GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

esKalada artifiziala | Hirugarrena

Katalanen neguko trilogiak amaiera gogorra izan du

David Font, Jordi Servosa eta David Palmada «Pelut»-ek «Vitrall impenetrable» bidea (A4+) 16 ordu eta 52 minutuan eskalatu dute. Aurreko errenkotean bezala, hotzari egin behar izan zioten aurre.

p050_f01_250x124.jpg

p050_f02_93x140.jpg

Andoni ARABAOLAZA

David Font, Jordi Servosa eta David Palmada Peluti bat falta zitzaien eta dagoeneko zirkulua itxi dute. ASC (arti-speed-climbing) ekimenari buruz ari gatzaizkizue. Hots, hiru katalanek neguan zehar hiru bide artifizial gogorrak ziztu bizian igotzeko xedea. Hirurak ala hirurak, gainera, Kataluniako hormatzarretan. Gogora dezagun «Mirall impenetrable» (Montserrat) lehena izan zela, bigarrena «Incontinencia de Inconsistencia» (Montrebei) eta hirugarrena eta azkena «Vitrall inviolable» (Paret del Ferrus).

Eta, aurreko kroniketan bezala, oraingoan ere Pelut izan da berriemaile berezia. Soilik egun bat falta zen neguari agur esateko, eta martxoaren 19an hain justu hirukote katalanak azken erronkari ekin zion. Berriemaileak adierazi digu azken helburu hori ez dela batere erraza izan: «Alde batetik, Pauren heriotzagatik minduta nengoen; baina, beste behin, nire alboan izan diren David eta Jordik asko lagundu didate. Eta, bestetik, benetako eguraldi makurra izan dugu: hotza, elurra...».

«Vitrall inviolable» bidea Jaume Clotet Pacak zabaldu zuen, eta soilik errepikapen bakarra du; Ester Ollek eta Pelutek berak 3 egunetan egindakoa. Oraingoan, berriz, hirukoteak 16 ordu eta 52 minutu behar izan ditu.

Hotz galanta

D eguna iritsi zen eta denbora galdu gabe lanean hasi ziren: «Goizeko bederatzietan hasi ginen. Berez, marra hori 1.800 metroko garaieran dago, 6 luze ditu, baina, hori bai, paretak erori handia du. Lehen luzea Davidek egin zuen, eta nik bigarrena; luzea eta A4+ gradukoa. Ez nengoen batere eroso, baina azkenean bukatzea lortu nuen. Elurra ari zuen. Laugarren luzean gauak harrapatu gintuen, eta hotza izugarri areagotu zen».

Hotza aipatu dugunez, Fontek eta Pelutek ez bezala, Servosak lumazko jaka eta hotzari aurre egiteko galtzak paretaren sarreran utzi zituen. Komeriak izan zituen: «Eguraldi eguzkitsuarekin hasi ginen, baina iragarpenak ez ziren onak. Azkenean, elurra eta hotza egin zigun. Jordik asko sufritu behar izan zuen; une batean, petatearen barruan sartu zen! Guk, berriz, atzamarrak izoztuta genituen. Gogorra izan zen oso».

Azken luzeak gau beltzean egin zituzten, baina, 16 ordu eta 52 minutuko eskaladaren ostean, helburua amaituta zuten. Neguko trilogia poltsikoan zuten. Montserraten eginiko lehen urratsak Paret del Ferrusen izan zuen amaiera: «Trilogia osoa gure kide Pau Escaleri eskaini nahi diogu. Bide batez, hiru bide hauetan alboan izan ditudan David eta Jordi lagunei, nire esker onak, besteak beste, hain eskarmentu aberasgarria zein intentsoa elkarrekin bizi izan dugulako».

trilogia

Servosa, Font eta Palmadak ASC izeneko erronka izan dute helburu, eta joan den martxoaren 19an lortu zuten hori burutzea

Paret del Ferrus

Azken bidea «Vitrall inviolable» (A4+) izan da. Erori handia duen paretan sei luze eskalatu zituzten 16 ordu eta 52 minutuan

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo