
1989-5-27
Lehen Deiadarra egin zen Baionan, Pizkundeak, AEK-k eta Seaskak deiturik. 3.000 manifestari bildu zituen «Euskaldunen kultur eskubideen alde» lemapean egindako mobilizazioak.
1992-5-30
EHE eta Euskal Irratiak gehitu ziren bigarren Deiadarrera. «Zuzenbidea euskaldunentzat!» izan zen Baionako karriketan 2.000 manifestari bildu zituen ibilaldiaren leloa.
1998-4-4
Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragileek eta euskaltzaleek beren haserrea erakutsi zuten, hirugarrengoz. Euskal Konfederazioak deituta, euskararen ofizialtasuna eta Garapen Kontseiluak finkatu neurriak gauzatzeko, «Bete hitza, euskarari lege geriza» aldarrikatu zuten 3.000 lagunek Baionan.
2000-6-10
Laugarren Deiadarrak 1.500 manifestari bildu zituen Lapurdiko hiriburuan, eguraldiak lagundu ez zuen arren. Ofizialtasuna eta hizkuntz politika seriosa eskatu zen «Euskararen geroa orain trenkatzen da» lelopean.
2009-10-24
EK eta Kontseiluak, ofizialtasuna eta hizkuntz politika ausarta garatzeko «Euskarari lege geriza» egin eskaerari 5.000 lagun atxiki zitzaion Baionan egindako bosgarren Deiadarrean.
2012-3-31
Deiadar VI . «Gure hizkuntzak, eskubide bat, lege bat» aldarrikatuz 7.000 manifestarik ofizialtasuna, babes juridikoa eta eskubideen errespetua eskatu dute.