GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

SARIKETA | Olatu handiak

XXL izendapenetarako hautatu dute Axi Muniain

Agitin hartutako irudiei esker lortu du hautagaien artean egotea.

p054_f02.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Billabong XXL sarietarako izendapenak ospe handikoak dira; izan ere, izendatuak izan diren surflariek sekulako balentria egin izana balioesten dute. Izendatua izateak surflari batentzat balio handia du, urte horretan munduan izan diren itsaski handienetako batean surf egiten izan dela aitortzen baitio.

Behin izendatua izanda, beste fase bat gainditu behar da, ordea. Sari desberdinak daude eta epaileek bildutako irudiak sailkatu eta horien artean batzuk hautatzen dituzte lehen itzulian. Bigarren itzulian, berriz, kategoria bakoitzean finalean zeintzuk izango diren erabakitzen dute.

Finalerako hautagaiak normalean Los Angelesen egiten den ekitaldira gonbidatuak izaten dira eta ekitaldian bertan ematen dituzte aditzera irabazleen izenak.

XXL izendapenetarako lehen hautagai europarrak Ibon Amatriain hernaniarra eta Mikel Agote oriotarra izan ziren, 2006. urtean. Tow-in kategorian lortu zuten izendapena, Planeixan hartu zuten olatu erraldoi bati esker. 2007an berriro jaso zuen hautagaitza bikote gipuzkoarrak, orduko horretan, Igeldo inguruan dagoen Agitiko olatu arriskutsuan lortu zituzten irudi ikusgarriei esker, eta aurten, bertan hartutako irudiei esker lortu du Muniainek izendatua izatea.

2009an hautagai euskaldun asko izan zen. Aritza Saratxaga sopelarra (Isla Panchako olatu bat), Oier Illarramendi (Izuztarriko olatuan), Ibon Amatriain eta Mikel Agote izan ziren izendatuak, baina ez zuten finalerako hautatuak izatea lortu.

Urte berean Axier Muniain izan zen emaitza onenak lortu zituen euskalduna. Lehen fasea gainditu eta bi modalitateetan (tow-in eta arraun eginda hartutako olatua) finalera iristea lortu zuen. Modu honetan gainera, bi kategoria desberdinetan finalera iristen zen lehen lehiakidea izan zen. Bi olatu haiek Belharran hartu zituen, Hendaia eta Ziburu artean dagoen urautsian.

Aurtengoan olatu handienaren izendapena lortu du Muniainek. Lau izan dira kategoria horretan izendatuak. Bi Irlandan, bat Australian, bestea Portugalen eta azkenik Axierren olatua, Euskal Herrian, Igeldoko hegian.

Irlandan, Mullagmoreko olatu erraldoiak hartzeagatik izendatu dituztenak Andrew Cotton eta Ollie O'Flaherty izan dira. Australian, Cow Bombie eskuin olatu erraldoia hartzeagatik izendatua Damien Warr izan da. Portugalgo Nazare olatua hartzeagatik izendatua, berriz, Garret Mc Namara izan da.

Beraz, Muniain aipatu beste izendatuekin lehiatuko da hautapenetan. Epaimahaiak izendatuen irudiak esku artean, iazko olaturik handiena nork hartu duen erabaki beharko du, eta esan bezala, Los Angelesen urtero egiten den ekitaldi batean esango dute irabazlearen izena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo