GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

alpinismoa | Sariak

Urrezko Pioleta, gazteak eta beteranoak elkarri eskutik helduta

20. ekitaldian bi jarduera izan dira protagonista: esloveniar gazteek K7n sinatutakoa eta estatubatuar beteranoek Saser Kangri II-n egindakoa. Ibilbidearen saria Robert Paragotentzat izan da.

p051_f01_148x192.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Frantzian antolatzen den Urrezko Pioleta sariak, Asiakoak eta Errusiakoak ez bezala, nazioarteko izaera du. Eta, jakina, horrek balio erantsia ematen dio. Jarduera alpinistiko onenei ematen zaien aitortza entzutetsu horrek 20 urte bete ditu. Azken ekitaldia martxoaren 21etik 24ra egin zen, ohi den legez, Courmayeur eta Chamonixen.

Egitarau zabala izaten du, baina Urrezko Pioletak banatzen diren ekitaldia izarra izaten da. Sei hautagai izan dira, eta azkenean, Michael Kennedyk zuzendutako epaimahaiak bi Urrezko Piolet banatu ditu. Kennedyk argi asko utzi zuen ekimen horren funtsa ez dela lehia bultzatzea, baizik eta alpinisten arteko bilkura izatea: «Zailtasun eta abenturazko alpinismoaz hitz egiten da, eta helburuetariko bat egungo zein etorkizuneko belaunaldiei eragitea da».

Eta belaunaldiak aipatu ditugunez, aipatu behar dugu aurtengo Urrezko Pioletaren eramaileen artean gai honi buruzko «bitxikeria» egon dela. Izan ere, bi jarduera aitortu dituzte, eta protagonista izan direnen artean adin kontuak oso nabarmenak izan dira.

Gogora dezagun, 88 jardueretatik epaimahaiak soilik 6 hautatu zituela. Horiei guztiei buruz orriotan luze eta zabal hitz egin dugu. Sei hautagaiek Urrezko Pioleta ekimenaren espiritua jasotzen zuten: esplorazioa, urruneko mendiak, bide zailak, marra berriak, estilo arina, konpromisoa... Eta, aipatu dugunez, azkenean bi izan dira sari preziatu hori eraman dutenak.

K7 eta Saser Kangri II

Lehen saria Nejc Marcic eta Luka Strazar esloveniarrek jaso dute K7ren ipar-mendebaldeko aurpegian eginiko jarduerarengatik. Charakusako bailaran (Karakorum) 1.600 metroko bide berria zabaldu zuten: «Dreamers of the golden caves» (AI5, M5, A2). Lehen espedizioa zuten bi gazte horiek; Strazarrek 23 urte bakarrik! Esplorazioa, estilo minimalista, konpromiso handia... hori guztia baloratu dute.

Bigarren Urrezko Pioleta Mark Richey, Steve Swenson eta Freddie Wilkinsonentzat izan da, Saser Kangri II-n sinatutakoarengatik. Hirukote beteranoa, batez ere Swenson, 54 urte baititu. Mendiaren hego-mendebaldeko paretan marra berria sortu zuten. Gogoratu behar da Saser Kangri II igo gabe zegoen munduko bigarren mendi garaiena zela. Esplorazio alpinistiko klasikoa eta estilo arin zein alpinoa mendi garai batean, horixe izan da azpimarratu dutena.

Hirugarren Urrezko Piolet bat banatu zen; ibilbide alpinistikoari ematen zaiona, hain zuzen. Walter Bonatti saria da hori, eta aurtengo ekitaldian Robert Paragot alpinista historikoa izan da protagonista.

Beste jarduera batek ere, nahiz eta sari entzutetsu hori jaso ez, aipamen berezia jaso du. Bjorn-Eivind Aartun eta Ole Lied norvegiarrek Torre Eggerren sinatutakoa dugu. Erpinaren hego aurpegian «Venas azules» bidea (6b+, A1, AI6) zabaldu zuten. Eskalada honi buruz, epaimahaiak dio maila tekniko handia eta imajinazio ikaragarria behar dela izotzezko marra hori zabaldu ahal izateko.

aitortzak

K7 eta Saser Kangri II mendietan iaz egin ziren jarduerek Urrezko Piolet bana eraman dute. Bestalde, Robert Paragotek ibilbide alpinistikoaren aitortza jaso du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo