GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko lehiaketa

Dorronsoro eta Resano hurrengo saioan izango dira

Gipuzkoarra eta nafarra izan ziren atzo Gueñesen jokatu zen lehen kanporaketan aritu ziren hamar aizkolarietatik bi onenak, eta aurrera egiteko txartela lortu ahal izan zuten biek.

p046_f01.jpg

Jon LEUNDA

Dorronsorok eta Resanok lortu zuten Urrezko Aizkorako bigarren kanporaketan aritzeko txartela, haiek izan baitziren lehen jardunaldiko bi aizkolaririk onenak. Hasiera batean hamaika ziren aritzekoak lanean, baina Goñi ez zen agertu, eta amaieran hamar lehiatu ziren.

Hiru multzotan jarri zituzten aizkolariak, eta bigarren fasera estreinako lehen bi kirolariak sailkatu ziren. Lehen multzoan, Dorronsoro izan zen onena Lekueren eta Garciaren aurretik. Bigarren multzoan, berriz, Resano gailendu zen Erdoziaren eta Kortxeroren aitzinetik. Azkenik, hirugarren multzoan lau aizkolari neurtu ziren, eta hor bi izan ziren kanpoan geratu zirenak. Multzo honetan Beltza izan zen onena, bigarren Urteaga, bi hauek lortu zuten finalerdietan izateko txartela, eta kanpoan, berriz, Oregi eta Intxausti geratu ziren.

Ondoren finalerdiak jokatu behar izan ziren. Dorronsorok Beltzaren aurka neurtu zituen indarrak, eta Zeraingo aizkolariak garaipena lortu zuen. Resanok, berriz, Erdoziaren aurka neurtu zituen indarrak, eta honek ere garaipena lortu zuen, eta biak izango dira hurrengo kanporaketan. Atzokoan lanak oso laburrak izan ziren, enbor bat moztera, amaieran 60 ontzakoarekin neurtzeko. Gueñesen jokatu zen lehen neurketa hau, eta zaleek erantzun oso ona eman zuten.

Urrutia

Josetxo Urrutiak irabazi zuen atzo Etxaurin jokatu zen Etxauri Harria Txapelketa. Leitzarrak ezustea eman zuen, askoren ustez Izeta III.a eta Izeta IV.a zirelako garaipena eskuratzeko bi faboritoak, baina Urrutia izan zen lehiaketako onena.

136,5 kiloko harri berezia erabili zuen harri-jasotzaile bakoitzak, eta kirolariek bosna minutuko txandak izan zituzten lanean aritzeko. Harria bera baldarra da, zail samarra, eta hori lanean aritu ziren harri-jasotzaileek nabaritu zuten.

Amaieran Urrutia izan zen onena, guztira bederatzi jasoaldi emanda. Bere atzetik sailkatu zen Izeta III.a. Aiarrak zazpi aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainean. Bi ustel ere egin zituen Izetak. Bera zen askorentzat faboritoa, baina dezente kostatu zitzaion harri honekin asmatzea, eta amaieran bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Hirugarren postuan Izeta IV.a sailkatu zen. Honek ere ez zuen harri baldar honekin gehiegi asmatu, eta amaieran hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Telleria II.ak ere ez zuen harri honekin gehiegi asmatu. Bi jasoaldi besterik ez zizkion eman, eta berarengandik gehiago ere espero zuten zaleek.

Txapelketa honetako marka Izeta II.ak dauka. Aiarra atzo ere aritzekoa zen, baina ebakuntza egin berria du, eta oraingoz geldirik egon beharko du, nahiz eta osatzen denean berriro ere plazetan ikusiko dugun. Aiarra hamabost jasoaldi emanda dago harri honi, eta orain arte beste inork ezin izan dizkio gehiago eman. Harri-jasotzaileek esku garbiekin aritu beharra daukate lanean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo