GARA > Idatzia > Mundua

Suu Kyi Nobel saridunak eserleku bat eskuratu du Myanmarko Parlamentuan

p022_f01_148x108.jpg

GARA |

Azken bi hamarkadetan lehenengo aldiz, oposizioak esku hartzeko aukera izan duen hauteskundeak egin ziren atzo Myanmarren. Hogei urte etxean giltzapetuta eman ostean, Aung San Suu Kyi Nobel saridunak eserleku bat eskuratu du, bere alderdiak emandako datuen arabera.

NLD Demokraziarako Liga Nazionala oposizioko alderdiko burua da Suu Kyi Nobel saridun ezaguna. Eskainitako informazioaren arabera, erabateko garaipena lortu du, aurkeztu den Kawhmu herriko eserlekurako, 129 bozkalekuetatik 112tan irabazi ostean.

Soe Min medikua zen Batasuneko Elkartasunaren eta Garapenaren Alderdiko -egungo Gobernuaren babesa duen taldea- hautagaia Kawhmu barrutian. Bakerako eta Batasunerako Alderdikoa, berriz, U Thin Gi. Horiek baino sostengu handiagoa lortu du Nobel saridunak.

«Aung San Suu Kyik irabazi du», esan zien kazetariei Thein Oo NLD alderdiko kideak. Bera arduratu zen Kawhmu barrutitik zetozen datuak jaso eta sailkatzeaz. Oso pozik zebilen, Yangon garai batean hiriburu izan zen hiritik gertu dagoen nekazaritza eremu pobretu horretako informazioa bere gustukoa baitzen. «Hemen, NLD alderdiaren egoitza honetan, pozik zoratzen dago jendea», erantsi zuen.

Sei milioi birmaniarrek izan zuten atzo botoa emateko aukera. Parlamentu osoa berritu ez bazen ere, hauteskunde horiek ikaragarri garrantzitsuak izan dira herrialde horretan demokraziaren aldeko borrokan ari direnentzat, Suu Kyik zuzentzen duen oposizio taldeari babesa adierazteko lehen aukera izan delako.

Arratsaldeko lauretan itxi zituzten bozkaleku gehienak -oso urruti dauden barrutietan beranduago itxi zituzten-, Euskal Herrian goizeko 11.30ak zirela, baina atzoko bozketen behin betiko emaitzak jakiteko egun batzuk itxaron beharko dira, Hauteskunde Batzordeak jakinarazi duenez.

Myanmarko 45 barrutietan egin zituzten atzo hauteskundeak, Parlamentuko 37 diputatu, Senatuko beste sei parlamentari eta eskualde batzarretako bi aukeratzeko. Eserleku horiek libre geratu ziren aurreko hauteskundeetan lortu zituztenek Gobernuko posturen bat eskuratu ondoren.

Giro berezia

Kawhmun oso giro berezia izan zen hauteskunde egunean. Bertaratu ziren kazetariek nabarmendu zuten herritarrak ere urduri ibili zirela, Nobel saridunak bertara erakarri baitzituen kazetariak. Boto-emaileak etenik gabe hurbildu ziren bozkalekuetara. Botoa eman ondoren, batek baino gehiagok bere poza adierazten zuen, Suu Kyiri babesa emateko aukera izan zutela-eta. «Nire hiru lagunek eta nik Damari -Aung San Suu Kyiri- eman diogu botoa», esan zuen Ya Win Unibertsitateko 22 urteko ikasleak. Yangonetik joan zen larunbatean Kawhmura botoa inongo arazorik gabe eman ahal izateko. «Hemen Aung San Suu Kyik irabaziko du, ez dago inolako zalantzarik -zioen Aung Tin NLDko kideak-. Botoen %80 lortuko dituelakoan nago».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo