GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Fira Crespo | Historialaria

Txilek eredu neoliberalari aurpegi eman nahi dio

Baina Txilek nahikoa egin du, aspertu da. Zaila da sua noiz piztu zen esatea. Badaramatza urte batzuk ondoezak eta nahikoa dela esateko gogoak goritzen Txilek argi eta garbi dio ez dela egia oinarrizko zerbitzuen pribatizazioak estatuaren zorrak gutxitzen dituela eta konpetentziak zerbitzuak hobearazten dituela

Pinochetek estatu-kolpea jo eta diktadura ezarri zuelarik, Txile lurralde ideala bihurtu zen teorialari iparramerikarrek haizatzen zuten neoliberalismo basatia ezartzeko. Naomi Kleinek «Shock-aren doktrina» liburuan ederki asko azaltzen duenez, zentzu honetan, Txilen emandako eredua paradigmatikoa da. Egin beharreko lanak burutu ondoren, makineria martxan eta erakunde publikoak deseginda, ezinezkoa gertatuko da gero demokrazia berrezartzea. Hala, demokrazia garaiko gobernuek, nahiz eta sozialdemokraziaren barnean kokatu, ez dute jarauntsitako eredu honetan funtsezko aldaketarik egingo. Gaur-gaurkoz, baten batek esan lezake zenbaki hotzek arrazoia ematen dietela ekonomialari neoliberalei. Langabezia tasa %8koa da eta bizi-mailak, eskuarki, gorantz egin du (kalkuluen arabera, 5.000 dolarreko per capita errenta izatetik, 10.000 dolarrekoa izatera iritsi omen dira 2011n). Baina hurbilagotik begiratuta, datuok bestelako taxu bat hartzen dute.

Lan prekarioak dira jenderik gehienaren bizibidea, gutxieneko soldataz ordaintzen direnak (300 bat euro hilean). Hori dela-eta, pertsona asko eta asko lan bat baino gehiago izatera dago behartuta. Oinarrizko zerbitzuak pribatizaturik daude, eta horregatik, adibidez, seme-alabaren bat unibertsitatera bidali edo osasun zerbitzu duinak izan nahi dituen familiak zorpetu beste erreme- diorik ez du. Dirudunen eta txiroen arteko aldea ikaragarria da; 17 milioi biztanle soilik izanik, munduko ehun aberatsenen arteko hiru txiletarrak dira. Honela dio Rodrigo Marquez, Garapenerako Nazio Batuen Programako ikerlariak: «Berdintasunik ezaren eragina ere kalkulatuko balitz, Txileren adierazleak balioaren %19a galduko luke eta nazioarteko sailkapenean hamar postu galduko lituzke. Kasu honetan, berdintasun gabezia hau, diru sarreretan ez ezik hezkuntza eta osasun arloko lorpenetan ere neurtzen da». Desberdintasunak, gainera, ez dira pertsonen artekoak bakarrik; Txile Hego Amerikako estatu zentralistenetako bat da eta ematen du zenbait eskualde Santiagoren bihitegi edo atzeko patio gisa funtzionatzeko baino ez daudela.

Baina Txilek nahikoa egin du, aspertu da. Zaila da sua noiz piztu zen esatea. Bistan da halako iritzi egoera ez dela egun batetik bestera sortzen, beharrezkoa dela inertzia bat. Badaramatza urte batzuk ondoezak eta nahikoa dela esateko gogoak goritzen. Ez gara hemen 2011ko eztandaren oinarri eta arrazoiak analizatzen hasiko. Kontua da 2011n ikasleak kalera atera zirela. Gauzak errotik aldatzeko bokazioa duen mugimendu bat ikasleen protesta batekin hasi dela entzuten dugun lehen aldia ez da hau, eta ez da azkena izango ere. Protesta gogoa zabaldu egin da, sendotu eta itxaropengarriena zera da, gizartearen gehiengoak babestu egin duela. Hasieran kalitatezko hezkuntza publikoa aldarrikatzen zuten, baina bultzadak aurrerago jotzeko eskatzen ziela ohartu ziren. Protestek joan den urte osoa iraun zuten eta orain, ikasturtearen hasierarekin, eutsi eta jarraitzeko moduak ari dira pentsatu eta prestatzen.

Ikasleekin biziberrituriko giroak indarra eman die beste aktore sozial batzuei ere. Gutxietsiriko eskualdeek ahotsa goratu dute eta orain Txileko mutur batetik besteraino ari dira mobilizatzen. Iparraldeko meategi eskualdeetan (Tarapacan, Antofagastan eta Atacaman) eskatzen dutena zeharo zentzuzkoa da, kobrearen ustiaketak ematen dituen etekinen zati bat besterik ez bada ere eskualdearen ongizatean inbertitzea. Baina fokua Aisenen dago, hegoaldeko lurralde batean, Patagonia aldean. Badira hilabete batzuk gizarte mugimenduek eskualdea gelditu dutena. Otsail honetan argitaratu zuten komunikatua, «Tu problema es mi problema» izenburuarekin. Eskaera ugari besarkatzen dituzten mobilizazioak dira (hezkuntza, osasuna, erregaien prezioa, lansariak, erreferendum lotesleak deitzeko aukera eta abar), baina horrek ez dio indarrik kentzen, alderantziz baizik, herritar guztien inplikazioa lortu baita. Gobernuak eskaerak onartu ditu, legitimo iritzi die eta negoziatzera eseri da. Era berean, ordea, polizia alerta egoeran ere jarri du eta diktadura garaitik datorren Estatuko Segurtasun legeaz baliatuz, abisu emateko bezala, 22 lagun auzipetu ditu, besteren artean, etxekoandreak, arrantzaleak, maputxeren bat eta abar. Denei ere barrikadak antolatu eta ekintza bandalikoak bultzatzea egotzi diete. Nolanahi ere, badirudi herritarren artean antolatu diren asanbladek oraindik ere funtzionatzen jarraitzen dutela eta lurralde, bide eta errepideen gaineko kontrolari eusten diotela. Ikusteko dago noiz arte. Polizia militarizatua kale eta auzoetan da.

Txile irakiten dago, hala ikasleek nola Aisengo kamioilariek, denek, jo puntuan dutena ez dira koiuntura huts bateko eskaerak, baizik eta eredu neoliberala bera, osotasunean, eta honek dakartzan ondorio politikoak. Ikasleen ordezkari batek Txileko telebistan emandako elkarrizketa batean zioen bezala, mundu guztia ohartzen da oso une garrantzitsua dela hau, diktadura garaian ezarritako oinarriak zalantzan ari direlako jartzen, lehen aldiz.

Munduko gure bazterretik begira, sentsazioa da gaur egun Europa zaharrean ezarri nahian dabiltzan eredu neoliberal horreta- tik datorren itzulerako bidea ikusten ari garela. Txilek nahikoa duela esan du eta argi eta garbi dio ezetz, ez dela egia oinarrizko zerbitzuen pribatizazioak estatuaren zorrak gutxitzen dituela eta konpetentziak zerbitzuak hobearazten dituela, baizik eta handitzen duen bakarra familien zorpetzea eta desberdintasunen tamaina dela; eta, ezetz, ez dela egia erabaki guneak 400 kilometro baino gehiagora daudenean eraginkortasuna handiagoa dela, baizik eta handitzen den bakarra bidegabekeria eta arbitrariotasuna direla. Txile ereduari aurpegi ematen ari zaio, eta gu?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo