GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Berri latzena

Nork kontatuko du Luxianok bizitzan zehar kontinentetik kontinentera jasandako erbesteratzea? Nork zabalduko du memoria hori?

Euskararen ofizialtasunaren aldeko manifestaldia prestatzen ari ginen. Urtero lege geriza eskatzen baitugu, Pariseko gobernu desberdinek gure aldarrikapena entzun izan ohi dute, erantzunik ematen ez badute ere.

Ipar Euskal Herriko euskaltzale gehienek gogoa horretan jarrita zutelarik, manifestaldi erraldoia izanen zen esperantzarekin, Paris bestelako urratsak egiten aritu da.

Hasteko, beste behin, Ibai Peñaren atxiloketa agindu dute. Derrigorrez preso nahi dute. Horrelako tematzea ezin ulertuzkoa da, hau ezin da justizia izan !

Horren ondotik, Bordelen, hiru gazte atxilotu dituzte, kartzelako mehatxupean utzi, oihu batzuk botatzeagatik. Kontuan hartuz lehen aldia zela atxilotzen zituztela, delituak ez du larria ematen, hori delitua baldin bada, kezkatzen hasten ahal gara, manifestatzeko eskubidea laster zalantzan jartzeko aukera pentsatzen hasiko direla pentsa baitaiteke. Edozein protesta kriminalizatzen ari dira, neurriak gogortzen, hau baita gaurko gobernuaren logika, errepresioa baizik ez baitu bere proposamenetan. Baina, aldaketarik ba al liteke gobernu sozialista balitz? Inkognita handia da! Larunbateko manifestaldian, sozialistek aurpegia erakutsi dute eta Hizkuntza Gutxituen Europako Karta sinatuko dutela agindu digute. Haatik sinesten ahal diegu? Frantses politikariak oso urrun ikusten dira halako urrats baten egiteko. Egia da legearen eskakizunak oihartzun handiagoa izan duela aldi honetan, frantses estatuko toki desberdinetatik eskatua izan baita, Okzitaniatik, Kataluniatik, hizkuntza gutxituen alde lanean ari direnak elkartu baitziren. Oraindik, frantses politikariak frantses hizkuntzari, parean, eskubide berdinekin, beste hizkuntza baten jartzeko hozbera dira. Ez du kentzen hauteskunde kanpainan beste irudi bat erakutsi nahi dutela, eta bai Melanchonen lagunak, hain jakobinoak direlarik, bai Hollanden aldekoak hor ziren. Aldiz, hainbeste hizkuntza defenditzen duen Brisson jauna ez dugu ikusi. Ulertu dugu UMPren aldetik lege geriza ez dela alderdiaren aktualitatean sartzen. Bederen ulertzen dugu Sarkozy pasatzen bada, sos pizar batzuk emanen dituela bai, besterik ez.

Aste honetako gaia lege gerizaren aldeko manifa izan behar zen. Manifa ederra izan baita, pozik gara. Haatik, horrez gain, aipatutako beste gertakariei aurre egin behar izan zaie, eta horrela egin. Hain biztanle gutxirentzat erasoak etengabeak dira, araberako dinamika eskatuz.

Baina, kanpotik etorri zaigu berri latzena. Luxianoren heriotza. Luxiano ezagutzeko aukera izan nuen. Oraindik gaztea zen militantearen bizi zatitxo baten ezagutzeko ohorea izan dut. Bizitza aparta, euskaldunei frantses estatuak inposatutako bizitza harrigarria. Nork kontatuko du Luxianok bizitzan zehar kontinentetik kontinentera jasandako erbesteratzea? Nork zabalduko du memoria hori? Ezin dut onartu frantses estatuak hartutako erabaki horiek ez dutela zigorrik jasanen, euskal militanteekin egindakoak ez du izenik! Oraindik asko daude munduan zehar, herrira itzuli behar direnak, gure laguntza behar dutenak itzultzeko. Bizirik itzultzen ikusi nahi ditugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo