itsasoa
Michael Peterson: surflari australiarra agurtu gabe joan da
Michael Peterson, 70eko hamarkadan izan zen surflari berritzaile eta lehiakide bikaina, Burleight Headsen, bere etxean, aurkitu zuten hilda martxoaren 29an.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Michael Peterson, 70eko hamarkadan izan zen surflari handienetakoa, bihotzekoak jota hil da. Martxoaren 29an, bihotzekoa izan ostean bere etxean zendu zen Peterson, Australiako Burleight Headsen. 59 urterekin joan da surf modernoaren historian eragin handia izan zuen surflari australiarra.
Munduko surflari ezagunena izan zen momentu batean, Australia ordezkatzen zuen, txapelketa andana irabazten zuen eta bere aberrikideak kontent ziren australiar surfa ordezkatzen zuen morroi argal eta lotsati harekin. Baina Petersonek ez zuen ospea maite, ihes egiten zuen, heroina maite zuen eta arazo mental larriak izan zituen azken 30 urteetan.
Michael Peterson ia bat-batean desagertu zen surf mundutik eta luzaz ez zen haren berririk izan. Agertzen ziren berriak droga edo arazoekin lotuak ziren. Petersonen azken berria ere tamalgarria izan da; adio esan gabe joan da.
Bere izena baino, bere inizialak egin ziren ezagun 70eko hamarkadaren hasieran. MP munduko surflari onena izan zen hiru urtez jarraian.
Aste honetan bertan Bells Beacheko txapelketa egiten ari dira Australian, WCT zirkuituko bigarren txapelketa, hain zuzen ere. Txapelketa hori bera hiru bider irabazi zuen Petersonek, 1973, 1974 eta 1975ean.
Peterson Queenslanden hazi zen eta Kirrako eskuin olatuko lehen irudietan bera agertzen zen surfean. Bere anaia Tomekin batera, surflari onaren fama hartu zuen oso gazte zela eta lehiaketan parte hartzen hasi zenean Australian parekorik ez zeukala frogatu zuen.
1970ean «Morning of the Earth» surfari buruzko filmean Kirran hartutako irudiak agertzen ziren. Australiako ekialdean uda garaian izaten diren zikloiekin olatu bikainak sortzen dira Queenslandeko kostaldean. Peterson, aurpegiz eta abiada bizian zihoala, bat-batean olatuaren erdialdean bira zorrotzak egiten agertzen zen. Surf egiteko modu hark nortasuna irudikatzen zuen.
60ko hamarkada amaieran taula txikiarekin sortu zen surf egiteko modu berriaren eta 80ko hamarkada hasieran egiten zen surfaren arteko zubi gisa aurkeztu izan dute surf aldizkariek. 1976an bigarren postua lortu zuen munduko lehen itzulian. 1977an, berriz, berak irabazi zuen mundu mailako lehen tour ofiziala, hain zuzen, zendu den leku berean, Burleight Headsen.
Petersonek sekulako fama hartu zuen, baina ezin zuen jasan hain ezaguna izatea. Sarri pasadizo bitxiak sorrarazi zituen Petersonen izaera lotsatiak. 1975ean, Bells Beacheko txapelketa irabazi zuenean, sastraka artean ezkutatu zen ikusleek ikus ez zezaten, eta beraren ordez Ian Cairns laguna igo zen oholtzara saria jasotzera.
Ordurako Peterson heroinazalea zen eta pixkaka surf mundutik desagertu zen. Hawaiin bizi izan zen bolada batez, baina gero Australiara itzuli zen. 1983an eskizofrenia diagnostikatu zioten, auto istripu bat izan eta poliziarekin istiluak izan ostean.
2000. urtean bere izenean surf txapelketa bat antolatu zuten. Hamabost urte baino gehiago zeramatzan Petersonek surf egin gabe eta ikusmina sortu zuen. Ekimena buruko gaixotasunak dituztenei laguntzen dien elkarte batentzat dirua biltzeko antolatu zen, baina lortutako diruaren zati handi bat berarentzat hartu zuen.
2004an Petersonen bizitzaren nondik norakoak kontatzen zituen liburu bat argitaratu zuen Sean Dohertyk, «MP: The Life of Michael Peterson». Bertan drogamenpekotasunarekin eta arazo psikikoekin izan zuen borroka etengabea azaltzen du idazleak.
2009an, berriz, «Searching For Michael Peterson» dokumentala argitara atera zen. Petersonen garaiko testuingurua ahalik eta modu fidelenean aurkezten ahalegindu ziren, horretarako surflari garaikideen testigantzak ardatz hartuta.
Sarri, Peterson eta Tom Curren alderatu izan dira. Badira bien arteko zenbait antzekotasun. Biak oso lehiakorrak ziren, txapelketarako sen berezia zeukaten, baina oso lotsatiak ziren biak, jarraitzaileen zama jasangaitza zen haientzat.
Bestalde, bai Curren bai Peterson euren herrialdeetako ikur bilakatu ziren. Peterson ezagun egin zenean, australiar ikono bilakatu zen; surflari australiarren espiritua garden ordezkatzen zuen.
Tom Curren, ostera, australiarren eta amerikarren arteko norgehiagoka bere puntu gorenean zenean azaldu zen agertokian. Currenek txapelketa bat irabazten zuen bakoitzean, amerikar guztiek irabazi zutela zirudien.
Peterson txapelketek kritika gogorrak jasotzen zituzten garai batean hasi zen lehian. Lehiatzeko kultura oraindik errotu gabe zegoen, horregatik, egungo ikuspegitik begiratuta, haren elkarrizketak irakurriz gero, ez dira harrigarriak, baina bere garaian sekulako oihartzuna izan zuten.
1974ean Coca Cola Surfabout izeneko munduko txapelketa bat irabazi ostean eginiko elkarrizketa batean honela zioen: «Irabazlea izateko egin behar duzun gauza bakarra zera da, besteek zer egiten duten ikusi ostean, apur bat hobeto egiteko gai zarela sinistu». Hitzok erakusten duten jarrera lehiakor hori ezohikoa zen garai hartan.
«Backdoor» aldizkarian egin zioten elkarrizketa batean bere arazoen inguruan ere mintzatu zen: «Ez dakit ziur hainbeste arazo zergatik ditudan. Nire izateko modua da. Mundu guztia bezalakoa izaten saiatzen naiz, baina zinez zaila da. Ezin dut komunikabideentzat jendartean agertu... Gela ilun batean, bakarrik dagoen eta bakarrik biziraun behar duen ermitau bat bezala bizitzera kondenatua nago». Surfean behintzat, desberdina zela askotan frogatu zuen.